Athletic Club VS Levante UD 2012-1-15 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
19. Jardunaldia

Athletic Club3 : 0Levante UD

Amorebieta11'
Llorente41'
San José88'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
15/01/2012
Ordua
18:00
Data eta ordua
2012-1-15 - 18:00

Golak, irmotasuna eta sentzazio onak

Athletic Clubek 3 Levante UDk 0Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Levante taldeari lehen itzuliko azkenaurreko…

2012ko urt. 15a

Athletic Clubek 3 Levante UDk 0


Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Levante taldeari lehen itzuliko azkenaurreko partidan. Amorebietak, Llorentek eta San Josek, buruz guztiek, egin dituzte gure taldearen golak sailkapeneko laugarrenaren aurka. Emaitzari esker taldea bosgarren dago taulan, baina gaur egungo kokapena baino askozaz garrantzitsuagoak dira jokoa eta zentzazioak eta San Mamesera hurbildu direnak horrela ulertu dute erraza izan ez den norgehiagokan. Dena den, lehiaketak ez du etenik urtarril honetan eta asteazkenean bertan Joaquin Caparrosek zuzentzen duen Mallorca Kopako final laurdenetan bisitari daukagu. Beste hitzordu erakargarria, zalantzarik gabe.

Levantek norgehiagokari gogotsu ekin dio, konplexurik gabe, presioa gure arean hasiz, eta Kone zein Barkeroren zorroztasunarekin erasoan. Gainera, gure eskuin hegala itxi nahian, Del Horno eta Juanfran kokatu ditu bata bestearen atzetik (edo aurretik). Lehen aukerak bisitarienak izan dira eta protagonista arestian aipaturiko Kone. Eskuinez kanpora laugarren minutuan, urrutitik lekutara zazpigarrenean, baina beti gure arearen inguruan.

Askotan gertatzen den legez, erlojuaren eskutik berotzen joan da Athletic. De Marcosen jaurtiketa bat, areaz kanpotik eta zetorkion moduan gaurko seinalea izan da. Baloia oso desbideraturik abiatu da, baina taldeak berehala erasoari ekin dio. Kontraeraso azkar bat kornerrean amaitu da Ballesterosek Llorenteri baloia kendu dionean. Alferrik, Susaetak txokotik atera du eta Amorebietak, bakar bakarrik buruz lehenengo gola egin du.

Arerioak ez du etsi. Konek, nork bestela, buruz errematatu du 14. minutuan, baina bigun Iraizozen eskuetara. Halaz ere, Athletic buru belarri sartuta zegoen jada eta erritmoz beteriko lehian arriskualdiak sortu ditu. Llorenteren zartakoari erantzun ona eman dio Munuak, aldaratzea Aurtenetxek arearantz bidali du berriro eta hor De Marcosek buruz kanpora errematatu du. Llorenteren burukada Munuak harrapatu du 21garrenean eta bost minutu beranduago berriz langa gainetik ezkerrez jaurti du.

Baloia alde batetik bestera, baina zurigorriak indartsuago area bietan, amaieran Juan Ignacio Martinez kanpotar entrenatzaileak azaldu duen legez. Joan etorri batean De Marcosek aukera bikaina izan du 31. minutuan baina eskuinkada gutxigatik kanpora abiatu da.

Gutxigatik kanpora ere Barkeroren falta jaurtiketa 36. minutuan. Ezkerrez ondo jo du, baina ez du atearekin asmatu. Ondoren apur bat estutu du Levantek, baina Athleticen erantzuna hilgarria izan da. Iraizozek baloia berreskuratu Susaetari pasa, horrek luze Llorentek baloia jaitsi ziezaion De Marcosi, Guardiakoak iskin egin dio atzelariari eta baloia Munuaren gainetik loratu atepan Llorentek buruz bi eta zerokoa ipintzeko. Berrogei minutu baina atsedenaldia baino lehenago Munua Llorenteri aurrea hartu dio, Muniainen jaurtiketa harrapatu du eta Muniainek gutxigatik ez du Susaetaren erdiraketa errematatu.

Bigarren zatiari begira Valdo zelairatu da Nanoren ordez, Del Horno zentral moduan kokatu da eta Juanfran atzeko ezker hegalean. Hasteko txartel horia Aurtenetxeri, bosgarrena eta okerrik ezean ezin izango du Bernabeun egon. Tamalez ohikoa den bezala, hotz samar zelairatu da Athletic eta Barkerok lehen aukera izan du 47garrenean. Ezkerkada gutxigatik kanpora joan da. Konek lana eman dio Iraizozi 56garrenean eta atezainaren irteera Koneren saiakera kornerrera bidali du. Koneri ere jokoz kanpo ez zena seinalatu diote eta bere hurrengo jaurtiketa sareetara joan den arren, gure atezainak ez du ahaleginik egin baloia harrapatzeko.

Hortik aurrera zurigorriek hobeto kudeatu dute baloia eta indarrak parekatu dira. Muniain bitan saiatu da, txartel horiak alde guztietatik partekatzen ziren bitartean.

Levanten Ruben El Zhar-en ordez zelairatu da 67. minutuan, Valdo eskuin aldera pasa da. De Marcosek ez du behar bezalako kontrola egin arean, Toquerok atsedena eman dio Llorenteri eta 78. minutuan ez da gutxigatik heldu Muniainen pase sakonera, Muniainek berak ostean gutxigatik kanpora bidali du eta Juan Ignacio Martinezek geratzen zaion azken bala, Rogerrena gastatu du Xavi Torresen ordez, eta gurean erantzuna automatikoa izan da, San Jose zelairatu baita Herreraren ordez hiru zentraleko lerroarekin jokatzeko.

Behin eta berriz saiatzen ziren, baina hurrengo abagune garbia Muniainena izan da. Arerio asko atzean utzi du, baina azkenik Munuak bularrez kornerrera bidali du. Zaleek saririk gabeko ahalegina eskertu diote Iñigo Perezi txanda eman dionean, baina kornerra atera baino lehenago Juanfranek bigarren txartel horia ikusi du. Kornerra, azkenik atera da eta San Josek buruz, hirugarrena egin du, baina gehiago izateko aukera egon da Toqueron burukada Del Hornok buruz atepetik aldendu baitu du.

Gehiegitxo izango zen beharbada, baina egia zen, partida polita ikusi dugu eta aurten jada dira lau partida golik jaso gabe daramatzagunak, aurtengo guztiak, bost iazko azkenarekin.