FC Lokomotiv Moskva VS Athletic Club 2012-2-16 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/16

FC Lokomotiv Moskva2 : 1Athletic Club

Glushakov60'(p.)
Caicedo71'
Muniain35'
Laburpen bideoa
Estadioa
Luzhnikí
Herria
Moscú
Data
16/02/2012
Ordua
18:00
Data eta ordua
2012-2-16 - 18:00

Dena zabalik San Mamesen erabakitzeko

Lokomotivek 2 Athletic Clubek 1 Athletic Clubek 2-1 galdu du Lokomotiven aurka UEL-ko 32ko fasearen…

2012ko ots. 16a

Lokomotivek 2 Athletic Clubek 1

Athletic Clubek 2-1 galdu du Lokomotiven aurka UEL-ko 32ko fasearen joaneko partidan. Muniainek egin du zurigorrien gola lehen zatian, baina bigarrenean Glushakovek, penaltiz, eta Caicedok errusiarrenak egin dituzte. Beraz, kanporaketa hurrengo ostegunean San Mamesen erabakiko da eta norgehiagoka nola bilakatu den ikusita zapore mingotsa geratu bada, etxetik kanpo gol egiteak aukera gehiago ematen digu final zortzirenetan burua sartu ahal izateko. Partida horretan ez dira egongo Aurtenetxe eta Maicon, gaurkoan euren hirugarren txartela ikusi baitute hurrenez hurren.

Espero zen bezala, elurrak, eta batez hotzak, martxan ipini baino lehen dena baldintzatu ei dute, baina soropilaren egoera ikusita, lehiaren nondik norakoa Athleticen jokoak berak baldintzatu egin duela esan dezakegu. Hasteko Athletic jaun eta jabe izan da eta etxekoek aukerak sortu dituzten arren, batez ere lehen zatiaren hondarrean, zurigorriek zero eta bateko baino abantaila handiagoa merezi izan dute. Lehendabiziko minutuetan berdegunearen egoerak kezka batzuk sortu ditu, baina berdeak hobeto moldatu dira.

Baloia atzetik irten da, buruz eta zentzuz, eta abaguneak hasi dira heltzen Maiconek bere burua nabarmenki arean botatzeagatik txartel horia zortzigarren minutuan ikusi eta gero. Hori gutxi balitz gure golaren ondoren epaileak bigarren txartel horia barkatu egin dio Amorebietari egindako sarrera batengatik.

Hamargarren minutuan Athleticek izugarrizko jokaldia egin du, baina azken errematea ez da horren parekoa izan, Llorentek ezin izan baitu Susaetaren erdiraketa sareetara behar bezala zuzendu. Markel bero zebilen beroketa ariketetatik eta hamalaugarrenean ezkerrez lana eman dio Guilhermeri. Bilbotarren uholdearen lehen salbuespena Caicedoren aukera izan da hamabosgarrenean. Jokaldiak islatu du Lokomotiv kontraerasorako prestatu dagoela eta bigarren zatian gehiago sufritu dugu errealitate hori.

De Marcosek hemezortzigarrenean jaurti du Guilhermek kornerrera bidal zezan eta horren sakean Amorebietak buruz atezainaren beste geldiketa egitera behartu du. Hogeita hirugarrenean Iraolak boleaz baloia lekutara bidali du.

Tarasovek beste etenaldi bat markatu du areaz kanpoko jaurtiketa batekin, baina Iraizoz eta Amorebieta artean baloia urruntzea lortu dute. Eta hortik gutxira saria heldu da, Athleticek ondo defendatu du jokaldi bat eta kontraerasoan ziztu bizian Susaetak atzelari pare bat gainditu du, burua altxatu ere, Muniani baloia area ertzean uzteko eta horrek denboraldiko seigarren gola egin du. Athleticek lasai jokatu ditu hurrengo minutuak, Llorentek aukera izan du 41garrenean, baina haren eskuinkada altuegi abiatu da, De Marcosen zartakoa aterantz joan da 43garrenean, baina Guilhermek kornerrera urrundu du.

