Athletic Club VS Real Madrid 2022-2-3 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/4

Athletic Club1 : 0Real Madrid

Berenguer89'
Bertaratzea39.841
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
03/02/2022
Ordua
21:30
Data eta ordua
2022-2-3 - 21:30

Athletic handi batek Real Madrid garaitu du eta jada finalerdietan da

Berenguerrek 88. minutuan sartutako gol bikainari esker, Marcelinoren taldea beste final batetik pauso batera dago

2022ko ots. 4a

Errespetu osoz, ez Barça, ez Madrid, Athletic… Horrela labur daiteke Marcelino Garcia Toralen talde handiaren ibilbide erraldoia. Final-zortzirenetan Xavi Hernandezen jokalariak mendean hartu zituen, eta oraingo honetan Superkopako porrotaren mendeku hartu du lehiaketaren liderraren aurka; izan ere, lehoiak baino nabarmen gutxiago izan da. Alex Berenguerren gol batek, kasualitatez eta aurtengo denboraldiaren une egokian sartzen duen lehena, lehoiak Kopako ondoz ondoko hirugarren finaletik oin batera jarri ditu. Real Betis, Rayo Vallecano edo Valentzia, horietako bat izango da zuri-gorrien aurkaria bi partidetara.

Indarra, jokoa eta oldarkortasunaren erakustaldia izan zen. Errematean asmatzea besterik ez zen falta. Eta Berenguer agertu zen, auto-estimu dosia bereganatuz arauzko denboraren mugan. Errekortea area ertzean eta ezkerkada baloia zutoinaren ondoan jartzeko. Courtois erraldoia gainditzeko modu bakarra.

Real Madridek zeukan guztia jarri zuen mahai gainean, baina laster konturatu zen oso lan zaila zela. Dani Garciak, zelai erdian Vesgarekin bikote itzela osatu zuena, birritan abisatu zuen. Lehenengoan, Courtoisek geldiarazi zuen. Bigarrenean, atzelari batek.

Lehoiek, Isidoro Latatu lehoi ohiaren omenezko besoko beltzarekin, Muniainen beste aukera batez gozatu zuten. Julen Agirrezabalak bakarrik Rodrygoren jaurtiketa batean esku hartu behar izan zuen lehen zatian.

Bigarren zatia Raul Garciaren burukada batekin hasi zen, eta jokaldi horretan BELek balizko eskua begiratu behar izan zuen; horrez gain, Nico Williamsen lesioaren ondorioz Berenguer zelairatu zen. Real Madridek Casemiroren jokaldi batean probatu zuen Julen, Berenguerrek 88. minutuan gola sartu aurretik. Azken susto bat eman zuten madrildarrek Iscoren jaurtiketa gurutzatuan. Athleticek ametsetako Kopa darama, eta San Mamesen, berriz ere zelai menderaezina, bi talde handiak kaleratu ditu.