Real Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 1
Liga

Real Madrid - Athletic Club

Real Madrid
Real Madrid
41
Athletic Club
Athletic Club
  • 25' Marcelo
  • 86' Callejón
  • Llorente 13'

KokapenaSantiago Bernabéu , Madrid

‘Déjà vu’ edo pelikula jada aski ikusita

Real Madrilek 4-Athletic Clubek 1Athletic Clubek 4-1 galdu du Real Madrilen aurka. Marcelok, Ronaldok bi…

Athletic Club

Real Madrilek 4-Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 4-1 galdu du Real Madrilen aurka. Marcelok, Ronaldok bi aldiz, biak penaltiz, eta Callejonek egin dituzte etxekoen golak eta Llorentek gure taldearena, partidako lehena alegia. Ez da harritzekoa Ligako lehen sailkatuaren aurka galtzea, baina aurrez aurretik ikusitakoaren sentsazioa geratu zaigu oraingo honetan ere, frantsesez “déjà vu” bat esaten dena.

Ezaguna onerako eta, batez ere, txarrerako. Athletic Clubek aurpegia eman du, zelaian mugitzeko bere erari eutsi dio, hamaika eta hamar jokalariekin, De Marcosen txartel gorria eta gero -ez da Vallecasen egongo larunbatean-, markagailua alde zuela eta aldea ia garaiezina zenean; taldeak joko ona egin du hainbat pasartetan, batez ere lehen zatian, baina ez du partida erabat alde ipini ahal izan duenean, eta bigarren zatian ezin izan du gutxienez berdinketa denboran luzatu eta hori garesti ordaintzen da jo hilgarria eta luzea duen arerioaren aurka. Eta inork ez dezala pentsa aitzakia dela etxekoen garaipena gutxiesteko, baina epailearen lanak zalantza asko sortu du.

Inork ez du zalantzan ipintzen jokatzen uzteak dituen abantailak, ikuskizunerako izugarri ona da, norgehiagokek erritmoa dute, eta behin baino gehiagotan, partidak galtzen ere, Mateuren lana goraipatu egin dugu hementxe bertan, baina gauza bat da jokatzen uztea noizean behin, jokatzen uztea area batean eta bestean ez eta, puzzlea osatzeko, txartelak eta bere koloreak desberdinak izatea egilearen arabera. Hau da, laburbiltzearren, jokatzen uztea primeran dagoela, baina mesedez, irizpide berberak mundu guztiarentzat aplika ditzatela.

Beldurrik gabe, aurrean nork zeukan jakitun eta bereari eutsiz, horrela zelairatu da Athletic Club. Real Madrilek baloia ongi tratatzen duten jokalarien zerrenda zelairatu du eta biak golaren bila abiatu dira hasieratik. Real Madrilek Graneroren jaurtiketa bigun bat, Iraizozen eskuetara, eta Ronaldoren falta jaurtiketa kanpora ipini ditu mahai gainean eta zurigorriak hasierako diesel itxura berehala abandonatu dute. De Marcosek behartuta kanpora jaurti du hamaikagarrenean, baina hamahirugarrenean gola egin du.

Atzean sendo, baloia lapurtu eta pase gutxitan Javi Martinezek kobazulotik irten eta baloi ederra ipini Llorenteri horrek zetorkion moduan ezkerrez zero eta batekoa ezar zezan. Real Madrilek urrutitik eginiko jaurtiketen bitartez saiatzen zen, Granero Iraizozen eskuetara, Kakak kanpora, eta Athleticen beste abagune bikaina: Muniainek gogor jaurti, Casillasek urrundu eta De Marcosek kanpora bidali du aldaratzea dena alde zeukala.

Dena den, Real Madrilen aurka ezin zara fio, eta Granerok berriz eman dio lana Iraizozi eta Benzemak kanpora errematatu du, baina 25garrenean Marcelo berdindu du Benzemarekin berarekin hormarena egin ostean. Athleticek partidari eutsi dio. De Marcosek txartel horia ikusi du eta jarraian Cristiano Ronaldok ere, eta hor hasi dira irizpideak dantzan eta dantzan dena ezin da kontrolatu eta kontrolaezina denez gero, ezin dugu Bernabeun zerurik espero. Protestatzeaz gain, bigarren zatian gol bi lortu duenak merezimenduak egin ditu beste txartel hori bat ikusteko. Pelikula hori ere ikusita zegoen eta amaiera ez zen zoriontsua.

