Athletic Club - Valencia CF
Jardunaldia 22
Liga

Athletic Club - Valencia CF

Athletic Club
Athletic Club
11
Valencia CF
Valencia CF
  • 43' Hugo G. (b.a)
  • G. Paulista 65'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Berdinketa samina Valentziaren aurka

Athleticek bere esku izan zuen 2-0ekoa, baina Paulistak burukada batekin berdindu zuen

undefined

Athletic Clubek banako berdinketa lortu du Valentziaren aurka San Mamesen. Lehen zatiko azken minutuetan Morcillok egindako barneraldian Hugo Guillamonek bere atean sartutako golari esker markagailuan aurrea hartu ostean, 2-0ekoa egiteko abagune ederra izan zuten zuri-gorriek Sanceten eskuineko oinarekin. Bere jaurtiketa, hurbil-hurbiletik, Jaume Domenechek urrundu zuen eta bere taldeari bizia eman zion. Gabriel Paulistak, burukada batekin korner baten ondorioz, behin betiko berdinketa egin zuen 65. minutuan.

Talde zuri-gorria sailkapenaren erdian dago. Ez du zorterik izan Valentziaren aurka aurtengo denboraldian. Bi partidak irabazteko aukera izan du, Mestallarena argiago, eta biak berdindu dira. Egia da Marcelinok, lesioak, zigorrak (Raul Garcia) eta Kopako finalerdietarako gordetako jokalariak aintzat hartuta, Real Betisen aurka jokatu ez zuen talde erdia zelairatu zuela.
Lehen zatian, bakarrik Berenguerrek hasieran eta Maxik eman zuten abisu bat. Hori 43. minutura arte, izan ere, Simonek Morcillori baloia luze eman zion hegaletik eta bere erdiraketa arriskutsua Guillamonek bere atearen sareetara bidali zuen Williams sartzeko zain zegoela.

Zuri-gorriek 1-0ekoa ondo hartu zuten, bigarren zatiaren hasieran denak emanda zelairatu zirelako. Williamsek area barruan abisatu zuen, eta ondoren Sanceti partida hiltzeko aukera ezin hobea oparitu zion jokaldi bikain batean. Nafarrak erdira gogor bota zuen eta Jaume baloia gainetik ateratzeko gai izan zen. Vencedorrek ere, burukada batekin markaketa barik, 2-0ekoa egin zezakeen.

Valentzia aurrera egiten hasi zen eta behin betiko berdinketa iritsi zen Solerrek Paulistari korner batean baloia erdiratuta. Dani Garciak baloi argia izan zuen bigarren zutoinean eta Vesgak beste bi aukera, baina, egia esan, bisitariek ere Cutroneren kontraeraso bikaina alferrik galdu zuten. Athletic hobea zela ematen zuen, baina norgehiagoka berdinketa saminarekin amaitu zen. Lau egun barru garrantzi handiko Kopako partida dago Levanteren aurka. Zer pena San Mames jendez beteta ez izatea!