Real Oviedo - Athletic Club
Final hamaseirenak
Kopa

Real Oviedo - Athletic Club

Real Oviedo
Real Oviedo
01
Athletic Club
Athletic Club
  • De Marcos 11'

KokapenaCarlos Tartiere , Oviedo

Kopan lehen pauso ona eman da

Real Oviedok 0 Athletic Clubek 1Athletic Clubek garaipena erdietsi du Oviedon (0-1) Kopako estreinaldian. De…

Athletic Club

Real Oviedok 0 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek garaipena erdietsi du Oviedon (0-1) Kopako estreinaldian. De Marcosek hamaikagarren minutuan egin du partidaren gol bakarra, baina gure taldeak garaipena askozaz handiagoa eskuratzeko merituak egin ditu, batez ere bigarren zatian. Halaz ere, kanporaketa San Mamesen erabakiko da abenduaren 21ean, 22:00etan ere.

Giro onean, hamabost mila ikusle inguru bertaratu baitira Carlos Tartiere Berrian, hauen artean mila baino gehiago zurigorri, talde biek lehia seriotasun osoz hartu dute eta zuten arma guztiak erabiliz. Etxekoak presioa goian eta baloi luzeak gora bidaliz edozein tokitik, eta aurtengo denboraldiko erara gure taldea, nahiz eta minutuak aurrera joan ahala soropilaren egoera lagungarria izan ez den arren.

Hasierako minutuak,espero zen legez, zailak izan dira. Oviedok Athletic estutu nahi zuen eta etxeko zaleek edozein keinu edo jokaldia gol aukera bailitzan ospatzen baitzuten, baina Athleticek baloia eskuratzeaz gainera, gola egin du bere bigarren aukeran. Toquerok seigarren minutuan jada jaurti du eta pilota kornerrera abiatu da, baina De Marcosek ez du hutsik egin hamaikagarrenean Muniainen pasea jasoz eta baloia eskuadratik ipintzen. Denboraldiko hirugarren gola (bi Ligan eta hauxe Kopan)

Oviedo saiatu da, baina kontrola zurigorria zen jada. Hiru zentralekin, Iraola eta De Marcos hegaletatik, min egiten zion atzeko lerroa aurreraturik zeukan Oviedori, baina bigarren zatiko gabezi berberak erakutsi dira lehendabizikoan, hau da, azken unean edo azken pasean ez zen asmatzen. Adibide gisa Iraolak kontraerasoa gidatu du eta bakar bakarrik zegoen Herrerari pasea egin dio, baina atzelari batek moztu du azken unean. De Marcos gola errepikatzen saiatu da, eta kasu honetan Lledok eskua ondo atera du banan banakoa ezerezean uzteko 32garrenean eta Juanmak Toquerorengana zihoan baloi arriskutsua moztu du.

Aitzitik, Real Oviedok ez zuen arriskurik sortzen, baina bai ezinegona falta guztiak arearantz bidaltzen baitzituen. Lehen zatiko aukerarik garbiena, ia bakarra, 42. minutuan heldu da Nanok falta bat langa gainetik bidali duenean.

Atsedenaldian nobedaderik ez eta, espero zen bezala, bigarren zatiari gogotsu ekin diote etxekoek eta Jandrik abagunerik argiena izan du 48garrenean, nahiz eta haren bolea kanpora joan den eta Martins Diopen erdiraketa Iraizozek harrapatu duen minutu bat beranduago.

Athleticek kontrola berehala berreskuratu du eta ez du askatu norgehiagoka amaitu arte, baina “soilik” gola falta zaio. Pacheta saiatu da partidaren norabidea aldatzen Busto Alvaroren ordez sartuz, arriskua atzelarien atzetik sortzeko, eta Bustok 57. minutuan urrutitik saiatu den arren, atzean leku gehiago uztea baino ez du lortu.

Eta gure taldeak aukerak sortzeari ekin dio, denak behetik eta denak jokaldi ezin bertikalagoak eraikiz. Susaetak ordubetean ezkerrez ezin izan du Lledoren irteera gainditu. Herreraren ezkerkadak ere desbideratu du Lledok 64garrean, Pascualek txartel horia zuen Martins Diopen tokia hartu baino lehen. Toqueroren erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu 69. minutuan eta jarraian Muniainek ezkerrek ezin izan du golik egin.

Bazirudien bigarrena helduko zenik, baina ez da horrela gertatu. Oviedon Chamorrok jada Pelayoren tokian zegoen. De
Marcosek sareetara errematatu du, baina kanpotik, 74garrenean eta Iraolak Herreraren pasea zetorkion moduan astindu du, baina Lledok kornerrera bidali du.

Herrerak tokia utzi dio Iñigo Perezi, eta sartu berriari berehala txartel horia erakutsi diote, baina erasoaldi zurigorria ez da eten: De Marcosek zutoinera jaurti du 88garrenean. Jokaldi polita, ondo landua beste behin ere, baina golik ez. Gauza bera gertatu zaio Iker Muniaini azken minutuan, baina banako jokaldia amaitzeko aukeratu duen eskuinkada kanpora joan da. Eta joanekoa amaitzeko, Jandrinek bere bigarren abagunea izan du, bolea aurrekoa baino urrunago bidaliz.

Azkenik, zero eta bat eta gauzak San Mamesen erabakiko dira eta ez da txarra lehia erabakigarria abantailarekin hastea. Dena den, asko falta da aurretik Racing, igande honetan bertan 19:45ean San Mamesen, PSG eta Zaragoza daude.