Athletic Club - RC Deportivo
Jardunaldia 17
Liga

Athletic Club - RC Deportivo

Athletic Club
Athletic Club
12
RC Deportivo
RC Deportivo
  • 86' Llorente
  • Adrián (p.) 22'
  • Adrián 52'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Joko dexente; soropila, epaile eta emaitza, ez

Athletic Clubek 1 Deportivok 2Athletic Clubek 1-2 galdu du A Coruñako Deportivoren aurka bederatzi jokalariekin…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Deportivok 2


Athletic Clubek 1-2 galdu du A Coruñako Deportivoren aurka bederatzi jokalariekin amaitu duen norgehiagokan, azken Ligako bost partida elkarren segidan irabazten generamatzan bolada ona hautsiz. Llorentek egin du gure taldearen gola eta Adrianek (2) bisitarienak. San Josek txartel gorri zuzena ikusi du, Kopan ezin izango du egon, eta Ustaritzi gauza bera gertatu zaio bi txartel hori erakutsi diotelako, eta Ligan, La Rosaledan, baja izango da.

Partidan zehar Athletic Club nagusi izan da, baloi jabetza eta aukera gehienak izan ditu, behetik jokatzen saiatu da soropilaren egoera negargarria gaindituz, eta ate aurrean trebetasun falta erakusteaz gainera, epailearen erabakiekin egin du topo, ondorioak gehienetan Athleticen aurkakoak izan dira eta.

Eta lehia amaitu bezala hasi du gure taldeak, erasoan. Llorentek eskuinez kanpora jaurti du partida hasi bezain pronto eta segituan epaileak txartel horia erakutsi dio Juan Rodriguezi, atsedenaldia baino lehenago jada zelaian izango ez zena, baina zoritxarrez ez zen egoera horretan bakarra suertatuko.

Zurigorriak jo eta su aritu dira eta Toquerok berebizko aukera izan du laugarrenean, baina arrasean gurutzatuegi jaurti du Aranzubiaren aurrean. Hurrengo horia Gurpegirentzat izan da ordu laurdenera heldu baino lehen. Ia jarraian David Lopezek falta atera du eta atzelari bat bere atean sartzeko zorian egon da, baina Aranzubiak ondo erreakzionatu du baloia kornerrera desbideratuz.

Norabide bakarreko lehian 21garren minutuan baloi luze batek ezustea eman digu, Adrianek atzelariei bizkarra hartu die, arean sartu da eta bertan zela Ustaritzek orpoz baloia argi eta garbi kendu dio. Ez horren garbi epailearen ustez, penalti seinalatu baitu. Adrianek gola egin du.

Athletic amorratu da eta bereari eutsi dio, hau da, erasotzeari. David Lopezek eskuinez kanpora jaurti du, baina gauzak gehiago okertzeko San Josek txartel gorria ikusi du 33garrenean, Adrianek berriro ere bizkarretik agertu denean, eta arean sartzeko zela atzelariaren eskua bere gorputzean sentitu duenean jauzi egin da. Epailearena bat gehiago eta zelaian bat gutxiago.

Bazirudien Athletici berdin zitzaiola, aukerak zurigorriak izaten segitu baitira. Adibidez Llorentek buruz langa gainetik 38garrenean errematatu du eta bi minutu beranduago Iraolak Llorenterekin bat bikoa egin eta gero, Aranzubiaren aurrean bakarrik zela, jaurti du baina atezainak hankarekin desbideratu du. Jokaldirik onena, dena den, 44garrenean heldu da. Toquerok Muniaini pasa dio horrek sakonean itzuli dio eta Aranzubiaren aurrean jaurti beharrean Llorenteri azken pasea ematen saiatu da, baina atzelari batek kornerrera urrundu du. Gainera, korner jaurtiketa Llorentek buruz errematatu du eta Gurpegik, ia atepean zela, zailena egin du, baloia buruz langa gainetik bidaliz.

