Málaga CF - Athletic Club
Jardunaldia 17
Liga

Málaga CF - Athletic Club

Málaga CF
Málaga CF
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 48' Weligton
  • Llorente (p.) 78'

KokapenaLa Rosaleda , Málaga

Erreakzionatzeko gai izan da gure taldea

Malagak 1 Athletic Clubek 1Malagak eta Athletic Clubek bana berdindu dute. Weligtonek, buruz, bigarren zatiaren…

Athletic Club

Malagak 1 Athletic Clubek 1


Malagak eta Athletic Clubek bana berdindu dute. Weligtonek, buruz, bigarren zatiaren hasieran eta Llorentek, penaltiz geroago, norgehiagokako golak lortu dituzte. Merezitako puntua, batez ere erakutsitako errakzio gaitasunarengatik eta beharbada motza bigarren zatian gure taldeak izan dituen aukerak kontuan hartuta. Partida gogorra izan da oso, talde bien ahaleginarengatik eta eguraldia eta soropilaren egoerak ere lehia gogortu dute.

Egia esateko, gauzak ez dira ondo hasi, ia lehen jokaldian Iraizoz jauzi baita baloi bila zihoala, eskerrak zelaitik kanpo zela, eta, jada barruan, hirugarren minutuan korner baten ondorioz, areaz kanpotik, Mtiligak zartakoa bidali du zutoinera, baina egurraren kontra jo ondoren baloia areatik paseatu da eta zurigorriek urrundu dute. Bazirudien Malaga euriarekin eta lokatsarekin hobeto moldatzen zela, baina minutuak aurrera joan ahala oreka nagusitu da.

Adibidez, zortzigarren minutuan Toquerok boleaz langa gainetik jaurti du eta hamahirugarrenean San Josek txartel horia ikusi ondorengo falta Apoñok kanpora bota du. Malagak baloi jabetzea zeukan, abiaduraz mugitzen saiatzen zen, batez ere ezkerraldetik, baina minik eragin gabe.

Pixkaka zurigorriek aukerak pilatu dituzte. Ordu laurdenerako Iraolaren erdiraketa buruz kanpora errematatu du Susaetak. Halaz ere, gure abagunerik garbiena 22. minutuan heldu da Toqueroren bitartez. Llorentek bularrez baloia laga dio eta Gaizkak ezkerrez eta zetorkion moduan Munua gainditu du, baina baloia oraingo honetan ere zutoinarekin egin du topo. Horixe izan da talde biek atsedenaldira joan arte izan duten azken aukera garbia.

Minutu pila zeuden jokatzeke, baina talde bien arteko etenbako borrokaldia izan da gai bakarra. Astean zehar iragarri zen legez, indar erakustaldia espero zen eta esan zutenek guztiz asmatu dute. Malaga eta Athletic, ahal den guztietan, eta inolako bildur barik, aurrerantz jotzen saiatu dira. Zorte eta eraginkortasun handiegirik gabe izan bada ere.
Athleticek, lehen minutuak behin gaindituz gero, lehen zatia jada etxetik kanpoko tradizioa bihurtzen ei den husnako berdinketarekin amaitu du. Gero, hamaikako bietan aldaketak egin dituzte. Gurean Iraola aldageletan geratu da gastroenteritisak jota. Bere ordez, ezker hegaletik jokatzeko, David Lopez irten da, Susaeta eskuin hegalera pasa da eta Gurpegi atzerago kokatu da. Malagan Valdok Fernando ordezkatu du, beste posizio aldaketarik gabe.

Zoritxarrez, tradiziotik usadiora, Palman gertatu zen bezala, bigarren zatiko hirugarren minutuan Athleticek gola hartu du. Falta inozo baten ostean Dudak areara baloia sartu du, Weligtonek buruz bat eta zerokoa ezarriz. Zalantzazko egoeran zela ematen du, baina jokaldia horren azkarra izan denez gero, zaila zen oso epailea ala laguntzaileak horretaz onartzea.
Erreakzionatzeko unea zen eta Athleticek horretarako gaitasuna erakutsi du Malaga atzean sarraraziz, berdinketa lortu arte behintzat. Zurigorrien lehen aukera 55. minutuan heldu da. San Joseren areaz kanpoko jaurtiketa Munuak motzean aldendu du eta Susaetak, bakar bakarrik, kanpora jaurti du.

Hirurogeita batgarren minutuan De Marcosek Susaetaren tokia bete du, David Lopez eskuinaldera pasa da eta sartu berria ezker aldean kokatu da. Ekimena zurigorria bazen ere, gola ez zen iristen, baina Malaga ez zegoen eroso eta abaguneak pilatzen joan dira: 65. minutuan Martinezen burukadari Munuak erantzun bikaina eman dio eta hurrengo jokaldian atzelari batek Llorenteren borrokan atzerantz “orraztu” duen baloia atezainak aurkitu du marra gainean. Ostean Javi Martinezek areaz kanpotik atezainaren eskuetara jaurti du.

Caparrosek beste aldaketa bat egin du 69. minutuan, azkena. Muniain Orbaizen ordez zelairatu da eta Muñizek bere bigarrena plazaratu du: Toribio Benachourren ordez, zelai erdia indartzeko xedez.

Gure hamaikakoan jokalariak ere lekuz mugitu dira. Llorenteren atzetik Toquero eta De Marcos, Muniain ezker aldera, David Lopezek eskuinetik segitu du eta Javi Martinez euskarri bakar gisa. Marrazki erasokorra, etxetik kanpoko bigarren porrota jarraian ez baitzen inoren gustokoa.

Jo eta ke zebilen Athletic eta epaileak Ivan Gonzalezek Llorenteri eginiko penaltia seinalatu du, atzelaria kamisetatik tiraka zebilen eta, Llorentek berak 78. minutuan gola egin du Munuak bere jaurtiketa igerri eta, alferrik, ikutu duen arren. Banakoa eta fitxa mugitzeko txanda etxekoena zen. Edinho Juanitoren ordez sartu da, partida gehiago irekiz.

Malagak ez du aukerarik sortu, baina Dudaren erdiraketaren bila lan egiten zuen. Gainera area inguruko falta bakoitzak harmailetan zoramena pizten zuen. Gure aldetik ere estrategia altxorra izan da eta hainbat kontraeraso ondo antolatzeko hoztasun apur bat falta den arren, azken minutuan Muniainek bere aukera izan du, baina Munua bizkor ibili da bere errematea urruntzeko. Azkenik puntu bat gehiago goiko lekuetatik segitzeko eta lehen itzuliko etxeko azken partida, ez nolanahikoa, jada dugu zain: Real Madril zapatuan, hau da, enegarren denboraldiko partida….