Albacete BP - Athletic Club
Final zortzirenak
Kopa

Albacete BP - Athletic Club

Albacete BP
Albacete BP
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaCarlos Belmonte , Albacete

Joko gutxi, golik ez eta dena San Mameserako

Albacete Balompiek 0 Athletic Clubek 0Athletic Clubek husna egin du Albaceten Kopako final zortzirenetako joaneko…

Athletic Club

Albacete Balompiek 0 Athletic Clubek 0


Athletic Clubek husna egin du Albaceten Kopako final zortzirenetako joaneko partidan eta dena erabakiko da San Mamesen urtarrilaren 12an, ostegunean, 20:00etan. Giro ona gure jarraitzaile askoren presentziarekin, golik ez, ezta joko gehiegirik ez urte berriari ekiteko, nahiz eta norgehiagokako zatirik gehienetan ekimena, gutxienez, zurigorria izan. Abaguneak ez dira ugaritu eta, espero zen bezala, etxeko taldeak erresistentzia handia ipini du. Ligan eta gainerako lehiaketetan gertatzen den legez, Kopan inork ez du ezer ez musu truk ematen eta horra hor gaurko jardunaldiaren emaitzen lekukotasuna.

Lehen zatiaren hamar minutuak, eta baita bigarrenekoak ere, Albacete Balompierentzat izan dira, batez ere egin duen presio aurreratuarengatik, aukerarik ez baitute sortu partida osoan zehar, Calle aurrelariak Iraizozen eskuetara egin duen jaurtiketa pare bat kenduta.

Hasierako beroaldia behin pasa ondoren, Athletic Clubek ekimena hartu du. Lehen erresistentzia hesia gainditu eta gero, gure jokalariek txukun mugitu dute baloia, baina sakontasuna falta zaie. Halaz ere hogeigarren minutuan Andoni Iraolak aukera paregabea izan du norgehiagoka bideratzeko eta, bide batez, partiden top-20an gol batekin ospatzeko: Iturrasperen pase sakona jaso ondoren Campos atezaina gainditu du, baina baloia zutoinaren aurka bidali du ere.

Pena, horrelako lehia itxietan garrantzitsua baita oso aldea hartzea arerioa zabal dadin. Beste pase sakon batean, kasu honetan, Amorebietarena eta urrutiagotik, Susaeta geratu da atezainaren aurrean, baina kontrola luze joan zaio. Albacetek ez zuen minik egiten, baina azken hamar minutuetan nolabait berpiztu da.

Bigarren zatiari ekiteko aldaketa bikoitza egitea deliberatu du Marcelo Bielsa entrenatzaileak. San Jose De Marcosen ordez eta Ibai Susaetaren ordez. Hiruko lerroa nabarmenagoa atzean, Iraola eta Aurtenetxeri askatasun gehiago emateko eta Muniain barrurago sartuz. Hasiera arestian aipatu dena izan da, hau da, Albacete gogotsu aukerarik sortu barik eta, lehen zatian bezala, zurigorrien lehen abagunea Iraolarena izan da, kasu honetan 52garren minutuan berak hasitako jokaldia buruz langa gainetik errematatu duenean.

Minutuak aurrera joan ahala, Athleticek nagusitasuna berreskuratu egin du. Muniainek min egiten zuen, behar bada kontrako atetik urrunegi. Horrelako batean baloia laga dio Toquerori 61. minutuan, baina honen eskuinkada inozoegia izan da Campos gainditzeko. Hurrengo aukera Aurtenetxek izan du 68garrenean, baina haren eskuinkada langa gainetik abiatu da. Atezainen eskuetara ere joan da Ibairen bolea erdia 77. minutuan eta Muniainek arrasean gutxigatik kanpora jaurti du bi minutu beranduago.

Etxekoen partez Callek baloiari eusten zion eta Tetek piperra jartzen zituen beren barneraldiekin, baina honen bolea altu bat izan ezik, minik egin gabe. Aranaldek jada berdegune gogorrean Nuñez zeukan David Torresen ordez zelai erdia indartzeko, gero Candela, abizena eta jokoa batzuetan bat datoz, lesionatu egin da eta Alex sartu da eta ia amaieran Añon gauza bera egin du Rocharen ordez.

Gure aldetik ia azken uneotan Iñigo Perez Herreraren tokian zelairatu da, baina gola egiteko abagune argia izan du 89garrenean faltaz Camposi lana eman dionean. Atezainak kornerrera bidali du eta hor amaitu dira gaurko ilusioak, talde bientzat astebetez luzatuko direla, baina itzulikoa jokatu baino lehen taldea Getafen dauka hitzordua igandean bertan. Liga beste historia bat da. Istorio berria gora begira segitzeko.