Athletic Club VS RCD Espanyol 2019-3-8 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
27. Jardunaldia

Athletic Club1 : 1RCD Espanyol

Raúl García81'
Ferreyra9'
Bertaratzea38.453
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbao
Data
08/03/2019
Ordua
21:00
Data eta ordua
2019-3-8 - 21:00

Ahaleginak puntu bateko saria ekarri du

Athletic Clubek 1 RCD Espanyolek 1

2019ko mar. 8a

Athletic Clubek bana egin du RCD Espanyolen aurka San Mamesen. Ferreyrak egin du zero eta batekoa eta Raul Garciak berdindu du lehia azken txanpan, nahiz eta lehenago merezimenduak egin etekin oparoagoa lortzeko.

Espero zen bezala oldarkor atera da gure taldea, baina kolpe latzarekin hasi da lehen zatia, Espanyolek zero eta batekoa lortu baitu partida hasi eta berehala. Golak ez du kikildu zuri-gorrien adorea, baina baloi jabetza izan arren ez dugu asmatu azken erdiraketetan. Susaetak izan du abagunerik onena, baina esku ona atera du Diego Lopezek.

Kenan Kodro sartu da Williamsen ordez bigarren zatiari ekiteko, 4-4-2 nabarmen bat osatuz. Athleticek gero eta nagusiago bihurtu da berdegunean, gero eta erdiraketa gehiago sartu ditu kataluniarren arean, baina ez ditu aukera garbirik sortu. Halaz ere, etsipena ez da hedatu, ezta harmailetan ere, taldeak zeukan guztia amaten ari zela ikusita.

Eta ezina ekinez egin da, lan erdia kontsidera badaiteke ere, eta zelairatu berria zen Ibairen erdiraketa on bat buruz orraztu du Raul Garciak berdinketa ezartzeko.

Hortik amaiera arte setioa gogorragoa izan da Espanyolentzat, baina etekinik gabe. Dena den zaleek taldearen lan eskerga eskertu dute eta, gutxienez, puntu bat salbatu da, jardunaldia 34rekin amaitzeko.

Iñigo Martinezek bosgarren txartel horia ikusi du eta ez da egongo hurrengo larunbatean Atletico Madrilen aurka. Ligako egungo bigarren sailkatua erronka potoloa izango da, baina arerio zailagoak gainditu ditugu San Mamesen.