Atsedenaldira joan baino lehen txartelek bisitari kutsua hartu dute. Laureri horia atera diote Muniaini enegarren falta egiteagatik eta gorria Juan Rodriguezi, bigarren txartel horia ikusteagatik. Hamar hamarren aurka eta gezurra bazirudien ere Athletic 0-1 galtzen.

Aldaketarik ez bigarrenerako, ez jokalarien aldetik, berehala Antonio Tomas Lassaden ordez irten bada ere, ezta ere jokuari dagokionez. Gurpegik aldaratze bat langa gainetik bidali du eta 51garren minutuan Llorentek buruz desbideraturik errematatu du. Eta lehen zatian bezala Deportivok ia espero gabe petroleo atera du: Aranzubiak baloi luzea bidali du, Ustaritzek Adrienekin salto egin du, baloia Adrianentzat solte geratu da eta aurrelariaren jaurtiketa zero eta bia bihurtu da baloia Gurpegik eta Iraizozek ikutu ondoren.

Gero eta zailago, baina Athleticek ez du amorerik eman. Hasteko 55garren minutuan Muniainek lasterketa luzea jaurtitzen amaitu du, baina Aranzubiak harrapatu du; eta 57garrenean Gurpegik boleaz atezainaren eskuetara bidali du. Ion Velez eta Susaeta Toquero eta David Lopezen ordez zelairatu dira eta hortik gutxira Gabilondo Castilloren ordez, ezker lateralean kokatuz.
Athleticek nekea nabaritu du, ez zen gutxiagorako, bat gutxiagorekin eta San Mameseko soropilak lagundu baino kalte egiten baitu, batez ere gure taldeak ekimena etengabe eramaten duenean eta gaur bezala gehienetan baloia behetik mugitzea hobesten duenean.

Sasi guztien gainetik, zurigorriek azken txanpa erasoan igaro dute. Lehen Muniainek 77. minutuan langa gainetik jaurti du, gero Colottoren penaltia eskatu da, baloia lurretik bitan eskuarekin jotzeagatik, baina onena, gola, etortzear zen oraindik eta Llorentek Iraolak ezkerrez eginiko erdiraketa buruz sareetara bidali du 85garrenean.

Hala eta guztiz ere, gaurkoan zoriontsuak izateko beta gutxi izan dugu eta laster batean Ustaritzek bigarren horia ikusi du. Arratsaldean merezi izan duen bakarra. Bederatzirekin egotea ez da galga izan, akuilua baizik eta partida berdintzeko beste aukera pare bat sortu da. Lehena Gorka Iraizozek buruz errematatu duenean, baina Manuel Pablo atzelaria atezain bihurtu da eta barrurantz zihoan baloia eskuarekin moztu du, narbarmen. Epaileak kasurik ez. Eta amaitzeko Aranzubiak Gabilondoren falta jaurtiketa ona kornerrera bidali du… Lan eskerga ezebez ateratzeko. Ea asteazkenean Kopan Barçaren aurka joku eta aukera gutxiago sortzen den eta kanporaketa aurrera ateratzen dugun urteko hasiera txarra konpontze aldera.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Castillo; David Lopez, Gurpegi, Orbaiz, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Aitor Fernandez; Iturraspe, De Marcos, Gabilondo, Susaeta, Ion Velez eta Javi Martinez egon dira. Deialditik at Koikili, Ocio, Iñigo Perez, Balenziaga eta Igor Martinez egon dira.

Deportivok honako hamaikakoa zelairatu du: Aranzubia; Laure, Colotto, Aythami, Lopo, Manuel Pablo; Juan Rodriguez, Ruben, Juan Dominguez, Adrian; eta Lassad. Aulkian Manu; Morel, Juca, Pablo Alvarez, Antonio Tomas, Valeron eta Rochela.

Epailea Rubinos Perez. Laguntzaileak Calvo eta Alvarez izan dira.