Athletic Club VS Málaga CF 2012-2-19 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
24. Jardunaldia

Athletic Club3 : 0Málaga CF

Amorebieta58'
San José61'
Toquero62'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
19/02/2012
Ordua
16:00
Data eta ordua
2012-2-19 - 16:00

Eusteak irabazteko bidea ireki du

Athletic Clubek 3-Malaga CF-k 0 Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Malaga taldeari. Amorebieta, San Jose…

2012ko ots. 19a

Athletic Clubek 3-Malaga CF-k 0

Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Malaga taldeari. Amorebieta, San Jose eta Toquero golegileak izan dira bigarren zatian. Hiru minutuko ekaitzak partida zail bat erabaki du, batez ere lehen zatiko bisitarien aukerak ikusita. Atsedenaldiaren ostean bestelako kontua ikusi da eta zurigorriek garaipena eskuratzeaz gainera, talde bien arteko gol aldea berenganatu dute. 2012/13ko UEL-rako sailkapena ia ziurtaturik dagoenez, gure taldearentzat lehenengo lauen artean sartzea izan daiteke erronkarik nagusiena Ligan. Halaz ere, Vila-realera Muniain eta De Marcosik gabe joan baino lehen, europar sailkapena jokoan egongo da ostegunean. Ustezko beste partida ikusgarri bat zain daukagu.

Malagaren irteera ona izan da oso, ia geldiezina, baina taldeak eutsi egin dio. Sebak lehen minutuan eskuinez jaurti du eta baloia Ekizaren gorputzean jo eta gero kornerrera joan da. Atera eta Toulalanek kanpora errematatu du, buruz. Susaetari baloia luze joan zaio berehala eta Toquerok burukada kanpora bidali du buruz laugarrenean, baina lehen hogei minutuak sufrikarioa izan dira. Malagak ez zuen joko gehiegirik egiten bere zelaian, baina Rondonek buruz baloia jaitsi eta gero, garrantzi handiko guneetan bizi eta zorrotz ibili dira Pellegrinirenak banan banako lehia guztiak irabaziz. Gauzak horrela Iraizozek protagonismoa hartu du eta, zaila bazirudien arren, taldea atsedenaldira golik jaso gabe abiatu da.

Parentesi hori jada ahaztuta, etenik gabe kolosala egon da gure atezaina aukera hirukoitza seigarren minutuan ezerezean uzteko: Rondonek eskuinez gogor astindu du eta Iraizozek behean eskua sartu du, segituan aldaratzea gaiztotu da eta hor zegoen atezaina, eta baita ere Rondonen azken errematea desbideratzeko. Kornerra atera eta Rondonek berak buruz kanpora bidali du. Hasiera onari segida emanez, Iscok ezkerrez lan gehiago eman dio Iraizozi eta Iraolak lehen txartela ikusi du.

Zigortuen zerrenda handitu da, baina epaileak ez du inor konforme utzi eta irizpide zeharo aldakorrak erakutsi ditu. Horiei esker, gero ikusiko dugunez, Weligtonek partida osoa zelaian iraun du. Susaetaren falta jaurtiketa 16garrenean izan da berpizkundearen lehen seinalea, baina Sanchezen sorbaldak baloia kornerrera bidali du. Iraolak aurrea hartu dio Sebari eta Iscoren jaurtiketa berri bat harrapatu du eta gauza bera egin du Rondonen areaz kanpoko jaurtiketa bereganatzeko.

Herrerak ikusi du arratsaldeko bigarren horia eta berehala Weligtonek ere horia ikusi du. Dirudienez ostikada eman dio Toquerori eta hala izan bada baloia oso urrun zela, gorria behar zuen. Halaz ere, lehen zatiaren hondarrean Toquerori beste falta bat egin dio eta bigarren horia barkatu egin diote.

