Real Sociedad VS Athletic Club 2011-10-2 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
07. Jardunaldia

Real Sociedad1 : 2Athletic Club

Llorente34'
Llorente70'
Laburpen bideoa
Estadioa
Anoeta
Herria
Donostia
Data
02/10/2011
Ordua
12:00
Data eta ordua
2011-10-2 - 12:00

Hiru puntu nekea, beroa eta Realaren gainetik

Real Sociedadek 1 Athletic Clubek 2 Athletic Clubek Ligako lehen garaipena lortu du Anoetan Real…

2011ko urr. 2a

Real Sociedadek 1 Athletic Clubek 2

Athletic Clubek Ligako lehen garaipena lortu du Anoetan Real Sociedad taldea 1-2 mendean hartu ondoren. Llorentek egin ditu gure taldeko gol biak eta Iñigo Martinezek etxekoena. Zurigorriek azken partidetako bolada onari ekin diote eta bigarren zatiko lehen hogei minutuak kenduta nagusi izan dira hainbat uneotan zoratu egin den partidan.

Gure taldeak ederto egin die aurre, besteak beste, arerioari, beroari eta atseden ezari denboraldiko hirugarren garaipen erdiesteko eta bide onetik doala azpimarratzeko. Beste behin ere zurigorriak zelaian ekimena eramatera irten dira, bere futbol ideiarekin, eta sasi guztien gainetik, norgehiagoka izpiritu horrekin amaitu dute. Orain bi asteko geldialdia dago egutegiaren, hau da telebisten hurrengo kapritxoa dastatu arte, eta emaitza honekin sailkapenean gorantz egiteaz gainera, giroa askoaz lasaiagoa izango delakoan gaude.

Goizeko espagetiak jan eta gero, eguzkipean, Athletic Clubek zelairatzean erakutsi duen Kilometroak ekimenaren alde erakutsi duen pankartaren leloarekin, “Klik”, bat egin du lehen unetik, motorrak piztu eta partidaren bila abiatu da. Bigarren minutuan De Marcosen barneraldia eta jaurtiketa ez dira nahiko izan Bravo gainditzeko eta aldaratzea Llorentek zutoinera bidali du.

Ondorengo kornerra Gurpegik buruz langa gainetik bidali du. Termometroak 30 graduen inguruan zeuden, harmailetan altuagoak, eta hasiera indartsuaren ostean indarrak parekatu dira, arrisku zentzazioa soilik Bravoren inguruan nozitzen zen arren. Halaz ere Zurutuzak urrutitik jaurti du eta baloia Javi Martinezen ukitu eta gero kornerrera abiatu da. Segituan burukada Iraizozen eskuetara joan da eta hortik aurrera Athleticek ekimena berreskuratu du.

Ez zirudien bisitariak zurigorriz jantzitakoak zirenik. Baloia pazientziaz mugituz, metro gutxitan sartuta zegoen Realaren zuloak topatzen saiatzen ziren, behin eta berriz, zurigorriak. De Marcosek, gaur berriro ere zelai erdian, areaz kanpotik jaurti du eta Bravok harrapatu du arazorik gabe. Zailtasun gehiago izan du 24. minutuan Iker Muniainek zelai erdian ia ia hasi duen barneraldia salbatzeko, baina esku ona atera dio azkenik partida osoa mina irabaziz jokatu duenari. Geroago, Muniainek berak jaurti du baina atzelari batek urrundu du korner baten ostean, baina 34. minutuan merezimenduak eta emaitza bat etorri dira.

De Marcosek baloia Llorenteri sartu dio. Aurrelariak gorputzarekin babestu du baloia arean buelta erdia eman eta oin putarekin esferikoa ukitu du Bravoren irteera gainditzeko. Eta hortik atsedenaldira, Realak metroak aurreratu ditu, baina arriskurik sortu gabe.

Espero zen bezala, eta nekearen mehatxupean, Realak aste osoan partidarik gabe eta geuk azken partida amaitu genuenetik 61 orduetara berriz berdegunean geunden, etxekoak indartsuago zelairatu dira. Athleticek zelai erdiko nagusitasuna galdu du eta atzean geratu da irteera askorik gabe. Zurutuzak langa gainetik jaurti du, Martinezek Zurutuza beraren errematea ekidin du eta segituan Griezmannekin tupust egin du, bularrean kolpea hartuz.

“Zapaldu ezazu” harmailetatik entzun ostean eta hegalean sendagile eta masajistarekin zegoela, Iturraspe Gabilondoren ordez sartu da. Nahasmen orokor horretan gutxien espero zenean Realak berdinketa lortu du. Ordubetean. Iñigo Martinezek, epailea eman duen bote neutralaren ondoren, bere zelaitik ezkerkada bikaina bidali du Iraizozen gainetik.

Partida hauetan askotan gertatzen den legez, zoramena harmailetan eta zoramena zelaian, ia beti kalterako. Javi Martinezek San Joseri tokia utzi behar izan dio eta Realak partida bere alde mugitzeko aukera izan du, bikoitza. Hat-trick man, Griezmannek, Iraizozen irteera gainditu du, baina zorionez baloia zutoinera joan da. Ondorengo erdiraketa Agirretxek buruz errematatu du eta Iraizozek geldiketa bikaina egin du. Hor amaitu da Erreala edo hortxe gure taldea berpiztu da.

Pixkaka lehen zatiko dinamikara itzuli gara, hau da, Reala zain eta Athletic bideak bilatu guran. Eta saria heldu da 70. minutuan. Amorebietaren pase luzea hutsunera Llorentek zetorkion moduan errematatu egin du eskuinez sareetara. Athleticek, oraingoan bai, nekea, eguzkia eta arerioa baztertu ditu ordenaturik segitzeko, baloi jabetza luzeak izaten eta defentsan ordenatuago ipiniz, Sarpong, Zurutuzaren ordez, eta Llorente, Griezmannen ordez, zelaian egon arren. Gainera kontraerasoan jaso duen baino min gehiago sortu du. Llorentek urrutitik Bravoren eskuetara, De Marcosek ez du Iraola eskuinaldean bakar bakarrik ikusi eta Susaetaren ordez zelairatu den Toquerok bitan aukera izan du, batean atzelari bat aurreratu da eta bestean Bravo fin ibili da, baina hiru puntuak dagoeneko eskuetan zeuden.

Bost puntu beheko zulotik ateratzeko eta azken asteotan genion legez, zentzazioak eta jokoa garrantzitsuagoak ziren, nahiz eta emaitzak eta puntuak behar. Ildo beretik adierazten genuen goizegi zela ondorioak ateratzeko. Onerako eta txarrerako. Orain gauza bera esan dezakegu, puntuekin bada askozaz hobe gauden arren, eta goizegi zen baita ere jada horretan esperientzia omen duten batzuk “Bigarrenera” oihupean ongi etorria eman digutenean. Liga luzea da oso eta egutegien gurpil zoroan murgilduta urriaren 17an, astelehenean, derbyaren bigarren atala daukagu, Osasunaren aurka San Mamesen… UEFAri berrekiteko hiru egun lehenago. Nekeaz gain, ea aste honetako aldeko emaitza berarekin den.