Athletic Club VS FC Barcelona 2019-2-10 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
23. Jardunaldia

Athletic Club0 : 0FC Barcelona

Bertaratzea47.557
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbao
Data
10/02/2019
Ordua
20:45
Data eta ordua
2019-2-10 - 20:45

Partida ederra eta puntua ere, gehiago merezi arren

Athletic Clubek 0 FC Bartzelonak 0.

2019ko ots. 10a

Athletic Clubek golik gabeko berdinketa erdietsi du FC Bartzelonaren aurka San Mamesen. Hasteko eta teoria hutsari begira, liderraren aurkako berdinketa bat ona da oso, batez ere kontuan hartzen badugu aurtengo denboraldian ez dugula FC Bartzelonaren aurka galdu, kataluniarrek Ligako 38 partida jarraian zeramatzatela golen bat egiten eta jokatu dutela inolako errotaziorik egin gabe.

Aitzitik, zapore gazi-gozoa geratzen zaigu, aukerarik onenak, kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere, gureak izan direla. Lehen zatian taldeak esku-loturik izan du FC Bartzelona ia toki guztietan eta, bigarren zatian bezala, Ter Stegen atezainaren lan onak berdinketa mantendu du, batez ere Susaetaren eta Raul Garciaren saiakera ikusgarrietan. Lehen tarte honetan Barçak izan du abagunerik argiena, Messik aldaratze bat langaren goiko aldera bidali duenean.

Bigarren zatian bisitariek gorago presionatu dute, baloi jabetza eurena egin dute, batez ere lehen ordu erdian, baina Athleticek lan bikaina egin du eta indarrak eta burua izan ditu kontraerasoan min handia egiteko. Tamalez gure interesentzat, Ter Stegen bikain aritu da lehia amaitu arte eta hora hor Williamsi egin dion geldiketa lekuko gisa.

Jaitsierako postuak lau puntura daude une honetan eta hor segitzen dugu tropel handi batean murgildurik, seigarren postutik jaitsierako lehenera arte 8 puntuko aldea dago-eta.

Eta zulotik irteteko hurrengo aukera Huescan daukagu, otsailaren 18an, astelehenean. Bertan ez da De Marcos egongo, zalantzazko txartel gorria atera baitiote. Bigarren txartel horiarengatik balizko helegitea irabaziko bagenu, zigorra bete beharko luke, zikloko bosgarrena baitzen lehen txartel horia.