Athletic Club - Real Sporting de Gijón
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - Real Sporting de Gijón

Athletic Club
Athletic Club
12
Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
  • 82' Toquero
  • De las Cuevas 65'78'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Sportingek 2: Ideiarik ez

Athletic Clubek 1-2 galdu du Sportingen aurka. Toquerok gure taldearen gola egin du eta De…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 galdu du Sportingen aurka. Toquerok gure taldearen gola egin du eta De las Cuevasek asturiar taldearen biak. Lehen zatian Athleticek abaguneak ipini ditu, bisitariek ez dute atera bota ere egin, eta bigarrenean ekimena etxekoena izan den arren, ideak faltan egon dira eta De las Cuevasen falta jaurtiketa bikainak eta Sportingen partidaren irakurketa hobeagoa norgehiagoka aldapaz gora ipini dute. Ostean Toqueron gola eta erreakzioa ez dira nahikorik izan. Ia atsedena hartzeko betarik gabe, Europa League datorkigu ostegunean, beste lehiaketa bat eta beste aukera garaipenen bidera itzultzeko.

Gurpegik izan du lehen abagunea, baina bere jaurtiketa kanpora abiatu da bigarren minutuan. De Marcosek bolea bat kanpora ere bidali du hamahirugarren minutuan. Dena den, Preciadok prensa aretoan zioen lehen zatian, lehia kontrolatu gabe bazen ere, Athleticek hainbatetan jaurti duela eta eurek bat ere ez. Ildo horretatik uler daiteke Sportingek partidaren ekimena eroatea lehen ordu laurdenean. Handik aurrera zurigorriek etxeko taldeari dagokion papera hartu dute eta ordu erdira arte beste bi aukera argi sortu dituzte: 26. minutuan Susaetaren jokaldi bikainak ez du amaiera zoriontsurik izan, Llorentek ezin izan baitu errematatu bere azken erdiraketa eta 30. minutuan Toqueroren burukada kanpora joan da.

Atsedenaldira arte zurigorrien bultzada ez du fruiturik izan eta soilik Barralen lehen txartel horia eta 41. minutuan merezi izan duen bigarrena daukagu aipagai. Ez da gutxi. Jokaldiak ikusita kasu bera errepikatu da Lorarekin 58. minutuan eta Susaetarekin 70. minutuan. Hirurek, teoriaz behintzat, bigarren horia eta, berez, gorria merezi izan dute, baina harmailetatik hainbeste kritikatua izan den epailearen lana aztertzeko jaioak direnei utziko diegu tartea. Hori eta estrategia jokaldietan aurrez aurretik iragartzen diren penaltiak sakonki aztertzeko betarik izango dute.

Zelaian, bigarren zatiaren hasierak itxaropenari atea ireki dio: Etxeitak buruz lana eman dio Juan Pablori, baina Sporting nagiak kendu ditu eta Iraizozen arearen ingurura hurbildu da. De las Cuevasek gutxigatik kanpora jaurti du 47. minutuan eta 60. minutuan pilaketa arriskutsua gertatu da gure area txikian. Orbaiz zelaietara itzuli da Gurpegiren ordez 61. minutuan eta hortik oso gutxira faltaz heldu da zero eta batekoa. De las Cuevasek oso ondo jaurti du eta panorama zeharo ilundu da.
Gainera Preciadok bere taldeari sendotasun gehiago eman dio Bilic eta Carmelo zelairatuz eta Iraolak buruz ia angelurik gabe saiatu den arren, zurigorriek uzten zituzten espazioak nabariak ziren eta kontraeraso azkar bezain erraz batean De las Cuevasek zero eta bikoa ezarri du.

Athletici jokua falta zitzaion, ideiak soberan ez zeuden, baina bihotza daukanez gero ez du amorerik eman. Koikilik eta Susaetak euren tokia Gabilondo eta Etxeberriari utzi diete. Aurrelaria eskuin hegalean kokatu da, De Marcosen enegarren leku aldaketa sortaraziz eta Gabilondo ezker lateral moduan jokatu du. Hortik baloi polita bidali du arearantz eta hor Toquerok bat eta bikoa egin du, partida amaitzeko oraindik hamar minutu falta zirela. Erreakzioa ez da osoa izan eta azken uneotan Etxeitaren burukada kanpora joan da. Azkenik porrota etxean, sailkapenaren erdialdera eta Getafera hurrengo bisita. Ez da zelai erraza izango, baina lehenago, arestian aipatu dugun legez, europar erronka daukagu gain gainean, ea gaurko tristezia ahazteko balio duen.