Athletic Club - Slovan Bratislava
Jardunaldia 5

Athletic Club - Slovan Bratislava

Athletic Club
Athletic Club
21
Slovan Bratislava
Slovan Bratislava
  • 15' De Marcos
  • 75' Susaeta
  • Sebo 39'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Lehenak erresistentzia gainditu ondoren

Athletic Clubek 2 Slovan Bratislavak 1Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Bratislavako Slovani, joaneko partidaren emaitza…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Slovan Bratislavak 1


Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Bratislavako Slovani, joaneko partidaren emaitza errepikatuz eta baita markagailuaren nondik norakoak, hau da, aurreratu egin da, eslovakiarrek berdindu dute eta bigarren golari esker garaipena erdietsi du. De Marcosek eta Susaetak egin dituzte gure taldearen golak eta Sebok bisitariena.

Emaitza honi esker Athletic Clubek multzoko sailkapena lehen postuan amaituko du, sailkatuta zegoen jada, eta hurrengo fasean, final hamaseirenetan hain zuzen ere, datorren urteko otsailaren 16an eta 23an jokatuko dena, bigarren partida San Mamesen jokatuko du oraingo multzoko bigarren sailkatu baten aurka edo, baliteke, Champions Leaguetik kanporatua geratuko den multzoko hirugarren lau txarrenetariko batekin.

Arerioa edozein izanda ere, eta abenduaren 14an Parisen edozein emaitza lortuta ere, lehoiek lehen fasea bikain bat burutuko dute helburuak soberan betez. Bestelakoa izango da Ligan domekan Palman topatuko dutena, gurean lau denboraldiz egon berri
den Caparrosek zuzentzen duen Mallorcak ez baitu inongo erraztasunik eskainiko.

Gaurkoari begira, Athleticek, PSG-k ez bezala, etxerako lanak bete ditu, eta frantziar hiriburuan lasaiago egongo da, batez ere etxekoekin alderatuz. Dena den, lasaitasuna lortu behar zen eta biderik eraginkorrena garaipena zenez gero, gureak hasieratik buru belarri tematu dira, dakitenei eutsiz. Lehen minutuetan espero zena eta pasa den igandean bertan ikusi genuena etorri zaigu burura, hau da, bisitaria atzean sartuta, 1-5-4-1 batekin ipinita ea Athletic nekatu edo zoratuko zen.

Ukitu eta ukitu, baina abagunerik gabe 11garren minutura arte, Llorentek ezkerrez kanpora jaurti duenean. Kapitain bezala hasieratik estreinatzen zenak belaunean ondoeza sentitu du partida hasi baino lehen, baina minutuak aurrera joan ahala gusturago sentitu da zelaian, atsedenaldian entrenatzaileak aldagelan uztea erabaki duen arte.

Abagune hori izan da lehena, baina denbora gutxian zurigorriek azeleragailua zapaldu dute. Susaeta ez da gutxigatik heldu edo atezaina azkarrago ibili da eta hamabosgarrenean Athletic Clubek zailena egin du, markagailuan aurrea hartzea. Teoriak behintzat horrela zioen. Susaetaren erdiraketa atzelari batek motzean urrundu du eta atzetik zetorren De Marcosek ezkerrez zetorkion moduan jo du eta baloia atezainaren hankartetik sartu du bat eta zerokoa egiteko.

Athletic ez geldirik geratu eta erabateko nagusitasunari eutsi dio, Guederi txartel horia behin eta berriz barkatzen zioten bitartean, tematurik baitzegoen baloia eskuarekin mozten. Aldi berean Salzburgek bat eta zerokoa ere egin du, multzoko lehena izateari ateak gehiago irekiz.

Kontrako arean Iraizozek arriskualdia moztu du 22. minutuan, Muniainek penaltia eskatu du 24. minutuan, ez zen, eta 26garrenean Llorentek ezkerrez berriro altuegi errematatu du eta hortik gutxira elastikotik heldu egin dioten, epaileak jokoz kanpo seinalatu duen arren.

Bagayokok lehen txartel horia ikusi du 30. minutuan eta atsedenaldira arte, Slovanek min egin du, inertziaz bada ere, gure taldearen ahuldadea edo erosotasuna profitatuz. Ez dute gehiegirik estutu, baina aldageletara joan dira berdinketarekin eta aterantz geuk baino jaurtiketa gehiago eginez. Hasteko Halenar-ek izugarrizko zartakoa bidali du langaren aurka 34. minutuan eta 38garrenean Sebok baloi luze bat kontrolatu du, Iraizozen irteera gainditu ere eta erresistentziarik gabe banakoa ezarri du. Halenarek hurrengo txartel horia ikusi du eta falta horren ondorioz Iñigo Perezek kanpora jaurti du. Dena den aktiboagoa egon dena Slovan izan da, Milinkovicek bitan ezkerrez kanpora jaurti baitu.

