Athletic Club - Real Sociedad
33. jardunaldia
Liga

Athletic Club - Real Sociedad

Athletic Club
Athletic Club
21
Real Sociedad
Real Sociedad
  • 17' Muniain
  • 28' Toquero
  • J.Martínez (b.a) 30'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Jo lehen, eutsi gero, goian segitzeko

Athletic Clubek 2 Realak 1Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Realari. Muniain eta Toquero golegileak izan…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Realak 1


Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Realari. Muniain eta Toquero golegileak izan dira eta Javi Martinezek, bere atean, bisitarien gola egin du. Garaipen honen eskutik bosgarren segitzen du gure taldeak Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla. Lehia borrokatua izan da oso, gure taldeak partidako gol guztiak egin duen arren. Zurigorriek hasiera ona izan dute. Halaz ere, lehen jo ondoren donostiarrak ustekabean norgehiagokan sartu dira eta ondo eutsi eta gero, amaiera sufritua baina gozoa izan da. Hurrengo jardunaldiari begira San Josek ezin izango du jokatu bosgarren txartela ikusi eta gero.

Espero zen bezala, derbyaren antza izan du demak. Lehia orekatua izan da, tentsio handikoa eta, deseatzen zen legez, Athleticek etxeko bolada onari lotu zaio “betiko” errezetari segituz, hau da, arerioak baino lehen jo, abantailari etsi kudeaketa txukuna eginez eta hiru puntuak poltsikoratu.

Lehen bost-hamar minutuetan ameskeria bizi da. Reala izan da ekimena eraman duena, lehen itzuliko partidan zelairatu zuen ea hamaikako berarekin, eta arrisku gehiegirik pairatzen ez zuen arren, Athletici dezente kostatzen zitzaion gora jotzea. Tarte horretan San Josek buruz langa gainetik errematatu du eta Dani Estradak ere debuta egiten zuen Raulek baino azkarrago kanpora errematatuz.

Hala eta guztiz ere, gure taldeak tresneria berehala koipeztatu du (Raulen presentziarekin batera, ezker hegalean Amorebieta izan da ezusterik nabarmenena) eta abiadura eta erritmo handiz min egiteari ekin dio. Azkenean jokatzeko baimena izan duen Muniainek ezker hegaletik lehen zuloak topatu ditu, bere aurtengo Ligako bosgarren gola egin baino zertxobait lehenago (iazko Ligan baino bat gehiago darama jada). Dena den, estrategiatik heldu da lehen gola.

Martin Lasarteren partida jokatu aurreko prentsaurrekoari so eginez (Llorente geldiarazteko lehen itzulian egin zuena ez zuela errepikatuko esan zuen) aukera asko egon bazegoen gauza bera errepika zedin, baina oraingo honetan Athletic estrategian, eta estrategiatik at ere, finago ibili da. Athleticek partidako lehendabiziko abagunerik argiena David Lopezek eskuinez jaurtiz izan du, baina Bravok baloia kornerrera bidali du. Hortik bat eta zerokoa etorri da: Llorenteren burukada Bravok motzean utzi du marra inguruan eta Muniainek eskuinez gertutik sareetara errematatu du. Zelaietatik at egiten den lanak ere bere fruituak ematen ditu eta zorionez inolako argudiorik gabe zigortua izan zena hor zegoen.

Gola hemezortzigarren minutuan heldu da, eta zurigorriek eraso elektrikoak egiteari eutsi diote. Toquerok buelta erdian aukera izan du eta atzelari batek urrundu du, baina bost axola zitzaion, Toquerok bereari eutsi baitio eta 28garrenean taldeko bigarrena egin du, Llorenteren lagapena bikaina eta eskuinez baloia gurutzatuz.

Zoriontasuna betiko ez denez, tamalez, hurrengo minutuan Javi Martinezek bere atean sartu du gola Zurutuzaren erdiraketa desbideratuz. Bi eta batekoak bizitza osoa eman dio zelaian galduta zegoen taldeari, unera arte bere arriskurik handiena Muniainek Prietori areaz kanpo egin ei dion falta izan bada ere. Gure aldetik, kolpea hartu ondoren, 36garren minutuan Toquerok berriz ere aukera bikaina izan du, baina Bravori baloia ostu ostean jaurtiketa behartua eta angelu gutxiagorekin kanpora abiatu da. Baina ez da hor amaitu lehen zatiko emozioa, Raulek Griezmanni geldiketa bikaina egin baitio 40garrenean. Llorentek buruz inozo errematatu du Bravoren eskuetara, honen irteera susmatu gabe.

Bigarren zatia hasi eta berehala De Marcos Iraola minberatuaren ordez, badaezpadako neurri gisa, zelairatu da eta 58garrenean Tamudo Ifranen ordez. Azken honek berehala txartela ikusi du. Partida definitu barik zegoen, beste era bat ezer taxuzkorik ez zela gertatzen adierazteko, baina markagailuk erakusten zituen zenbakien gertutasunak jarraitzaileak erne zituen; nahiz eta abaguneak inoiz baino urriagoak izan diren. Batek ez zuen punturik galdu nahi eta besteak ez zekien nola eskuratu.
Aukerei dagokienez, gehienak txuri-urdinak izan dira bigarren zati honetan, baina jokaldi isolatuetan, asko kostatzen baitzitzaion ekimena eramatea. Esaterako Demidovek korner baten jaurtiketa eskuinez kanpora errematatu du 70garrenean.

Orbaizek, beste askoren artean, horia ere ikusi du. Gurpegik hartu du bere tokia. Bestalde, Realak ez zuen aukerarik sortzen eta, aitzitik, Athleticek abagune paregabea sortu du, estrategian kasu honetan, baina Martinezek David Lopezen falta jaurtiketa errematatu du eskuinez, Bravok desbideratu duen arren. San Josek ere beste txartela bat ikusi du, zigorra suposatzen duena .

Aurkarien aulkitxotik Sutil agertu da, Zurutuzaren ordez zelairatu du Lasartek eta Griezmann punta erdira pasa da.
Nahi eta ezin Reala eta Athletic Clubek eusten. Dena den, zaila da txuri-urdinen aukerak aurkitzea, Raulek Prietori baloia desbideratu diona, 76garrenean, nabarmenena izan baita. Hiru minutu beranduago Susaeta Llorenteren ordez sartu da, bigarren aurrelari bezala, baina emaitza bera izan da: ez zen giro Realarentzat eta Athleticek, aldiz, Susaetaren aukera garbia izan duen arren -azken unean irrits egin du- aldi berean kalkulagailua ipini du martxan europar aukerak aztertzeko eta horretarako gaurko hiru puntuek ere berebiziko balioa dute. Ea hurrengo astelehenean Espanyolen aurka beste aurrerapauso bat ematen den.


Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Raul; Iraola, San Jose, Ekiza, Amorebieta; David Lopez, Javi Martinez, Orbaiz, Muniain; Llorente eta Toquero. Aulkian Aitor, Koikili, De Marcos, Gabilondo, Susaeta, Gurpegi eta Urko Vera egongo dira. Ibai eta Ruiz de Galarreta geratu dira deialditik at.

Real Sociedadek honako hamaikakoa zelairatu du: Bravo; C. Martinez, Ansotegi, Demidov, D. Estrada; Rivas, Aranburu; X. Prieto, Zurutuza, Griezmann; eta Ifran. Aulkian Zubikarai; Mikel Gonzalez, Elustondo, Markel, Labaka, Tamudo eta Sutil.

Epailea Fernandez Borbalan izan da.