Bartzelona VS Athletic Club 2021-1-17 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
Finala

Bartzelona2 : 3Athletic Club

Griezmann40'
Griezmann77'
De Marcos42'
Villalibre90'
Williams93'
Laburpen bideoa
Estadioa
La Cartuja
Herria
Sevilla
Data
17/01/2021
Ordua
21:00
Data eta ordua
2021-1-17 - 21:00

SUPERTXAPELDUNAK!!

Athletic Clubek hirugarren Superkopa irabazi du partida heroiko bat eginez, FC Bartzelona 2-3 gainditu ondoren Williamsek luzapenean sartutako gol polit bati esker

2021ko urt. 17a

Ereduaren garaipena, Athletic Club oso handia da. Filosofia eta anbizioa. Historiarako geratzen da Superkopako bere hirugarren titulua, balentria gorena eginez irabazi izanagatik. Lehenengo Real Madril kanporatu zuen finalerdietan, eta La Cartujan merezimendu osoz mendean hartu du Bartzelona taldea, bikaintasunez, eta 2-3ko emaitzarekin markagailuari buelta emanez, luzapenean Iñaki Williamsek 93. minutuan sarturiko gol itzelari esker.

Justizia hutsa. Athletic Bartzelonaren gainean jarri zen, bere hamalaugarren Superkopa poltsikoan zuela, 2-1koaz irabazten ari zelako, eta 90. minutuan harrobiko jokalari batek, Asier Villalibre izeneko Bufalo batek, 2-2koa egin zuen Muniainen falta jaurtiketa batean. Lehoia, Griezmannen errifleak jota zirudiena, zutitu egin zen eta hiltzeko moduko atzaparkada bat eman zuen.

Lehoiak oso ideia argiekin zelairatu ziren: presio gogorra eta gauzak patxadaz hartu baloiarekin. Ez zen komeni Barçaren barneko jokorako hutsuneak uztea. Hasiera batean Athleticek nahi zuen bezala jokatu zen. Lehen jaurtiketa zuri-gorriena izan zen: Caparen zartakoa Ter Stegenek gainetik atera zuen.

Leo Messi, Athleticen borreroa titulurako hainbat eta hainbat partidatan, ez zegoen eroso. Baina haren agerpenek beldurra ematen dute beti. Simon urruneko jaurtiketa batekin mehatxatu zuen, eta bigarren ahaleginean, Jordi Albari pase bat maisutasunez eman zion, eta Griezmannek jokaldia golarekin amaitu zuen area barruan baloi galdu bat aprobetxatu ondoren. 40. minutua zen, une psikologikoa zirudien.

Baina Marcelinoren Athletic hau kementsua da. Miraria egin du bi astetan eta entrenatzailea dagoeneko irabazle bat da Bilbon Garitanoren lan bikainaren ostean.  Taldea segundotan zutitu zen, ezkerretik eraso bat eginez. Williamsek baloi neurtua bidali zion De Marcosi, eta Albari bizkarra emanda Ter Stegen gainditu zuen ukitu gurutzatu zorrotz batez. Nor hobe Guardiako gladiadorea baino markagailuari buelta ematen saiatzeko. Bere ahalegina bikaina izan zen, eta baita Balenziaga beteranoarena ere. Azken honek baloi ona jarri zion Raul Garciari baina bere burukada kanpora joan zen.

Bigarren zatian, Messik abisua eman zuen falta jaurtiketa batean, baina 56. minutuan erabakigarria izan zitekeen jokaldia iritsi zen. Muniainek falta neurtu bat jaurti zuen eta Raul Garciak buruz sareetara bidali zuen. Gil Manzanok gola eman zuen, baina BELek baliogabetu egin zuen gutxigatik jokoz kanpo egoteagatik. Williamsek jaurtiketa argia izan zuen area barruan, baina Barçak aurrea hartu zuen berriro markagailuan 77. minutuan. Griezmannek, borrero zaharrak, Simon gainditzen asmatu zuen Albaren beste jokaldi batean.

Baina Athleticek ez du inoiz amore ematen, eta Villalibrek tronpeta jo zuen 90. minutuan erremate egoki bat eginez Muniainen falta jaurtiketa bikain batean. Luzapena merezimenduz heldu zen talde zuri-gorri heroikoarentzat. Williamsen gol bikaina iritsi zen 93. minutuan eta altxorra defendatzeko ordua. Messik txartel gorria ikusi zuen Villalibre jo ondoren, eta Athleticek harrotasunez altxatu zuen Superkopa. Agian, aurtengo zorigaiztoko pandemiaren bi garaikurretatik lehena. Harrotasunez eta neurriz ospatzera. Denbora izango dugu.