Atsedenaldia eta zapore mingotsa. Athletic Club nagusi zen, baina azken metroetan presaren presaz zebilen eta hori ez zen bidea. Berriari ekiteko aldaketa bi egin du Bielsak, marrazkia aldatu barik, Toquero Llorenteren ordez zelairatu da eta Iraola Iñigo Perezen ordez. Iraola eskuin hegalean kokatu da, Iturraspe euskarrian eta De Marcos aurreratuago.
Bigarren zatian zurigorriak lasaiago zelairatu dira. Herrera ez da gutxigatik heldu 46garrenean, Toquerok ezin izan du 50garrenean Susaetaren banako jokaldia aprobetxatu, Javi Martinezek buruz langa gainetik errematatu du eta Toquerok boleaz kanpora. Halaz ere, bazirudien Slovan apur bat irekiago, ausartago agian?, zebilela. Bien bitartean zaleak, jokalarien ahalegina eskertzeko edo garaipenaren balioaz jabetu direlako, partidan ere sartu dira, nola gainera, hego haizeari kantuz eta animoz aurre eginez.

Eta pixkaka Slovanek amore eman du. Ez zen golik iristen, baina erresistentzia gero eta atzerago kokatzen zuten Weissen mutilek. Ordubeterako Susaetak jaurti du eta atzelari baten gorputzarekin topo egin du. Athletic finago zebilen, sakontasunez jokatzen, baina azken pasean ez zuen asmatzen. Susaetak berak, saltsa guztietan beste behin ere, jokaldi kolektibo oso on bati amaiera bikaina eman nahi zion, nahiz eta azken pasean asmatu ez duen.

Ez zen gaueko maitatuena harmailetan, baina izaera duen jokalari dela erakutsi du saria bigarren golaren eskutik lortu arte. Aurrez aurretik Sebok protestatzeagatik txartel horia ikusi duen faltan berak jaurti du, kanpora bada ere. Milinkovicen beste falta eta txartel baten ondoren baloia loratua Martinezek buruz area erdirantz bidali du, baina alferrik.

Iraolak lana eman dio atezainari, Aurtenetxek horia ikusi du eta PSG galtzen segitzen zuen Salzburgen (azkenean 2-0 galdu du). Arerioa tarteka-marteka zelai erdiko marra gainditzen zuen, baina Milinkovicen erdiraketa bat kenduta minik egin gabe. Ezin zuen, baina gola falta zen eta 76garren minutuan heldu da Susaetak buruz! De Marcosen erdiraketa primeran errematatu duenean. Futbolak askotan ahalegina, baloiak jokatzeko gogoa eta konpromisoari saria ematen dio eta gaur horrela izan da.
Susaetaren golak lasaitasun gehiago eman dio Athletici eta espazio gehiagorekin, jokaldi polit batzuk ikusteko abagunea izan dugu. Horrelako batean De Marcosen azken pasea ez du errematatzailerik aurkitu eta Muniainek banako jokaldia egin du, baina tematu da Toquerori laga beharrean. Weissek Lacny eta Pauschnek zelairatu ditu, baina norgehiagokaren norabidea ez da aldatu.

Are gehiago, etxekoen aukerak biderkatu dira. Marrazainak lo hartu du, edo epaileak ez dio kasurik egin eta Putnockyk Toquerori baloia lapurtu dio. Lapurtzea hitz gogorra da, baina seguru antzeko egoeran sentitu dela Herrera Muniainek ateko marraraino sartu denean eta Toquerori heriotzaren pasea egin ere, aurrelarik eskuinez errematatu du, baloia Herrerarantz joan da eta horrek hirugarrena egin du. Teoriaz behintzat, epailez gainezka zegoen jokaldian laguntzaileak, laguntzailearen laguntzailea eta epaileak berak ez baitute ikusi Toquerok baloia ukitu duenean Herrera eta atearen artean ez bat, ez bi, baizik eta hiru eslovakiar jokalari zeudela. Hirugarrena eta erabateko lasaitasuna izan zitekeen, baina zorionez ez dugu behar izan.

Amaitu bitartean, soilik Martinezi erakutsi dioten txartel horia aipatu, hirugarrena baitzen eta Parisen ezin izango baitu jokatu, baina ez du axola, fase honetan behar beharrezkoa egina dago eta. Gainera, aurtengo denboraldian erakusten ari dena da edozein jokalarik falta dena primeran ordezkatu dezakeela eta berri pozgarria da denboraldia hain luzea izanik. Oraingoz, kontinentean jada otsaileko hitzorduarengan begirada ipini dezakegu, Ligan eta Kopan ditugun hurrengo erronkak lasaitasun gehiagoz hartzeko, Athleticek jokatzen duen ezaugarriekin posible bada ere.