Atsedenaldira arte talde biek erasora begira segitu dute. Benzemaren burukada Iraizozek harrapatu du. De Marcosek eskuinez kanpora errematatu du. Iraizozek Benzemaren jaurtiketa gelditu du, Kakak kanpora jaurti du, baina Llorentek 38. minutuan aukerarik garbiena izan du Herreraren pasea jasotzean, baina ezkerkada lekutara joan da aurrean soilik Casillas zuela eta atsedenaldira joan baino lehen Casillasek areaz kanpo irten behar izan du Susaetaren aukera oztopatzeko.

Lan erdia, baina Bernabeun denbora mantso doa, edo oso azkar aldageletatik bueltan penaltia eginez gero. Asteartean izan ez zena gaur bai, Mirandes eta Madril m letraz hasten dira, baina irizpideak ez dira berberak. Iturraspek elastikotik heldu dio Kakari eta penaltia Ronaldok gola bihurtu du.

Arazorik ez, Athleticek jokatzeko era bakarra dauka eta horri eutsi dio. Muniainen jaurtiketa Casillasek kornerrera bidali du 49garrenean, Herrerak kanpora bidali du bi minutu beranduago eta Ronaldok buruz oso desbideraturik 53garrenean. Real Madrilek markagailua alde izanez gero, bere min egiteko gaitasuna biderkatzen da, baina aurrera jotzea baino ez zen geratzen. Toquero eta Ibai sartu dira ordubeterako Llorente eta Amorebietaren ordez. Ibai eskuinetik kokatu da, Susaeta ezkerretik eta De Marcos ezker hegalean, baina atzean.

Indar berriturik De Marcosek eskuinez gutxigatik kanpora jaurti du eta Herrerak boleaz kanpora 65. minutuan, baina aldaketen onura frogatzeko aukerarik ez da egon, minutu horretan etxekoek aldaratze bat kontraerasoa bihurtu dute, De Marcosek penaltia egin dio Ozili, eta Benzemak baloia barrura bidali duen arren, epaileak penaltia adierazi du eta De Marcosi txartel gorria erakutsi dio. Beste txandaketa Ligarako. Ronaldok hirugarrena egin du.

Eta dena amaitu da, Athletic goian presionatzen saiatu da, baloia mugitzen, baina arerioa gehiegi zen. Gainera Higuain Benzemaren ordez zelairatu da erasoa freskatuz eta Lass Graneroren tokian emaitzari eusteko, Iñigo Perezek Susaeta ordezkatzen zuen bitartean. Iraizozek geldiketa bikaina egin dio Higuaini eta partida aldatzeko tenorean egon da, baina pelikula ikusita zegoenez gero, amaiera ez da zoriontsua izan, irizpideak irizpide. Lassek Toquerorekin izan duen hika-mikan gorria behar zuen; Ramosek penaltia egin dio Ibairi 75garrenean, baina seinalatu ez denez, Ramosek bere bigarren horirik gabe geratu da -beste hainbatetan merezimenduak egin ditu- eta geuk penaltirik eta aldea txikitzeko aukerarik gabe.

Eta amaitu bitartean sufrikarioa. Higuain zutoinera eta Kakaren ordez sartu den Callejonek ezkerrez kanpora bidali du 83garrenean eta hiru minutu geroago laugarrena egin du, irizpideak irizpide, Ramosek enegarren aldiz zurigorri baten orkatila astindu eta gero, kasu honetan Muniainena. Kontraeraso azkarra, azken pase zoragarria eta alde gehiegi ikusi dena islatzeko, baina futbola eta bere gauzak horrela dira. Beraz, urteko lehen golak jaso ondoren, Madrilen asteartera arte geratuko da taldea Palmara Kopako finalerdien bila abiatu baino lehen. Bestelako lehiaketa, helburu ezberdinak eta izpiritu bera.