Athletic Club - Real Madrid
Jardunaldia 18
Liga

Athletic Club - Real Madrid

Athletic Club
Athletic Club
02
Real Madrid
Real Madrid
  • Benzema 24'
  • Kroos 90'

KokapenaSan Mamés , Bilbao

49.316 pertsona

Bi kolpetan jausi da ausart jokatu duen Athletic

Benzemak eta Kroosek aldeak markatu dituzte, Valverderen taldeak gau osoan jokoaren iniziatiba izan badu ere

Ezinezkoa izan zen. San Mameseko historian ikusle gehien izan dituen partida (49.316), Athleticek oso ondo jokatutako klasikoa, Real Madridek irabazi zuen. Benzema eta Kroosen kalitatezko erremate bikainek aldeak markatu zituzten, nahiz eta Valverderen taldeak gau osoan jokoaren iniziatiba izan, merezi izandako saria lortu gabe. Lehoiak Ligako zortzigarren postuan gelditu dira, baina ez dago kexatzeko astirik: ostegunean Kopako finalerdietan sartzeko aukera dute Mestallan, eta etsipen honek are gehiago amorratu behar ditu.

Athleticek meteoro baten moduan ekin zion partidari hasieran, Ancelottiren taldea bere zelaian giltzaperatuz. Izan ere, Aitor Paredes debutariak, maila handian jokatu zuenak, burukada ona egin zuen, baina Courtoisek hatz-mamiaz salbatu zuen. Gero, Nico Williamsek Camavingaren hanken artetik baloia pasatu eta ezkerrez abisatu zuen. Nico, Sancet eta Iñaki Williamsen arteko beste jokaldi bat sarearen alboan hil zen. Valverderen hitz jakintsuak bete ziren: Real Madriden aurka hobeto zaudela uste duzunean, kolpea emateko agertzen da. Halaxe izan zen: 24. minutuan, Benzemak ezkerrez sare barrura bidali zuen fantasiazko errematea. Frantziako mamu zaharrak etengabe sartzen du.

Min egin zion Athletici, eta kosta egin zitzaion berriro partidan sartzea, atsedenaldia amaitu arte, hain zuzen ere. Simonek, gorputzarekin, Nachoren beste jaurtiketa bat urrundu zuen eta, jarraian, Nachok berak Berenguerri gola sartzeko aukera argia zirudiena hanketik kendu zion. Asensiok bizia barkatu zuen jaurtiketa gurutzatu batekin, eta orduan bai, Athleticek guztiarekin erasora jo zuen. Nico Williamsek 69. minutuan aukerarik onena galdu zuen Yuriren erdiraketan, eta Iñakiri berdinketaren gola baliogabetu zioten jokoz kanpoko jokaldian, San Mames osoa Courtoisen gainean iraulita zegoela. 90. minutuan jada, Kroosek, bere jaurtiketa lehor ezagunaz, behin betiko 0-2koa sartu zuen. Konponbidea du zigorrak: ostegunean Mestallan aurrera egitea. Harmailek ohorez agurtu zituzten lehoiak.