Athletic berpiztu egin da eta denbora gehiago pasatu du arerioaren zelaian eta jada estrategia garrantzia hartzen ari zen. Susaetak falta bat hesiaren aurka bota du eta De Marcosi gola baliogabetu diote 26. minutuan. Ondo baliogabetua. Dena den, Malagak ez zuen amorerik ematen eta 36garrenean Cazorlaren jaurtiketa Gorkak harrapatu du eta are arriskutsuagoa izan da arrasean egin duena, gutxigatik kanpora joan bada ere. Weligtoni txartel barkatuaren ostean Rondonek desbideraturik bidali du eta lehen zatia baikortasunez amaitzeko Toquerok aukera izan du. Aurrelariak Willy atezaina gainditu du, baina erdiraketa ahul atera zaio. Lehen zatian Malaga nagusi izan da, askozaz aukera gehiago izan du eta Athletic Clubek, golik jaso gabe ere, txarto defenditu du.

Bigarren zatiari ekiteko Llorentek Susaeta ordezkatu du, Toquero eskuinaldera mugiaraziz eta Amorebieta Ekizaren ordez, Rondonen markaketaren ardura hartuz. Hasiera ez da lehen zatikoa izan, orekatua lehen minutuetan eta di-da batean zurigorria partida erabaki arte. Llorentek buruz beharturik errematatu du altuegi korner jaurtiketa bat 55garrenean eta 58garrean lehen gola heldu da. Korner berri baten sakean aldaratzea San Joserengana joan da, honen zartakoa atzelari pare baten gorputzean jo du, baina aldaratzea Amorebietak ezkerrez indarrez sareetara bidali du. Bat eta zerokoaren ostean Athleticek odola ikusi du eta ez du errukirik izan.

Berehala kontraeraso azkarrean Muniainek ez izan du Willyren irteera gainditu, atezainak desbideratu du eta Herreraren jaurtiketa Iscok kornerrera bidali du. Ondorioa atzeratu baino ez du egin. Toquerok kornerra atera ondoren San Josek buruz sareetara errematatu baitu ordubetean. Baina gauzak ez dira hor gelditu. Hurrengo minutuan, zelai erditik atera eta berehala Munainek baloi bat lapurtu du, Herrerari sartu dio, horrek atzelari bat ia marra gainean gainditu du eta bere erdiraketa loratua Toquerok bolea ikusgarriaz sareetara bidali du. Zoramena eta dena erabakita hiru gol hiru minututan, duela hirurogei urte Las Palmasen aurka gertatu zen bezala.

Muniainek bosgarren txartel horia ikusi du eta ezin izan du Via-realen jokatu eta gauza bera gertatu zaio beranduago De Marcosi. Bitartean Pellegrinik aldaketa bikoitza egin du Joaquin eta Eliseu Recio eta Sebaren ordez zelairatuz, alferrik. De Marcos ez da gutxigatik heldu Lloreteren erdiraketara eta gero Camachok Toulalan ordezkatu du. Eta aldaketen atala ixteko Perezek Herreraren tokia hartu du. Malagaren lehen abagunea, eta ez oso argia, 79garren minutuan heldu da Weligtonek buruz errematatzean eta 80garrenean Rondonek gogor baina kanpora eskuinez jaurti du.

Athleticek presioa mantendu nahi zuen eta ez zion zirrikitu gehiegirik uzten arerioari. Halaber, aukerak sortu ditu, eta 83garrenekoa gure taldearen jokoa zer den azaltzeko adierazgarria izan da oso, Llorentek ezker aldetik erdiratu duenean Iraolak buruz kanpora errematatu duelako. Minutuak pasatzen joan dira eta Eliseuk arrasean kanpora egin duen jaurtiketa izan da gauzarik aipagarriena, garaipenaz gain jakina, hiru puntu hauek gure taldearentzat garrantzitsuak baitira gora begira segitzeko.
Orain lau egun partidarik gabe! Sinestezina dirudi, baina lau egun oso garrantzitsuak guztion artean San Mames gotorlekua bihurtzeko eta, bide batez, Lokomotiv gaindituz gero taldea Old Trafordera begira ipintzeko.