Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Jardunaldia 16
Liga

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
11
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
  • 79' Aurtenetxe
  • Álvaro 90'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Merezimenduak, frustrazioaren parekoak

Athletic Clubek 1 Racingek 1Athletic Clubek eta Real Racing Clubek bana berdindu dute San Mamesen,…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Racingek 1


Athletic Clubek eta Real Racing Clubek bana berdindu dute San Mamesen, Aurtenetxek eta Alvarok, biek buruz, egin dituzte golak frustrazioa sortu baino ez duen emaitza osatuz. Beste behin ere, Athletic nagusi izan da norgehiagokan, gure taldea izan da baloiaren monopolioa izan duena, zurigorriek aukera gehien sortu dituzte, Bielsarenak izan dira garaipenaren aldeko apustu garbia egin duten bakarrak, baina arerioak azken uneotan lehia berdindu egin du (jada hirugarrenez Ligan) partida osoan atera joan den bigarren jaurtiketan.

Berdinketa krudela, batez ere aurretik ipintzea zenbat kostatzen duen kontuan hartuta eta nola heldu den, sailkapenaren erdialdean mantentzen gaituena eta, Europa Leagueren tramitea albo batera utzita, hurrengo igandean espero zaigunaren aurrerapena, edo hirugarren kapitulua, Granadaren aurka galdu, Racingen aurka berdindu eta Zaragoza falta baitzaigu Ligako urtea amaitzeko. Frustrazioa, puntu dezente gehiago merezi ditugulako eta azken uneko gol horregatik dauden eta ez daudenen inguruan eztabaida antzuak sortzen direlako. Norbanakoek dihardute, baina Athletic talde bat da.

Arestian aipatu duguna ikusita, ez dugu denbora gehiegirik galduko Athletic aurkitu duen panorama deskribatzeko. Racing, espero zen bezala atzean sartu da eta patuaren eskuetan ipini da, hots, Athletic zein defentsako lanaren trebeziaren eskuetan eta kontraeraso/estrategian ea zerbait agertzen zen. Eta Granadari bezala, zerbait tokatu zaio, gutxiago kasu honetan, beharbada gure taldeak lortzea asko kostatu zaiona galtzeko beldurraren eraginez jokatu duelako azken minutuetan, bere buruari muzin egin diolako, azken finean.

Lehen uneotatik baloia, nagusitasuna eta aukerak zurigorriak izan dira. Laugarren minutuan Iraolak arrasean indartsu jaurti du eta baloia barrurantz zihoala, atzelari batek kornerrera urrundu du. Toquerok baloia berreskuratu du hamabigarrenean, eta bere jaurtiketa kornerrean ere amaitu da. Lau aldiz lehen ordu laurdenean. Tamalez, ostean ere, asko izan dira txokotik atera diren baloiak, baina arriskurik ez da sortu horrela, ezta nabarmena faltetan ere.

Hamahirugarrenean Martinezek ezin izan du errematatu. Helduerak hegaletatik, erdiraketak Toñoren eskuetara edo kornerrera, Racing atzean sartuta, baina etekinik ez. Presioa gogotik egiten zen, zelaiaren edozein tokian eta beste erasoaldi bat prestatu… alferrik.

Minutuak aurrera joan ahala, Athletic zertxobait dinamika galdu du eta desmarkeak ez ziren horren garbiak. Eraginkortasun eza ikusita logikoena da gertatu dena, Racing apur bat aurreratu da eta zurigorriek kontraerasoan ere mehatxatu dituzte. Bitartean, aurrelaririk aurreratuena, Aranak, baloia atepetik atera du 25. minutuan Toñok ukabilez urrundu duenean, Colsaren bizkarrean jo eta aterantz itzuli ondoren.

