Atlético de Madrid VS Athletic Club 2022-1-13 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
Finalerdia

Atlético de Madrid1 : 2Athletic Club

Joao Félix62'
Yeray77'
N. Williams81'
Laburpen bideoa
Estadioa
King Fahd Stadium
Herria
Riyadh
Data
13/01/2022
Ordua
20:00
Data eta ordua
2022-1-13 - 20:00

Athletic txapeldunak handitasunez hartu du mendean Atletico

Yerayk eta Nico Williamsek bost minutuko tartean markagailua irauli dute Simeoneren taldeari irabazteko, eta Real Madrilen aurka titulu berri bat izango dute jokoan

2022ko urt. 13a

Athletic Clubek bere filosofiarekin lehiakorra eta irabazlea dela erakutsi dio munduari, Asia urrunean. Historia zuri-gorrian idatzita geratuko da markagailuari emandako buelta arina, Atletico Madridi 1-2koaz irabaziz, eta ondoz ondoko Superkopako bigarren tituluaren bila joango dira Marcelinoren jokalariak, datorren igandean Real Madriden aurka. Hamarkada asko pasa dira bi taldeen aurkako finalen bat jokatu gabe. ‘Hamaika Baserritarrena’ bezalako beste balentria bat egokitu da.

Yerayk eta Nico Williamsek bost minututan bi kornerretan sartutako golek (76. minututik 81. minutura) justizia eman besterik ez dute egin King Fahd zelaian, eta bertaratutakoek Marcelinoren taldea gogoz txalotu dute bere balentriagatik. Ez da erraza Simeoneren mutilen aurka markagailua iraultzea, eta Athleticek Joao Felixen burukada batean zoritxarreko jokaldi batean gola jaso arren (zutoinean eta Simonen bizkarrean jo ondoren), taldeak ez zuen amore eman. Taldeak garaipenean sinestu eta Oblaken harresia gainditu zuen, arrakasta lortzeko berriro erdian jarri zela bazirudien ere. Real Madril idolatratzen duen Riyadh zelaiak badaki Athletic nolakoa den.

Simeoneren jokalariek kontu handiz jokatu zuten. Hasieran, beldurtu zuten, baina Athleticek tokia hartu bezain laster, lehen aukera bikaina izan zuen Iñaki Williamsen eskutik. Jokaldi horretan Oblakek baloia urruntzea lortu zuen. Egia esan, bigarren zatian apurtu zen neurketa. 61. minutuan iritsi zen koltxoneroen zoritxarreko gola, eta lehoiak, amore eman beharrean, madrildarren lepora oldartu ziren.

Milimetro batzuengatik ez zen berdinketa iritsi gau bikaina bete zuen Muniainen geldikako baloi batean. Oblakek Iñigo Martinezen burukada ateko marran gelditu zuen. Bazirudien zortea kontra genuela, baina lehoi handi hauen fedea nagusitu egin zen. Beste aukera bat izan zuen Iñaki Williamsek, atezain esloveniarrak gelditu zuena, eta, bat-batean, banakoa heldu zen Yeray handiaren burukada ikusgarri baten bitartez, Muniainen korner baten ondoren.

76. minutua zen eta Athleticek aurrera jo zuen espekulazio aalde batera utziz. Nico Williamsen lehen abisua Oblakek urrundu zuen, baina bigarrenean, helburua lortu zuen. Muniainen kornerrean eragindako baloi solte bat ezkerrarekin area ertzetik jaurti eta bilbotarren zalaparta alaitsua piztu zuen. Atletico ez zen altxatzeko gai izan eta Gimenezi txartel gorria erakutsi zion epaileak. Beste balentria bat egitea egokitu zaigu Benzemaren Real Madrilen aurka munduari bira emateko. Indarrak berritzera eta igandean harro egoteko maila ematera.