Athletic Club - RSC Anderlecht
Final hamaseirenak

Athletic Club - RSC Anderlecht

Athletic Club
Athletic Club
11
RSC Anderlecht
RSC Anderlecht
  • 58' San José
  • Biglia 35'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Zorterik ez zelaian ezta zelaitik at ere ez

Athletic Clubek 1 Anderlechtek 1Athletic Clubek bana egin du Anderlecht aurka UEL-ko final hamaseirenetako joaneko…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Anderlechtek 1


Athletic Clubek bana egin du Anderlecht aurka UEL-ko final hamaseirenetako joaneko partidan. San Josek bigarren zatian egin duen gola lehen zatian Bigliak egin duena berdindu du eta kanporaketa Bruselan erabakiko da, nahiz eta oraingoz behintzat belgiarrak faboritoak diren. Gure taldeak ez du zorterik izan gola jasotzeko eran eta ezta ere hona hurbildu diren kanpoko zale askorekin, ea itzuliko partidan eginiko ahaleginak saririk eskuratzen duen. Eta ia konturatu barik eta seguru beroa izango den neurketari ekin baino lehen, Tenerife Ligan datorkigu bisitari.

Zurigorriak gogotsu zelairatu dira, presioa goian egin dute, edo saiatu dira behintzat, eta baloia hegaletara eramateko lanean buru belarri aritu dira, baloia jabetza bereganatuz. Gauzak horrela, aukerak apurka apurka heldu dira, esaterako 4. minutuan Llorentek buruz gora errematatu duenean eta ia aldi berean eguneko irudiak, zelaitik kanpokoak, San Mamesen bertan hasieratik ikusgai egon dira. Anderlechteko zale talde batek bengalak piztu ditu eta Ekialde Aurrealdeko ikusleei aulkiak jaurtitzeari ekin dio.

Athleticek bereari eusten zion, hau da presioa eta erritmoa ezartzeari eta 10. minutuan Llorentek Gurpegiren erdiraketa buruz gora errematatu du berriro ere. Bide onetik zihoan partida, soropilan behintzat, baina minutuak aurrera joan ahala bisitariak nolabait esnatu dira, tamalez eta gehienetan etxekoen nahasteen ondorioz.

Jada 13. minutuan Legear-ek buruz erosotasunez errematatu du eta Iraizozek ukabilez urrundu du. Jokalari berak, partida leher eginda amaitu dena, hemeretzigarren minutuan txartel horia ikusi du. Boussafak, 24. minutuan, erdiratu du eta Iraizozek kornerrera desbideratzea lortu du. Unerik nahaspilatuenak izan dira, eta ordu erdia iristear zela, Ustaritzek buruz Lukakuri gura barik laga dio eta aurrelari gazteak, ezkerrez, gehiegi gurutzatu du.

Partidaren ekimena Athleticek berriz hartu du eta hurrengo minutuan Yestek boleaz jaurti du atezainak harrapa zezan, Llorenteri area parean zangotrabatzen zuten bitartean. Hortik gutxira txartel horia erakutsi diote Yuhaszi, baina zorte txarra agertu da, edo ez horren ona behinik behin. Kontraeraso azkar batean Lukakuk jokaldi polita egin du, ezkerrez jaurti, Iraizozek motzean urrundu du eta Bigliak, eskuinez gertutik, barrura bultzatu du baloia.

Ke morea hego harmailatik eta San Mames izozturik geratu da… eta baita taldea ere, azken uneotan aukera bat sortzeko indarrak atera dituen arren. Zoritxarrez Proto atezainak belaunarekin desbideratu du De Marcosen jaurtiketa.
Atsedenaldian bi gai nagusi: ekimena, erritmoa, baloia jokatzeko nahia, belgikarren indarra eta markagailuan desabantaila, jokuari dagokionez, eta, zelaitik kanpo, Anderlechteko zale askok zeramaten eguna istiluak nonnahi sortzen.

Aldegeletatik bueltan, Muniain Yesteren ordez irten da. Hasieran zurigorrien nahia eta atzoko zurien beldurra, errespetoa eta nekea, nahitanahiez batu dira. Martinezek aukera izan du, gero Llorenteren erdiraketan gure jokalariek eta harmailetatik penaltia eskatu dute, belaunean jotzen ziola bazirudien arren, … Publikoa ere berpiztu da eta berdinketa gertuago ei zen.

Bigarren zatia hasi eta denbora gutxira, 54. minutuan, Susaeta Gurpegiren ordez zelairatu da eta laster arriskua sortu du, areaz kanpotik intentzio guztiarekin jaurtiz eta baloia barrurantza zihoala San Josek berdinketa ezarri du.

Athletic Cluben kemena hainbat minututan luzatu da eta Kouyateri erakutsi dioten horiaren ostean Susaetaren erdiraketa itxia heldu da, baina Protok kornerra bidali du. Are gehiago, 65. minutuan Llorentek buruz kanpora gutxigatik errematatu du, behar bada izan duen aukerarik garbiena.

Ondoren Toquero De Marcosen ordez sartu da eta Anderlechtek bigarren zatiko arriskurik nabarmenena sortu du, ia bakarra, nola ez, Lukakuren bitartez 68. minutuan, baina haren ezkerkada bortitza gutxigatik kanpora abiatu da.
Gure taldeak gasolinak bazeukan, baina zaila zen, belgikarren lehen bi zentralak lan ona egin baitute eta burua zulotik atera dutenean ongi kudeatu dute egoera. Irten berria zenak, Toquerok, buruz kanpora errematatu du eta 75.ean Orbaizek urrutitik bota du, baina baloiak atzelari baten hankan jo du kornerrean amaitzeko.

Une arriskutsuak ziren. Athleticek ekimena zeraman, ia betiko moduan, baina erritmo altu bera ordu t’erdiz zelai gainean ipintzeko talderik ez da jaio oraindik eta Anderlecht erosoago sentitu da. De Sutter Lukakuren ordez irten da eta minutuak urtu dira, azken egunotako elurra bezala. Gainera, zorte txarrari eusteko edo, Javi Martinezek min hartu du, hainbat unetan Athletic hamar jokalariz ibili da eta zorigaiztokoari eusteko, 92. minutuan Llorentek buelta erdian gora errematatu du.

Ondoren nola probokatzeko ikasgaia zeharo ikasita dakartenei jaia soropilean bertan ospatzea bururatu zaie eta askok eguna hasi duten moduan amaitu dute, muturrekoak gora muturrekoak behera. Orojakileek interpretatuko dutenaz gain, etxekook arduraren bat izango dugu, jakina, baina ezta handiena ezta lehena ere ez. Guzti hori UEFAk Vienako gertakizunengatik zigorra plazaratu duen egunean, bi partida ateak itxita, bat izateko aukerarekin zintzo portatzen baldin badira, eta 20.000 euroko isuna… barregarria aurrekariak ikusita Bruselan gerta daitekeena buruan edukiko ez bagenu. Austriakoekin joanekoan ez baitzen gertatu ezta erdia ere…