Getafe CF - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

Getafe CF - Athletic Club

Getafe CF
Getafe CF
22
Athletic Club
Athletic Club
  • 27' Aleñá
  • 76' Munir
  • Williams 2'
  • Raúl García 61'

KokapenaColiseum Alfonso Pérez , Getafe

11.395 pertsona

Berdinketa mingarria Getafen

Lehoiek, etxetik kanpo galdu gabe eta Europan mantentzen direnak, bi abantaila galdu dituzte markagailuan Iñaki Williamsen eta Raul Garciaren golen ostean

Athletic Clubek bina egin du Getafen, birritan abantaila izan duen arren. Ander Herrerak Iñaki Williamsi eta Nikok Raul Garciari egindako erdiraketa bikainek partida ondo jarri zuten, baina Aleñak boleaz eta Munirrek, amaierarako ordu laurden falta zela, behin betiko berdinketa lortu zuten. Valverderen taldeak etxetik kanpo porrotik jaso gabe jarraitzen du: bi garaipen eta beste hainbeste berdinketa. Camp Nouko proba gogorrari egingo diote aurre bai puntuetan, bai ziur asko Europako postuan ere.

Pena handia izan zen. Partida ezin hobeto hasi zen: bigarren minutuan, Ander Herrerak maisutasunez erdiraketa pikatua egin eta Iñaki Williamsek, baloia ondo kontrolatuta, David Soria atezaina ezkerrez gainditu zuen. Coliseumen izandako zale zuri-gorri andanak ederki ospatu zuen.

Partida gorabehera handirik gabe ari zen, Athletic abantailaz jakitun zela, baina Getafek petrolioa aurkitu zuen Unalek borrokatutako airezko baloi batean. Jokaldi horretan, Aleñak boleaz bana berdindu zuen. Valverderen taldeak baloi irteera batean akats bat izan zuen; dena den, beste aukera argi bat heldu zen Iñaki Williamsen buruan, baina ate erdira bidali zuen Vesgak eskuinarekin egindako pase ona.

Atsedenaldiaren ostean, Simonek kornerrera urrundu zuen Unalen atzerako artazi handi bat, eta laster entrenatzaileak aldaketa hirukoitza egin zuen Yuri zelaietara itzulita. Raul Garciak, zelairatutako pizgarrietako batek, lurretik eta ezkerrez, maila handiz baloia sareetan utzi zuen, Nico Williamsek atzelariarekin buruz buru irabazita atzerako pase bikaina atera ondoren.
Ordu erdi geratzen zen, eta kontua zen akatsik ez egitea. Lehoiek pare bat aldiz huts egin zuten. Mayoralek abisatu zuen, eta jarraian, Munirrek 2-2koa jarri zuen. Garaipenaren bila, Vesgak eta Iñaki Williamsek aukerak izan zituzten. 2-2 mingarria izan zen.