Real Betis - Athletic Club
Jardunaldia 23
Liga

Real Betis - Athletic Club

Real Betis
Real Betis
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 10' Rubén Castro
  • 91' Nelson
  • J.Martínez 22'

KokapenaBenito Villamarín , Sevilla

Porrota azken unean, baina ez harritzekoa

Betisek 2 Athletic Clubek 1 Athletic Clubek 2-1 galdu du Betisen aurka. Ruben Castrok eta…

Athletic Club

Betisek 2 Athletic Clubek 1

Athletic Clubek 2-1 galdu du Betisen aurka. Ruben Castrok eta Nelsonek egin dituzten zuri-orlegien golak eta Javi Martinezek gurea, txartel gorria ikusi duen partidan. Lehia txarto hasi da eta berdin amaitu, eta gaurko honetan puntu bat azken uneotan galdu bada ere, ez zen irabazleek aurretik merezimendu batzuk egin ez dituztelako. Halaz ere, badirudi min gehiago egiten duela horrela galtzea, azken 25 minutuetan jokalari bat gutxiagoz egonda ere. Orain, hau gelditzen ez denez, Europara begira ipiniko gara ostegunean Moskun beste erronka erakargarri bat baitugu zain, bikoitza gainera, Lokomotiv eta hotza.

Gure taldea betiko moduan zelairatu da, agintzera eta ekimena eramatera, eta halaxe gertatu da lehen uneotan, etxekoek
presioari neurria hartu dioten arte. Gainera, ezer berezirik egiteko astirik gabe, Ruben Castrok aldaratze bat hartu du arean eta baloia oso ondo bidali du atera Iraizoz gaindituz. Hamargarren minutua zen eta honezkero Athleticek arazo bikoitza zeukan. Zelai erdian baloia galtzen zuenean espazio asko uzten zuen eta presioa gaindituz gero nagusitasuna ez zuen aprobetxatzen benetako mina egiteko.

Eskerrak Javi Martinezek Susaetaren korner jaurtiketa aprobetxatu duen buruz berdinketa ezartzeko 23garren minutuan. Betis saiatu da Athletic arean sartzen, horretarako ez du inolako lotsarik izan faltekin erasoak etengabe mozteko eta atsedenaldira arte joan etorriz beteriko norgehiagoka izan da. Iñigo Perezek ezkerrez bitan Fabricio frogatu du eta bietan atezainak baloia urruntzea lortu du. Llorentek buruz kanpora errematatu du. Aurrean Montero izan da arrisku gehien sortu duena, alde batetik baloiarekin diagonalak ondo egiten zituelako eta, bestetik, behin arrasean gutxigatik kanpora errematatu duelako eta batez ere 45garren minutuan langara jaurti duelako banakako jokaldi ikusgarria egin eta gero. Aldaratzea Sevillak buruz kanpora errematatu du.

Bigarren zatirako Bielsak Iñigo Perez aldageletan utzi du San Jose sartzeko. Haren aburuz, atzeko hirukotearekin defentsako egitura sendoago izango zen Betisi min egiteko, baina hasiera ez da itxaropentsua izan, Iriney aspaldian irabazita zeukan txartel horia ikusi duen arren.

Iraizozek, 48. minutuan, Molinak gertutik egin duen errematea langaraino desbideratu du eta aldaratzea Sevillak golera bidali badu ere, jokoz kanpo zegoen. Sustoa pasa ostean Melek Pereira Monteroen ordez sartu du eta bazirudien Athletic partidan sartzen zela 55garrenean Fabriciok Llorenteren burukadari izugarrizko geldiketa egin dionean, Javi Martinezek ezkerrez lekutara jaurti du eta, gero, 62garrenean Iraola bakarrik geratu da Fabricioren aurrean, baina jokoz kanpokoa adierazi diote, izan ez den arren. Eta justu jokaldi horren ondoren Javi Martinezek bere bigarren txartel horia ikusi du eta partida zailago ipini da. Bat gutxiagorekin eta, gainera, biribilena ez zen egunean.

Salva Sevilla saiatu da beste behin ere, baina Amorebieta ondo gurutzatu da kornerrera bidaltzeko. Ez ziren aukera garbiak Betisek sortzen zituenak, baina Athletici asko kostatzen zitzaion atzetik irtetea. Ekizak Muniain ordezkatu du. Ekiza, San Jose eta Amorebietak atzeko lerroa osatu dute, Iraola eta Aurtenetxe hegaletatik zeuden eta erditik Iturraspe, De Marcos eta Susaeta Llorenteren atzetik, eta askotan elkarrekin, atzean lan eskerga egiten. Arazoa izan da Betisek jende gehiago pilatu duela aurrean eta baloia goizegi berreskuratzen zutela.

Santa Cruz Molinaren tokian sartu da, lehen Pozuelok Sevillaren lekuan egin duen moduan, eta bitxia bada ere, 75garrenetik aurrera zurigorriak kobazulotik irten dira eta nolabaiteko lasaitasuna ezagutu dute, baina ez dute aprobetxatu izan duten falta eta korner bilduma. Talde biek baloia galtzen zuten presiopean egon gabe eta guda horretan etxekoak garaile irten dira, ez baitzuten gehiegirik behar Iraizozen ingurura heltzeko.

Beñatek zartako ederra bota du 83. minutuan eta Iraizozen erantzuna ez da makala izan. Estutasunak pilatu zaizkio Athletici, baina ez ziren aukera nabarmenak. Epaileak ez du ikusi Ekizaren esku bat azken minutuetan, baina Betiseko jarraitzaileek jada ez dute aipatuko, luzapenean aurtengo Ligan bere lehen partida jokatzen zuen Nelsonek areaz kanpotik baloia behar zen tokian kokatu zuelako. Pena, azken unean heldu delako, baina gaurkoa ez da gure eguna izan eta horrela onartu beharko, beti irabaztea zaila baita oso. Ea gutxienez Errusian berriro bolada onari ekiten diogun.