Athletic Club VS RCD Espanyol 2012-2-4 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
22. Jardunaldia

Athletic Club3 : 3RCD Espanyol

De Marcos25'
Llorente58'
J.Martínez64'
Romaric32'
Weiss47'
Albín91'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
04/02/2012
Ordua
18:00
Data eta ordua
2012-2-4 - 18:00

Partida ikusgarria eta samina azken uneotan

Athletic Clubek 3-RCD Espanyolek 3 Athletic Clubek berdinketarekin (3-3) amaitu du Espanyolen aurkako partida eta…

2012ko ots. 4a

Athletic Clubek 3-RCD Espanyolek 3

Athletic Clubek berdinketarekin (3-3) amaitu du Espanyolen aurkako partida eta ezin izan du erasoko produkzioari etekinik atera. De Marcosek, Llorentek eta Javi Martinezek golak egin dituzte eta bisitarienak Romaricek, Weissek eta Albinek ia azken unean. Pena, beste behin ere garaipenak azken segundotan ihes egiten digulako eta jada laugarren aldia da Liga honetan. Kontuak egitea erraza da oso, lau bider bi berdin zortzi, baina askozaz garrantzitsuagoa da taldeak transmititzen duena, etengabe aurrera jotzea garaipenaren bila edota garaipena handitzearen bila, bere nortasunari eutsiz eta inork ezin du ukatu gure taldea tartean dagoen bakoitzean futbola puri-purian bizitzeko aukera dagoela eta gaurkoa adibide argia izan da. Hori bai, partida amaituta orain Koparen bila abiatzen da taldea eta asteartean hitzordu erabakigarria San Mamesen dugu zain.

Partidak giroaren hotza hasieratik ezabatu du. Zurigorriak ziztu bizian irten dira aukerak pilatzen eta zalegoa berotzen. Espanyol ez da atzean geratu, baina etxekoen lehen minutuak ikusgarriak izan dira. Llorentek bosgarren minutuan zale askori sinestarazi egin dio bere burukada gola zela eta epaileak gola baliogabetu egin zuela zirudien. Ez da horrela izan, atzelaria elastikotik tiraka zuen arren (ikus argazkia hainbatetan errepikatu egin dela) buruz errematatu du, baina gutxigatik kanpora joan da.

Romaricek abisua eman du zazpigarrenean baina Iraizozek kornerrera bidali du. De Marcosek arrasean gutxigatik kanpora, Casilla oso urrun zela, Muniainek eskuinez kanpora hamabigarrenean, David Lopezen ezkerkada Casillak kostata bereganatu du. Llorenteren mugimendu ona kornerrean amaitu da, atera denean Javi Martinezen jaurtiketa atzelari batek kornerrera bidali du. Hogeigarren minutura heldu gabe erritmoa, bertikaltasuna eta… erritmo gehiago.

San Josek langa gainetik buruz errematatu du bosgarren kornerra, elurra, euria, denetik zegoen San Mamesen eta golik gabe bada ere, inor ez zen aspertzen. Eta are gutxiago De Marcosek aldaratze bat bereganatu duenean, tunelarena atzelari bati egin eta arrasean barrura bidali Casillak ukitu duen arren. Hogeita bosgarren minutua zen.

Baina asko ikusteko zen oraindik. Berehala Hector Moreno Iraizozen aurrean geratu da, ez zegoen jokoz kanpo, baina atezainak kornerrera bidali du. Espanyolek aurrera jo du eta tamalez, Romaricek gol ikusgarria sartu du 32garrenean. Zortea izan du baloia nola etorri zaion kontuan hartuta, baina gola ona izan da oso.

Berriro berpiztu dira zurigorriak, atsedenaldia baino lehenago etekinik atera ez duten arren, eta are gogorragoa izan da bigarren zatiaren hasiera. Baina lehenago Muniainek lana eman dio Casillasi, Llorentek ere, bisitariek abisua eman dute, baita Weissen bitartez eta Morenori gola baliogabetu diote. Sorbalda apur bat aurreraturik zeukan errematea egin duenean, baina gola emanez gero inor ez zen harrituko.

Atsedenaldian David Lopez eta Perez aldageletan geratu dira Susaeta eta Herrerari tokia egiteko, baina sartu berriek ez dute denborarik izan betiko eskemari egokitzeko, Weissek izugarrizko zartakoa bidali baitu urrutitik sareetara 47garrenean. Golak lehia baldintzatu du, jakina, eta Athletic Clubek ordu laurden bat baino gutxiago behar izan du norgehiagokari buelta emateko.
Susaetak falta bat atera du 58garrenean eta Llorentek asteko seigarren gola egin du, buruz oraingo honetan, binakoa ezartzeko. Athletic berrindartu da eta Espanyol ez da kikildu eta Susaetak baloia atepetik atera behar izan du Rui Fonteren burukada aldentzeko. Coutinho, bisitarien hamaikakoan ezustea, minduta zegoen eta Thievy bere ordez ateratzeko prest Llorenteren borrokak korner behar tu duenean. Atera da, atzelariek urrundu dute, baina Herrerak baloia areara bidali du eta hor Javi Martinezek buru primeran hirugarrena egin du.

Athletic ez da atzean sartu, ez delako bere ohiko portaera arerioak behartzen ez baldin badu behintzat eta, askoren ustez, ez dakielako horrela jokatzen. Iraolak izan du hurrengo abagunean, baina Casillak harrapatu du. Erritmoa ikaragarria zen alde bietatik. Albin Rui Fontesen ordez sartu da eta Susaetak partida erabakitzeko aukera izan du. Baloia primeran kokatu du bere eskuin hankan eta oso ondo bidali du urrunago zeukan zutoinera. Pena.

Llorentek bere tokia utzi dio Toquerori ordu laurden bat falta zela, bere ehungarren partida zurigorriz betetzeko. Espanyol erreakzionatzen saiatu da, baina Iraizozek harrapatu du jaurtiketa. Eta Espanyolen entrenatzaileak prentsa aretoan kontrakoa esan arren, bisitariek ez dute etxekoak euren arean sartu. Laurogeigarrenean Susaetak beste aukera bat izan du, ez du jaurti eta erdiraketa kornerrera joan da. Kalu Uche sartu da Forlinen ordez eta berriz Athleticentzat izan da abagunea, baina De Marcosek ez du atearekin asmatu. Zurigorriek txartel horiak pilatu dituzte eta Herrerak bere zikloko bosgarrena ikusi du eta ezin izango du Sevillan Betisen aurka egon.

Luzapena, Athletic kontrako atezaina presionatzera joan da… eta Uchek baloia Albini sartu dionean Javi Martinez erori egin da… eta Albinek berebiziko zartakoa bidali du hiruko berdinketa egiteko. Zapore mingotsa beste behin ere emaitza eta moduarengatik, baina taldeak, bigarren zatiaren hasiera kenduta, oso partida ona egin du eta emaitzak helduko dira. Hori bai, asteartean Kopako ibilbide txukunari denon artean amaiera goxoa eman behar diogu, finalerako txartela lortuz. Orain, Koparen bila!