Racingi espero zitzaiona heldu zaio 27garren minutuan, kontraerasoa erdiraketa arearantz eta Iturrasperen aldaratze biguna Diopek errematatu du, baina Iturraspek berak kornerrera bidali ahal izan du. Aranak desbideraturik jaurti du 32garrenean, baina ameskeria izan da, berehala Athleticek lehen minutuetako ekimena berreskuratu duelako. Herrerak jaurti du 34garrenean eta baloia atzelari baten gorputzean jo eta gero, zutoinera joan da. Esferikoa ez da Toquerorantz zuzendu, baizik eta Toñoren eskuetara. Eta bultza eta bultza atsedenaldira heldu gara.

Bigarren zatiari begira Susaeta ezkerretik hasi da eta Muniain eskuinetik. Lehoiak gogotsu hasi dira eta Iraolaren barneraldiak Toñoren eskuetan amaitu du. Susaetak bere posizio berritik jaurti du 49garrenean, baina baloia kornerrera abiatu da eta are garbiagoa izan da 51garrenean izan duena, Toquerok orpoz baloia utzi eta gero, baina behartuta eta ezkerrez Toño gainditu du, baina jaurtiketa langa gainetik joan da. Taldea ez da desegin eta Bielsak bere itxura aldatu nahi izan du ordubeterako, Gabilondo Susaetaren ordez eta David Lopez De Marcosen tokian sartuz. Ostean, Amorebietari bizkarreko minak jokatzen segitzea galarazi dio 67garrenean eta Ekizak bere tokia bete du.

Panoraman aldaketarik ez, baloia izan, saiatu alboetatik eta erditik eta hurrengo aukera golaren aurrerapena izan da 71. minutuan: Aurtenetxek eskuinaldetik zetorren baloia errematatu baitu, baina atzelari bat garaiz gurutzatu egin da. Segituan Herrerak arrasean jaurti du baina baloia gutxigatik kanpora joan da.

Athletic Clubek hirukoizten zuen arerioaren jaurtiketen kopurua, baina Racing lasai samar zebilen, bere aldaketa planari jarraituaz. Lehen Acosta Aranaren ordez eta gero Luque Adrianen ordez. Azkenean, 80garren minutuan Toquerok eskuinaldetik erdiratu egin du eta Aurtenetxek buruz sareetara bidali du. Saria, merezimendu osoz eta beranduegi heltzen zena. Bere lehen gola partida ofizialean eta, bitxikeri gisa, gol horrekin, hasierako hamaikakoan zelairatu diren zelaiko jokalari guztiek jada daukate golak aurtengo Ligan, orotara hamabi badira ere, Gabilondok eta David Lopezek gola sartu dutelako.

Racingek ez du bere itxurarik aldatu, etsita zirudien, eta zurigorriak bigarrenaren bila abiatu dira. Muniainek banako jokaldia egin du, baina bere jaurtiketa indarrik gabekoa izan da Toñoren eskuetara. Tamalez bisitariek estrategian zerbait egin zezaketela konturatu dira Bernardok langa gainetik buruz 86garrenean errematatu duenean, eta faltak bilatu dituzte partidan zehar kimera zena eskuratzeko, are gehiago Stuanik Munitis ordezkatu duenean.

Halaz ere, Toquerok eta Aurtenetxek jokaldia errepikatu dute, itxuraz behintzat, David Lopezek jaurtiketa erdiraketa egin du eta, bitartean, Iraolak bere bosgarren txartela ikusi eta, beraz, ez da Zaragozaren aurka egongo. Luquek Iraizozen eskuetara egin du partidako lehen jaurtiketa atera, baina Athleticek ez partida behar bezala itxi eta lehian denbora gehien galdu duena etekina atera du 92garrenean Alvarok buruz area inguruko enegarren falta barrura errematatu baitu. Zenbat dira, bestalde, Athleticen aurka bere bizitzako lehen gola, askotan bakarra, egin dituztenak?

Eta frustrazioa eta sinesgogortasunaren artean amaitu da partida, izan zitekeena eta izan denaren arteko zubiarekin amestuz eta konponbideak bilatuz, bakoitzak berea. Astebete daukagu puntuak hirunaka zenbatzeko, baina tartean europar fase onari amaiera eman behar diogu Parisen, kasu honetan helburua jada beteta daukagula eta, gainera, etxekoak ez direla itxiko jakitun.