Athletic Club - Valencia CF
Jardunaldia 29
Liga

Athletic Club - Valencia CF

Athletic Club
Athletic Club
10
Valencia CF
Valencia CF
  • 27' Gabilondo

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Valentziak 0: Oxigeno

Berebiziko garrantzia duen garaipena eskuratu berri du Athletic Clubek Valentziaren aurka (1-0) 27. minutuan Gabilondok…

Athletic Club

Berebiziko garrantzia duen garaipena eskuratu berri du Athletic Clubek Valentziaren aurka (1-0) 27. minutuan Gabilondok orpoz sartu duen gol politari esker. Urrezko hiru puntuak, taldeak gehien behar zituenean eta etxeko zein etxetik kanpoko bolada txarrari amaiera ematen dizkiotenak, zaleen jarrera paregabea alboan utzi barik, nobedadea ez den arren. Gaurko jardunaldian gertatzen dena baino haratago balio beharko du garaipenak azken txanpari beste ikuspegi batez begitzeko. Ohitura den legez, sufrimendua lekukoa izan zen, alde batetik gure antsietatearengatik eta, bestetik, arerio makala ez zelako eta aukerak izan zituelako bigarren zatian markagailua berdintzeko. Azken finean, Athletic Clubek teoriaz behintzat talde handien etiketa zekarten arerioak gainditzeko historikoki erabili dituen armak ipini ditu mahai gainean: indarra, grina eta diziplina, ez baita erraza besterik erakustea egoerak hankak eta baita eztarriak ere lastatu egiten dituenean. Arnasa apurra, nahiz eta bisitarien entrenatzaileak, galera estali guran edo, epaileari errua bota eta, okerrena dena, gure taldea hedabideen oinetan utzi nazkatzeraino entzun behar izan ditugun balizko laguntzen teoria erabiliz. Errealitatea, tamalez, bestelakoa da: inor ez digu ezer ez oparitzen eta behin prentsaurrekoa entzunda, bazirudien Valentzia zuloan zegoela eta Athletic goian epaileen laguntzari esker, ezein taldearentzat erabaki onak eta txarrak denboraldi barruan orekatuko ez balira bezala.

Valentziarena izan da ekimena hasieran eta Angulok buruz errematatu du kanpora 5. minutuan. Athleticek urduritasuna gainditu du eta sendo ipini da zelaian, lerroak gertu jarriz erdiko barnealdiak ekiditzeko asmoz eta lan fisiko eskergari esker partidaren ekimena eskuratuz. Talde biak 4-4-2koak zelairatu dituzte, hainbat aldaketa eginez arerioren baloi irteerari presioa egitean.

Gurean Iraola irten da hegalean, bere bosgarren txartel horia ikusi duen Javi Martinez erdian Ustaritz “debutariarekin” batera eta hainbat aldaketa egin ditu Valentziak, asteartean duen Champions Leagueko erronkari begira. Horregatik euren jatorrizko postutik at aritu dira hainbat jokalari, baina talde sendoa eta kalitate handiko futbolariez hornituriko senari utzi gabe. Badoakizue oharra badaezpadako jakintsuek, egon badaudela, garaipenari garrantzia kentzen badiote.
Gainera, partidan Villa, Joaquin eta Miguel bezalako jokalariek aukera izan dute saiatzeko aspaldiko partez golik jaso gabe partida amaitu duen Athleticen aurrean.

Defentsako lanari ekin baino lehen, bere erasoko lana egin du Athletic Clubek, hau da, gola sartu etxeko aurreko hitzordu gehienetako gabeziak ez pairatzeko. Gabilondorena izan da lehen abagunea 9. minutuan, bana hala-nola urrundu du baloia Butellek. Halaz ere, zurarekin harreman ezin hobea duenak gola egin du, maisuki, orpoz, Etxeberriaren erdiraketa jasoz 27. minutuan. Etxeberriak bi gol egin bazituen joan den igandean, oraingo honetan azken pase emateari ekin dio.

Bedeinkapena izan da markagailuan aurrea hartzea, aspaldiko partez ere, eta taldeak lekuari eutsi dio, Gabilondok Butelleri lana emanez 31. minutuan, baina atezainaren irteera ona izan da. Valentzia atera bota gabe erretiratu da atsedenaldira eta ia arrisku guztia gola egin baino lehenagoko balizko jokoz kanpoko jokaldian amaitu zen kontraeraso azkar batean laburbildu daiteke. Lehen zati honetan Silvaren erorketa Prietoren gorputzarekin topo eginez penaltitzat hartu du Sanchez Flores prentsa aretoan.

Alderik txarrena izan da Casasen lesioa atsedenaldia baino lehen. Garmendia sartu da horren ordez. Iraola eskuin lateralean kokatu da eta Exposito ezker hegalean. Valentzian atsedenaldiaren ostean Villa zelairatu da Silvarekin batera jokatzeko. Angulo eskuin hegalera joan da, Jorge Lopez ezker hegalera eta Hugo Viana erdira Pallardoren ordez. Gogoz itzuli dira zelaira valentziarrak: Villak, esaterako, jaurti du faltaz 49. minutuan eta jokaldiz 50. minutuan, baina Aranzubiak ondo erantzun du bietan. Bazirudien etengaeko erasoa iritsiko zela, baina ez, sufritzearekin “nahikoa” izan da.

Javi Martinezek lana eman dio Butelleri 52. minutuan eta entrenatzaileek ez dute denbora alferrik galdu. Manek Murillo atera du berdegunera 55. minutuan Etxeberriaren ordez erdiko bidea are itxiago bihurtzeko eta Sanchez Floresek Joaquin Lopezen tokian. Joaquinena izan da 60. minutuan Albiolek gora buruz errematatu duen erdiraketa ona.

Kokapen berria Athleticen onerako suertatu da eta Valentziak arriskua sortzen ez zuenez Sanchez Miguel atera du 71. minutuan Curro Torresen ordez portugaldarrak eskuin hegal “osoa” eduki zezan. Joaquin ezkerraldera abiatu da eta hortik arriskuren bat sortu du. Sufrimendua azken uneraino iritsi bada ere, bere punturik altuena 74. minutuan lortu da Villaren jaurtiketa loratuak langararekin topo egin duenean. Hortik aurrera garaipena argiago ikusi da eta Angulok errematatu duen azken pasea (80. minutua) eta Villak gutxigatik kanpora bidali duen faltak ez dute minik egin. Eta bitartean gure taldeak bide guztiak itxi ditu, gora eta behera, baloiak lapurtzen eta arinegi galtzen eta kokapena berreskuratzen eta luzapenean hainbat aukera izan dute kontraerasoan, baina egoera normala ez zenez ez dute gauzatu.
Gehiegizkotzat har zitekeen alde handiagoa eskuratzea, zalantza barik, baina bazen garaia partida irabazteko denboraldi honetan (eta Valentziak aurrekoan esaterako) hainbat taldek egin duten errezeta berarekin. Portzierto, bigarren zati honetan bigarren penalti bat eskatu zuen Sanchez Floresek prentsa aretoan: atezaina, atzelaria eta aurrelaria (Silva bera ere) ia batera sartu dira baloiaren bila.

Zarata gehigirik pozik inor utzi ez duen epailearen inguruan. Geuk geureari eutsi egin beharko, hau da, Valentziaren aurkakoa heldu da hirugarren garaipena etxean eta San Mamesen bertan oinarritu beharko da salbazioaren bidea bederatzitik bost neurketa jokatuko baitira Katedralean. Oraingoz, garaipenaz gozatu beharko dugu, tamalez ez baita ohikoa.