Rayo Vallecano - Athletic Club
Jardunaldia 21
Liga

Rayo Vallecano - Athletic Club

Rayo Vallecano
Rayo Vallecano
23
Athletic Club
Athletic Club
  • 10' Michu
  • 25' Arribas
  • Llorente 15'23'68'

KokapenaVallecas , Madrid

Urrezko puntuak zelai zail batean

Rayo Vallecanok 2 Athletic Clubek 3 Athletic Clubek garaipen garrantzitsua eskuratu du Rayo Vallecanoren zelaian…

Athletic Club

Rayo Vallecanok 2 Athletic Clubek 3

Athletic Clubek garaipen garrantzitsua eskuratu du Rayo Vallecanoren zelaian 2-3 irabaziz. Hiru puntu oso garrantzitsuak partida itsusi eta borrokatuan, azken finean espero zen bezala. Fernando Llorentek gure taldearen hiru golak egin ditu, bere kirol ibilbideko lehen hat-tricka Ligan osatuz. Rayoren golak Michuk eta Arribasek egin dituzte. Eta orain bai, Kopa dugu zain asteartean Mirandan. Alde batzuetan ez da norgehiagoka oso ezberdina izango.

Espero zen legez partida ez zen abagunerik onena ekimen iraunkorra eramateko eta estrategiako jokaldiek berebiziko garrantzia izango zuten, eta halaxe izan da. Golak, aukerak, borroka latza eta emozioa gainezka, zelaian eta harmailetan, ikuskizun polita baita talde bietako jarraitzaileak bakoitzari berea eta berdegunean gertatu behar dena gerta dadila.

Eta teoriatik praktikara. Hamargarren minutuan etxeko golegileak, Michu, bat eta zerokoa buruz korner baten jaurtiketa errematatuz Tamudok buruz ukitu ondoren. Honez gero Iñigo Perezek txartel horia zeukan jada eta baloi bakoitza guda bat zen. Trashorrasek desbideraturik jaurti du 14garrenean eta partidak ez zeukan itxura onegirik, baina zelai txiki horretan oraindik asko gertatzeke zegoen. Eta gertatu da, Perezek falta jaurti du zelai erditik eta Llorentek buruz bere nagusitasuna erakusteari ekin dio. Burukada eta banakoa. Casadok bere txartela ikusi du eta lehia orekatu da, baina lasaitu ez.

Athletic hobeto kokatu da eta 24garrenean Llorentek baloi luzea ondo jaitsi eta prestatu du eskuinez bigarrena ezartzeko. Gainera Tamudok zelaia utzi behar izan du besoan min hartu eta gero Iraizozek gelditu dion jaurtiketan. Rayco bere tokian sartu da. Halaz ere, Vallecasen lo hartuz gero ezusteak berehalakoak dira eta bi minutu beranduago berdinketa heldu da. Iraizozek jaurtiketa bat desbideratu du, baina ez urrutira eta baloia marratik oso gertu geratu denez, erne zegoen Arribas atzelariak esferikoa bultzatu baino ez zuen egin behar harmailak sutan ipintzeko.

Hortik atsedenaldira arte Rayo Vallecano izan da jaun eta jabe. Movillaren zartakoari erantzun ona eman dio Iraizozek 33garrenean, baloia desbideratuz. Titok gutxigatik kanpora jaurti du 36garrenean eta 43garrenan Michuk izugarrizko aukera izan du Iraizozi baloia hanketatik ostu ostean. Zorionez atezainak bere hankasartzea azkar konpondu du eta baloia oinetatik kendu dio aurrelariari.

Bigarren zatian gauzak ez dira horren errazak izan etxekoentzat. Athletic sendoago egon da eta gainera eraginkortasuna mantendu du. Minutuak pasa ahala Rayo Vallecanok gehiago igarri du erritmo altua. Beste lesio bat, Dani atezainarenak, Cobeñoren presentzia ahalbidetu du. Jokaldi horretan Susaetak abagunea izan du baina Tito azken unean gurutzatu da.

Eta irten eta berehala Cobeñok Llorenteren burukada harrapatu du, nahiz eta beranduago ezin izan du gauza bera egin. Munian zelaiaratu da Susaetaren ordez eta, lehen zatian ez bezala, Rayok pazientzia behar izan du lehen abagunea dastatzeko, 65. minutura arte hain zuzen ere. Iraizozi baloiak ihes egin dio, Michuk kontrolatu du, baina jaurtiketa egiteko lekurik ez du topatu eta atzera egindako pasea Trashorrasek langa gainetik bidali du.

Hortik gutxira Llorentek hirugarrena egin du eta, azkenik, aspaldian Lanzaroteren aurka Kopan egin zuen legez, haren hirugarrena egin du Ligan. Toqueroren erdiraketa ona izan da oso eta burukada barrura joan da Cobeñok ukitu duen arren. David Lopezek, aspaldiko partez taldean sartu barik zegoen, urrutitik kanpora jaurti du eta Llorentek laugarrena egiteko aukera aparta izan du, baina oraingo honetan burukada langara joan da. Ostean Delibasicek Piti ordezkatu du eta Athletic lasaiago bizi da, Vallecasen lasaia egotea ia ezinezkoa den arren.

Ekiza ere taldera itzuli da Iñigo Perezen ordez eta hiruko defentsa antolatu da. Azken ahalegina etxekoentzat, Herrera Toqueroren ordez zelaian zela: Raycoren jaurtiketa bat kanpora, Michuren jaurtiketa Iraizozen eskuetara eta unerik zailena 86garrenean heldu da Trashorrasen jaurtiketa bat Iraizozek ezin izan duenean harrapatu. Azkenik ez da ezuste gehiagorik gertatu, beharbada Ligak zor dion apur bat itzuli dio Athletic eta taldea jada Kopako finalerdietan pentsatzen ari da.