RedBull Salzburg - Athletic Club
Jardunaldia 4

RedBull Salzburg - Athletic Club

RedBull Salzburg
RedBull Salzburg
01
Athletic Club
Athletic Club
  • Ander Herrera 37'

KokapenaRed Bull Arena , Salzburgo

Final hamaseirenetan garaipenaren bitartez

Salzburgek 0 Athletic Clubek 1Athletic Clubek UEFA Europa Leagueko final hamaseirenetarako txartela eskuratu du, Multzoen…

Athletic Club

Salzburgek 0 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek UEFA Europa Leagueko final hamaseirenetarako txartela eskuratu du, Multzoen Fasea amaitzeko oraindik partida bi falta direnean, etxean aspaldian galdu gabe zegoen FC Salzburg 0-1 mendean hartu ondoren. Ander Herrerak gure taldearekin lehen gol ofiziala egin du 37garren minutuan eta, oraingoan bai, berdez jokatu dutenek abantailari eutsi diote eta jada dira bederatzi norgehiagoka segidan galdu barik daramatzagunak. Hamargarrena lortzea zailagoa dirudi, FC Bartzelona ahalguztiduna San Mamesera bisitari baitatorkigu igande honetan bertan, baina inork ez dezala pentsa gure taldeak jokatu baino lehen amorea emango duenik.

Baina domekako hitzordua hor zegoen arren, taldeak berebiziko erronka zeukan Austrian, etxekoek sailkapenerako borrokan murgilduta baitzeuden, irabaziz gero buru belarri gainera. Athletic Cluben hasiera eguna bezala izan da, hots, hotza, nahiz eta Salzburg kontraerasoan gusturago sentitzen zela zirudien, San Mamesen bezala, baina oraingo honetan erraztasun gutxiago topatu du.

Halaz ere, etxekoek baloi inozoak berreskuratzean arriskua sortzen zuten, lehen ordu laurdenera arte aukera nabarmenik ikusi ez dugun arren. Lehendabizikoa Jantscherek izan du, baina Iraizozek azken partidetako boladari eutsi dio. Aurrean Athleticek baloia zeukan, eroso saiatzen zen mugitzen, baina gehienetan bere ateari begira, hau da, austriarren presioak ez zigula uzten buelta ematen Gustafssoni erasotzeko. Eta behin lortuz gero, hamazazpigarrenean Susaetak egin duen bezala, laguntzailetariko batek jokoz kanpokoa seinalatu du. Hori eta Llorenteren jaurtiketa, Gustafssonek kornerrera desbideratu duena, izan dira hasierako abagunerik argienak.

Salzburgek beste aukera bat izan du, buruz, kasu honetan Schiemerek kanpora errematatu duenean hogeigarren minutuan. Ez zen presio antolatua, baina baloirik gabe ere, arrisku zentzazioa handiagoa zen Red Bullek babesten dituenen aldetik. Guretzat kontsolamendua ea txiripaz heldu da, Gustafssonek irrist egin duenean 21. minutuan, baina baloia ezin izan da berreskuratu. Aldiz, 27garrenean Cziommerek izan du bere abagunea, baina Iraizozek berriro ere bikain aritu da eta Aurtenetxek urrundu du behin betikoz baloia.

Hor amaitu da Salzburgen lehen zatiko arriskua, azken unean beste baloi galdu batek aukera Maierhoferi eman dion arren. Zorionez ez du ongiegi aprobetxatu. Bitartean Athleticek hobeto erabili du baloia eta 37garrenean presioak etekina eman du, Muniainek lapurtutako baloia sakonean Herrerari sartu dio eta bilbotarra golegile bezala estreinatu da Gustafssonen irteera lasaitasunez gaindituz.

Gola eta iskanbila, etxekoek etengabeko falta eskakizuna baitzeramaten, joaneko partidan gertatu zen legez, epaileari errua botatzen, detaile txikiak ahaztuz, adibidez Sekagyak jada 33. minutuan txartel gorria ikusteko merezimenduak egin dituela Llorenteri jauzian belarrondokoa emateagatik. Golak hautsak harrotu ditu eta gure taldea lasaitu da.

Valentzian eta Xixonen gertatu zena ikusita, zalantza zen, minutu gehiago jokatzeke, ea taldeak abantailari eusteko gaitasuna erakutsiko zuenetz. Baiezkoa izan da erantzuna. Lehenengo eta behin bigarren zatiari eusteko Toquerok Muniain ordezkatu du, prentsaurrekoan Bielsak aldaketa arinegia izan dela esan duen arren. Halaz ere, zailtasun gehiegi ez dugu pairatu. Eskema ez da aldatu. Toquero eskuinaldetik eta Susaeta ezkerraldetik jokatu dute, eta lehen aukera Susaetarentzat izan da ordubeterako, baina altuegi jaurti du.

Une horretan Monizek azken egunetan iragarritakoari muzin eginez, ez zuela jokatuko adierazi zuen eta, Leonardo zelairatu du Jantscheren ordez. Ez du berak arriskua sortu, 65garrenean Hintereggeren zartakoari beste erantzun ona eman diolako Iraizozek. Gainera Bielsari beste arazo bat sortu zaio: Iturraspek txartel hori inozoa zeukan gainean, harmailetatik bigarrena eske zebilen jendea eta, bigarren zatian ikusitakoaren arabera, litekeena zen gorria erakustea. Beraz, Amorebieta zelairatu da 68garrenean Iturrasperen ordez eta Javi Martinez, zentral moduan hasi dena, euskarrira pasa da. Aurrean, azken bala, Wallner (Leonardorekin batera golegilea San Mamesen) Cziommeren ordez berdegunera.

Aitzitik, gurea izan da aukerarik garbiena, San Josek eskuinez arrasean korner baten ostean errematatu duenean, baina Gustafssonek jaurtiketa igarri egin dio. Beste korner batean, etxekoen aurkako epailearen legendari jarraituz, Llorenteri penalti argia egin diote 76garrenean eta hortik gutxira Wallnerek langa gainetik jaurti du. Horixe izan da azken aukera, falta eta hegaleko sakeetan goitik min egiten saiatu diren arren. Athletic Club, aldiz, ondo defendatu da zentzu bikoitzean, batetik atzean egotea tokatu denean, une batez hiruko lerroa ezarriko zela bazirudien, baina laukoarekin amaitu da lehia eta, bestetik, baloia lapurtu denean, ia beti, arriskua sortzeko asmoarekin irten delako. Aspaldian gertatzen den legez, azken aukerak gureak izan dira, Llorentek buruz bigunegi errematatu du 80. minutuan eta De Marcosek eskuinez kanpora 89garrenean, dagoeneko Iñigo Perez zelaian zela Susaetaren ordez.

Ez zen abantaila gehiagorik behar multzoko lidergoari eusteko. Azken jardunaldian hamarna puntuko berdinketa emango balitz, Athletic Club, gaur irabazi duen PSG eta FC Salzburgen arteko ligaxkan gure taldea bigarrena litzateke, hori azken bi partidak galtzekotan, egun asko esatea dela. Beraz, sailkapena jada lortuta dago Europa Leagueko final hamaseirenetarako, hori zen helburua eta jada poltsikoratu da. Ez da marka txarra Bartzelonari aurre egiteko, bi egun gutxiagoko atsedenarekin bada ere. Bitartean, sailkapenaz goza dezagun.