Athletic Club - Real Betis
Jardunaldia 30
Liga

Athletic Club - Real Betis

Athletic Club
Athletic Club
10
Real Betis
Real Betis
  • 7' I. Martínez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Hiru puntuko orpokada

Iñigo Martinezek lehoi gisa sartutako lehen golari esker, Athleticek berebiziko garaipena lortu du Real Betisen aurka

undefined

42. Hori da Athletic Clubek sailkapenean duen puntu kopurua zortzi jardunaldi falta direla, eta gaur Betisen aurka egin duen bezala, hortzak estutu beharko ditu zail jarri den Europa Leagueko postu baten bila borrokatzeko. Iñigo Martinezek lehoi gisa egin zuen gol estreinaldian emandako orpokadari esker hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu dira datorren asteartean, atseden hartzeko denborarik gabe, Camp Noura egin beharreko bisita zaila baino lehen.

Ez zen partida erraza izan. Ez dago horrelakorik Lehen Mailan, eta are gutxiago San Mames hutsik dagoela, zuri-gorriei indarrak falta zaizkienean bultzada ematen dien futbol zelaia baita. Athleticek ordubeteko joko bikaina egin zuen, eta markagailuan aurreratu zen laster, 6. minutuan, Muniain, Kordoba eta Iñigo Martinezen arteko estrategia falta batean. Orpokada batek Joel ezustean harrapatu zuen. Ziur nazioartean ibilitakoak zaleekin ospatu nahi zuela, baina iritsiko da.

Fekirren kontraeraso bat kenduta, Nuñezek garaiz eragotzi zuena, Gaizka Garitanoren mutilek ia ez zuten sufritu Betisen aurka lehen zatian. Are gehiago, Capak eta Jurik min egiten zuten beren barneratuekin. Athleticek partida birritan hiltzeko aukera izan zuen atsedenaldiaren ostean. Dani Garciak Williamsi baloi sakona jarri zion arren, azken honen jaurtiketa atezainaren gorputzean jo zuen. Raul Garciaren burukadak, Unai Lopezek ateratako korner batean, zutoinean jo zuen.

Zuri-gorrien garaipenaren beste egilea Unai Simon izan zen. Hiru geldiketa erabakigarri egin zituen atezainak. Borja Iglesiasen jaurtiketa desbideratu zuen buruz buruko batean, Fekirri gelditu sinesgaitza egin zion azkenean izandako Iñigo Martinezen penalti jokaldian, BEL-a berrikusi ondoren, eta Telloren falta jaurtiketa batean bikain aritu zen (90’).

82. minutuko jokaldi hori, penaltia, Athleticen alde amaitu zen. Canalesek gora bidali zuen baloia. Ezustekoa pasata, Villalibrek orpoz langa jo zuen De Marcosen pasearen ostean eta Vesga 2-0ekoa sartzeko atarian egon zen. Garaipen garrantzitsua eta data seinalatua Muniain kapitainarentzat, Panizo mitoak jokatutako partida kopuru berbera egin duelako (414).