Atlético de Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 18
Liga

Atlético de Madrid - Athletic Club

Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
23
Athletic Club
Athletic Club
  • 16' Ion Vélez (b.a)
  • 92' Forlán
  • Koikili 45'
  • Llorente 49'66'

KokapenaVicente Calderón , Madrid

Garaipena Calderonen

Athletic Clubek 2-3 irabazi dio Atletico Madril taldeari. Fernando Llorentek bi gol lortu du eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-3 irabazi dio Atletico Madril taldeari. Fernando Llorentek bi gol lortu du eta Koikilik lortu du hirugarrena. Antonio Lopezek eta Diego Forlanek lortu dituzte Atletico Madrilen golak.

Gure taldeak garaipen argia erdietsi du madrildarren aurka. Zurigorriak nagusi izan dira arlo guztietan eta azken partidatan gertatu den legez, kontrako golak suposatu duen kolpea gainditzen jakin izan dute eta, oraingo honetan, markagailuari buelta eman diote lasaitasunerako balio behar duten hiru puntuak eskuratzeko. Are gehiago esan dezakegu: Athleticen nagusitasuna nabaria izan da norgehiagoka osoan eta bi eta hirukoak ez du ikusitakoa isladatzen, talde biren merezimenduei dagokienez behintzat. Hiru punturekin erdialdean dago jada gure taldea eta galdu gabeko bolada onari jarraipena eman dio, lehen itzulia Valentziaren aurkako leían borobiltzeko asmoz, baina bitartean izugarrizko garrantzia duen Kopako partida dago tartean ostegunean, guztion artean San Mamesen aurrera atera behar duguna. Okerrena izan da Amorebietari erakutsi dioten bosgarren txartela, baja izango da hurrengo Ligako partidan, eta David Lopezek zein Iraizozek hartu dituzten kolpeak.

Elur piloten artean hasi da lehia eta, egia esan, nahi eta behar baino astiroago erreakzionatu dute agintea daukatenak. Horregatik epaileak partida eten du 5:22 minutuan Iraizozen osotasuna, bereziki, arriskuan baitzegoen. Zorionez ez dute asmatu eta futbolaz soilik ari gara.

Partida berriz hasi denean zurigorriek bere eginkizunei ekin diete eta oso goian egin dute presioa Atletico Madrilen sormena itotzeraino. Zelai erdian eskuratzen zuen baloia gure taldeak eta azkar heltzen zen area ingurura eta horregatik lehen aukerak Athleticenak izan dira: Orbaizek jaurti du areaz kanpotik eta Leo Francok eskuratu du baloia zazpigarren minutuan eta Koikilik gora jaurti du 13. minutuan, baina etxekoek bat eta zerokoa egin dute korner baten ostean. Antonio Lopezek jaurti du eta baloia Ion Velezen gorputzean jo ostean eskoadratik sartu da.

Partida ez da aldatu. Athleticek bere buruarengan duen konfiantza erakutsi du berriz ere eta ez du ez erritmorik ez grina mailarik jaitsi. Hurrengo minutuan Ion Velezek aukera izan du orpoz, Llorentek ez du banan banakoan Leo Franco gainditu 20. minutuan eta Koikilik, 24. minutuan, kanpora jaurti du, baina abisua besterik ez zen. Ordu erdirako David Lopezek lo hartu du penalti puntuan eta hurrengo jokaldian Llorentek ezin izan du buruz errematatu Susaetaren erdiraketa.

Etxeko zaleek gero eta urduritasun gehiago erakusten zuten (bigarren zatian entrenatzaileari joan zedila esan diote) eta Athleticek joku ona eta punteria eskasa erakusten segitu du. Ion Velezen barnealdi luzearen ostean Ujfalusiri kartera ostu dio, baina haren pasea ez du errematatu Llorentek penalti puntuan. Gure jokalariek ez dute amorerik eman eta bi minutuko luzapenean, elur pilotak zirela eta, Koikilik zartako ederra bota du areaz kanpotik sareetara. Hirugarrenean bai. Berdinketa atsedenaldira, ez zen emaitzarik justuena egindako guztia kontuan hartuta, baina bultzada polita izan da bigarren zatiari begira.

Aldageletan Perniak Seitaridis ordezkatu du eta Antonio Lopez kokatu da eskuinaldean. Athletic Clubek bereari eutsiz sartu da partidan eta Kunek izan ez den penaltia eskatu eta gero, partidaren lehendabiziko golaren zorte txarra ona bihurtu da 50. minutuan Llorenteren banako jokaldi luzean, Ujfalusiri baloia kendu ostean, azkenik bere jaurtiketa Dominguezen jo ostean barrura joan da. Athletici berdin zitzaion. Gora jo du berriro ere eta bost minutu beranduago Ion Velezi gola baliogabetu diote jokoz kanpo zelakoan Martinezek buruz orraztu eta gero.

Aguirreren jokalariek txartelak pilatzen segitzen zuten, merezi baino gutxiago agian, eta horrelako batean David Lopez lesionatu dute. Futbolari dagokionez, berdinketaren bila Banega sartu da Dominguezen ordez zelai erdia indartzeko asmoz, Camacho zentral moduan ipiniz, eta epaileak bigarren horia barkatu dio berehala. Gabilondo sartu da Lopezen ordez 61. minutuan eta bost beranduago jokaldi polita egin du, tunela eta guztiz, eta baloia area ertzean jarri ondoren Llorentek bat eta hirukoa ezarri du.

Kun Aguerok jaurti du gutxigatik kanpora 68. minutuan, Toquero Velez ordezkatu eta Sinama Maxiren tokia hartu baino zertxobait lehenago. Halaz ere, partidaren norabidea markatuta ez bazegoen, Manicheri merezi baino beranduago erakutsi dioten txartel gorriak argi utzi du dena, bideratuta. Etxeberria sartu du Caparrosek Susaetaren tokian 78. minutuan, Toquero eskuinaldean jarriz eta Etxeberria bigarren aurrelari bezala eta hortik gutxira, ezintasunak bultzatuta edo, Kun Aguerok balorik gabe soropilean etzanda zegoela zapaldu du Martinez, inolako zigorrik gabe.
Dena den, bitxia bada ere, hortik aurrera buru argia falta izan zaio Athletic Cluberi partida hiltzeko eta luzapenean Forlanek bere golarekin emozio pixka bat jarri dio partidari, joku aldetik distantzia askozaz handiagoa izan den arren. Helburua bete dute zurigorriek etxetik kanpoko bigarren garaipenean, joku ona eta beharrezkoa den adore guztia erakutsiz. Hori bai, Ligari buruzko iritzisortzaile askorentzat, gure garaipena etxekoen gabezia baino ez da izango. Bagenekien horrela izan zela, baina bitartean segi dadila bolada…