Athletic Club - RC Deportivo
Jardunaldia 38
Liga

Athletic Club - RC Deportivo

Athletic Club
Athletic Club
20
RC Deportivo
RC Deportivo
  • 19' Muniain
  • 77' J.Martínez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Garaipena eta emozioz beteriko agurrak

Athletic Clubek 2 Deportivok 0Athletic Clubek 2-0 irabazi dio A Coruñako Deportivori. Gure taldearen golak…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Deportivok 0


Athletic Clubek 2-0 irabazi dio A Coruñako Deportivori. Gure taldearen golak Muniainek eta Javi Martinezek egin dituzte. Gauzak horrela, denboraldiari amaiera ona eman zaio Joseba Etxeberria, Armando eta Muñozek bere ibilbide zurigorriari zelaian bertan agur esan dioten egunean. Giro bikaina egon da San Mamesen, talde biek presiorik gabe jokatu dute eta bertaratu direnak emozioz beteriko arratsalde bat pasatzeko aukera izan dute. Kapitainari agur esateko azken parada astelehenean egongo da San Mamesen bertan, Athletic Clubek eta Fundazioaren taldeak, ehun umez osaturik, 19:00etatik jokatuko duten “Ezinezko partida”n.

Partidak historia gutxi izan du, espero zenez, tentsio falta nabarmena zelako, epailearen aldetik ere, Mejutok Ligako bere azken partida inolako gorabeherarik gabe amaitu nahi bait zuen eta horregatik, denok pozik uztearren, txartelak poltsikoan gorde ditu.
Seigarren minutuan Koikilik buruz bere aterantz “errematatu” du eta Armandok arratsaldeko lehen txaloak jaso ditu. Pixkaka zurigorriek jokuaren ekimena eurenganatu dute eta Manuri benetako lana eman diote. Lehendabizikoa Llorenteren erremate behartua izan da eta 20garren minutuan Etxeberriak baloia ezker aldera ireki du eta bertatik zetorren Muniainek, Manuel Pablo gainditu eta gero, eskuinkada angelutik sartu du bat eta zerokoa ezartzeko.

Nolabaiteko metafora, erreleboarena alegia. Athletic Clubek horrela segitu du, zelai erdi gazte-gaztearen eskutik. Atera kontuak: Muniain bera, Martinez, Iturraspe eta Susaeta. Azken honen erdiraketa arriskutsua ez da gutxigatik barruan bukatu. Baloia zurigorria zen, gogoa eta grina ere bai. Esaterako 25. minutuan Llorenteren jaurtiketa Manuk kornerrera urrundu du eta ostean Etxeberiaren barnealdiak ez du errematatzailerik aurkitu…

Gainera hogeita seigarrenean Ivan Perez Adrian lesionatuaren ordez sartu da. Zaleek kapitainaren gola nahi zuten eta 34garren minutuan Llorenteren lagapena buruz ia ia Etxeberriaren oinetara heldu da. Partidak lo hartu ei du, Lassadek 40garrenean arrasean gutxigatik kanpora bota duen arte. Ia jarraian Munianen jaurtiketa atzelari batek urrundu du, Manuk Susaetaren ezkerkada kornerra bidali du eta lehen zatia amaitzeko Armandok ukabilez Ivan Perezen falta jaurtiketa desbideratu du.

Aldageletatik bueltan Etxeberriak aukera paregabea izan du Muniainen pasea jaso eta gero, baina ezkerrez kanpora jaurti du. Galiziarrek lehen zatian baino erosokorrago agertu dira eta hurrengo hiru aukerak Deportivorenak izan dira, baina Juan Rodriguezek eta Ivan Perezek altuegi jaurti dute eta 51garrenean Armandok Antonio Tomasen jaurtiketa harrapatu du.

Ordubetean Muñoz Iturrasperen ordez sartu da San Mameseko agurra jasotzeko. Hirurogeita laugarrenean Muniainen erdiraketa Llorentek gutxigatik ez du sartu eta partida alai, ate batetik bestera ibili da partida amaitu bitartean.

Deportivon Mista Lassaden tokian sartu da eta hortik gutxira Ivan Perezek jaurti du Armandoren eskuetara eta partidako unerik hunkigarriena 73garrenean heldu da, Etxeberriaren uzta zurigorri oparo eta ahaztuezina amaitu denean. Txalo zaparrada luzea, taldekide eta arerioen besarkaden artean emozioak, hamabost denboraldiko bizipenak, gainezka egin du eta negarrari pozarren ekin dio eta harekin batera ehundaka zale harmailetan. Guztira 514 partida eta 104 gol, erraz idazten dena, baina gitxi batzuren eskutan dagoena.

Partidak, dena den, ez du etenik izan eta gola horrenbestez bilatu duen Llorentek ezkerkada bortitza langara bidali du 75garrenean. Azkenik, bi minutu beranduago Javi Martinezek gol polita sartu du eskuinez areaz kanpotik bota ondoren eta bere lekua zelaian Gurpegiri utzi baino lehen. Azken uneotan Llorentek buruz eta Muniainek ezkerrez abagune garbiak izan dituzte, baina biak kanpora joan dira. Gaurkoan jada ez ziren beharrezkoak eta, berandu bada ere, etxeko garaipenak itzuli dira abuztuan Liga berriz hasiko den arte.