Athletic Club VS Sevilla FC 2019-1-13 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
19. Jardunaldia

Athletic Club2 : 0Sevilla FC

Williams23'
Williams84'
Bertaratzea41.342
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbao
Data
13/01/2019
Ordua
16:15
Data eta ordua
2019-1-13 - 16:15

Liga erdia betetzeko garaipen ederra etxean

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Sevilla FC taldeari San Mamesen. Iñaki Williamsek egin ditu gol…

2019ko urt. 13a

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Sevilla FC taldeari San Mamesen. Iñaki Williamsek egin ditu gol biak, zein baino zein ederrago, LaLigako lehen itzuliari amaiera emateko. Lan erdia eginda 22 punturekin, LaLigako bost partida jarraian galdu barik, arnasa apur bat hartuta sailkapenean, baina bidea oraindik ere luzea izango da.

Gure taldea jaun eta jabe izan da, zalantza izpirik gabe. Bere armak erabili ditu eta erakutsi du partida bakoitza historia berri bat dela eta gaurkoak ez du zerikusirik izan aurreko ostegunekoarekin eta ez du antzik izango hurrengo asteazkenekoarekin.

Athleticek hobeto irakurri du partida, pazientzia izan du tarte askotan eta bere gaurko bertuteak primeran aprobetxatu ditu. Presioa behar zen uneetan eta behar zen tokietan eta espazioak primeran erabiliz.

Lehen zatian Williamsek, Ligako ehungarren partida erreskadan ospatu guran edo, ederto amaitu du kontraeraso bat, etxeko lehorteari agur esanez. Atsedenaldira arte erronkari arazo barik eutsi dio taldeak eta bigarren zatian ondo baino hobeto itxi ditu ia zirrikitu guztiak.

Gainera, beste batzuetan baino hobeto kudeatu du baloi jabetza eta azken txanpan Williamsek erakutsi du gasolina apur bat gordeta zeukala berrogeita hamar metro baino gehiagoko lasterkaldia eginez partida ia erabakita uzteko. Merezita. Guztiz merezita.

Orain aldapaz gora dagoen Kopako kanporaketa geratzen zaigu Sevillan eta igandean LaLigan hil edo bizikotzat har daitekeen lehia Vila-realen bigarren itzuliari ekiteko.