Athletic Club - Málaga CF
Jardunaldia 36
Liga

Athletic Club - Málaga CF

Athletic Club
Athletic Club
11
Málaga CF
Málaga CF
  • 4' Toquero
  • Duda 19'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Bihotza batzutan ezintasuna besterik ez da

Athletic Clubek 1 Malagak 1Athletic Clubek bana egin du Malaga CF-ren aurka eta ezin izan…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Malagak 1


Athletic Clubek bana egin du Malaga CF-ren aurka eta ezin izan du Vila-real eta Getafe sailkapenean gainditu Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean. Toquerok gure gola egin du eta Dudak bisitariena. Zurigorriek zelai gainean den dena utzi dute, batez ere zati bien hasierako minutuetan, baina erritmoa ezartzeaz gainera erasoan buru argia izatea falta zaie eta jada bost partida dira jarraian irabazi barik daramatzagunak. Zaila da oso jokatzeke dagoena, baina matematikek aurkakoa esan arte itxaropena mantendu behar da azken txanpa hau luzea bezain gogorra bihurtu den arren, baina ez bakarrik guretzat.

Partidari dagokionez, hasiera aspaldiko partez ezagutzen ez genuena izan da, hots, indartsua eta gainera gola egiteko aprobetxatuz lasaitasuna eskuratzeko. Bi aldiz mehatzatu ondoren, Toquerok Iturrasperen pase luzea jaso du bat eta zerokoa ezarri du bosgarren minutuan, Munua banan banakoan hanka tartetik gaindituz.

Halaz ere, taldeak ez du partidaren kontrol zehatza ezarri eta andaluziarrek, hil ala biziko lehia zutela jaitsieratik ihes egin guran, hainbat aukera sortu du: 9garrenean Valdok lehia berdintzeko aukera izan du, baina gertutik baloia lekutara bidali du eta hamaikagarrenean Gamezek Iraizozen eskuetara jaurti du. Dena den, denboraldian zehar jokaldi hauek ondo defendatu ondoren, etxeko bi partidetan kontrako kornerrak zorigaiztokoak izan dira eta 18garren minutuan Dudak korner jaurtiketa zuzenaren bitartez banakoa ezarri du.

Partida berriz hasten zen. Llorentek aukera izan du berdinketa apurtzeko, baina ezin izan du behar bezala jaurti eta Munuaren gorputzean jo ondoren baloia kornerrera joan da. Hortik gutxira San Jose eta Llorenteren arteko burukada kanpora abiatu da eta berehala Toqueroren erdiraketaren osteko David Lopezen burukada Munuaren eskuetan amaitu da. Hurrengo aukera etxekoentzat ere izan da eta Llorenteren eskuinkada bortitza Munuak desbideratu du. Ekimena Athletic Clubarena zen zalantza barik eta atsedenaldira arte gauzak horrela izan dira, alferrik bada da ere.

Bigarren zatian ikuspegia ez da aldatu eta taldea are indartsuagoa irten da, hainbat pasartetan erritmoa izugarria izanik, baina aukera frankorik ez da sortu. Leheh ordu laurdenean Toquerok eta Caicedok kanpora jaurti dute, Muniain David Lopezen ordez irten da 62garren minutuan eta Athleticek bereari eutsi dio, hau da, arerioa estutu eta goian presionatu erasoko jokaldia ahalik eta lasterren hasteko. Horren ondorioz Susaetaren zartakoa Munuak desbideratu du eta gauza bera egin du Toqueroren jaurtiketarekin, baina azken txapan indarrak hustu dira edo aurrera jotzeko nahiak taldea babesik gabe utzi du.

Malagan Baha Caicedoren ordez irten da eta pixkaka bisitariek lasaiago ibili dira. Gauzak horrela, amaitu arte aukerak zuriurdinentzat izan dira: Obinnak buelta erdian eta Valdok Athleticen erasoa apurtzen saiatu dira eta, gutxienez, guren taldearengan mesfidantza hedatu da.

Caparrosek De Marcos Iturrasperen ordez zelairatu du. Dena ala ezebez, Muñizek eustea nahiago zuen bitartean, Toribio Benachour-en ordez berdeguneratuz. Gurean Etxeberria Llorente mindutaren ordez sartu da eta hainbat falta jaurtiketa eduki diren arren, saiakera guztiak alferrikakoak izan dira eta Valdok buruz, ala bizkarrez, kanpora errematatu duen falta jaurtiketa eta arean andaluziarrek oso txarto amaitu duten jokaldia izan dira pasarterik aipagarrienak europar ametsa atzamarren artetik ihes egiten zigun bitartean. Pena da, baina batzutan bihotza ez da nahikoa suertatzen.