Aitzitik, etxekoek bigarren zatian biziko genuenaren aurrerapena eskaini digute ia azken minutuan. Maiconek jaurti du, Iraizozek urrundu eta Amorebietak aldendu eta Caicedok gauza bera egin du Athleticeko parte hartze eta protagonista berdinekin. Inpresio ona atsedenaldira joateko eta kanporaketa bideratzeko lehen pausoa eman delakoaren zentzazioa.

Tamalez ez da horrela gertatu. Aldaketarik gabe, errusiarrak antzeko portaerarekin itzuli dira. Gure jokalariak, aldiz, berebiziko presiorik gabe, paseak galtzen hasi dira erdigunean eta batzuetan area inguruan ere, hau da ez atzera ez aurrera, baloi jabetza galduz. Izozturik zeudela esan zitekeen, baina topikoegia litzateke.

Etxekoak hazten hasi dira, hasieran aukera garbi gehiago egin ez duten arren, Zapater-en jaurtiketa bat kenduta. Zoritxarrez 59garrenean Aurtenetxek eztabaidarako penaltia egin dio hasiera hasieratik penaltiaren bila zebilen Caicedori. Ez zirudien baloira helduko zenik, baina… Aurtenetxeren sarrera ikusita, erorketak lagundu du. Laguntzaileak penaltia zela argitu dio epaile jaunari eta Glushakovek banakoa ezarri du. Pena, ia ia aurreko jokaldian Guilhermeri baloiak ihes egin baitio, baina Susaetak ezin izan du baloi lapurreta oso osorik burutu, hau da gola bihurtu.

Golarekin Lokomotiv partidan sartu da buru belarri eta Atheticek ez zuen bere burua zein betiko estilorik aurkitzen. Glushakovek areaz kanpoko jaurtiketa onari erantzun egokia eman dio Iraizozek 67garrenean, baina lau minutu pasa ondoren, ezkerretik eginiko erdiraketa ez du Amorebietak urrundu eta baloia Caicedorengana heldu da, bigarrena egiteko. Athletic beste talde bat zirudien eta etxekoak hazi dira. Maicon izan da bere jokalaririk arriskutsuena eta bere aukera izan du 76garrenean. Oraingo honetan arrasean jaurti du, baina zorionez kanpora. David Lopez zelairatu da Aurtenetxeren ordez, De Marcos atzeko ezker hegalera pasaraziz.

Oraindik ez, gure taldea ez zen betikoa eta edozein animatzen zen min egiten saiatzeko, adibidez Yanbaev ezker atzeko hegalekoa bitan saiatu da, hasierakoan Iraizozek erantzun bikaina eman dio eta bigarrenean kanpora jaurti du. Dena den, Athletic Club tartean egonda, edozein gauza gerta daiteke eta apurka apurka Lokomotiv atzean sartu dute, denbora galtzera behartuz eta aukerak berdintzeko sortuz. Ez gehiegi, hamar minutu baino ez baitziren geratzen, baina argia izan da 87garrenean izan dugun abagune bikoitza. Erdiraketa baten ostean aldaratzea garbi geratu zaio Llorenteri, baina apurtzera jo beharrean kolokatzen saiatu da eta atezainak oinarekin urrundu du, aldaratzea txilenaz Muniainek errematatu du, baina angelutik Guilhermek berarentzat gau hotza bezain biribila izan denari amaiera eman dio, txartel horia eta guzti. Halaber, David Lopezen jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da 89. minutuan.

Hurrengo ostegunean izan beharko, eta horretarako partida osoagoarekin batera, gakoa beroan datza, beroa harmailetan, suposatutzat ematen dena gau handietan San Mamesen, eta beroa tenperatura aldetik, hau da, gurean arruntagoa den hozberoa aitzakiarik ez izateko eta kirolean behar den bezala izozturik amaitzeko arriskua uxatzeko, hau da, emaitzaz gain, Katedralekoa gaurko 13.000 ausarten irudiarekin zerikusirik izango ez duelakoan gaude. Azken finean, bada garaia ere mende honetan europar lehiaketetan hirugarren saiakeran multzoen fase osteko kanporaketa gainditzeko.