Athletic Club - Real Oviedo
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - Real Oviedo

Athletic Club
Athletic Club
10
Real Oviedo
Real Oviedo
  • 73' Ander Herrera

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Partida eskasa eta emaitza aurrera segitzeko

Athletic Clubek 1 Real Oviedok 0Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Oviedori gutxi kontatzeko duen…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Real Oviedok 0


Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Oviedori gutxi kontatzeko duen norgehiagokan. Ander Herrerak egin du gola 74. minutuan. Emaitza honekin Athletic Clubek ostiralean, hilaren 23an, Madrilen egingo den final zortzirenetarako, eta gainerako kanporaketetarako, zozketan egongo da. Bi eta zeroko emaitzarekin amaitu da final hamaseirenetako kanporaketa eta, joaneko partidan ez bezala, gehiago kostatu zaio gure taldeari asturiarrak mendean hartzea. Esan bezala norgehiagoka ez da beste mundukoa izan, baina oraingo honetan askozaz aukera gutxiagorekin eraginkortasuna handiagoa izan da, edo antzekoa behinik behin, aurpegia eman duen arerioaren aurka.

Oviedok, joanekoan bezala, partida zuzena planteatu dio Athletic Clubi, hau da, presioa goian, lerroa Barriorengandik ahalik eta urrunen eta baloi luzeak borrokara, defentsatik eta batez ere atezainaren oinetatik. Eta zurigorriek lehia ondo hasi badute ere, Muniainek aukera garbia izan du hirugarren minutuan Susaetaren pase bat eskuinez areatik bertatik kanpora errematatuz, norgehiagokaren bilakaera ez da horren pozgarria izan.

Hasteko Amorebietak min hartu du bekainean eta bost puntu eman behar izan diote, hainbat minutuz partidatik at egon da eta gero beste hainbeste igaro du baloia buruz jo gabe, badaezpadako neurri gisa. Oviedok ez zuen abagunerik sortzen, baina baloia gune hotzetan mantentzen zuen.

Muniain izan da berriro protagonista hamaseigarrenean, baina behartuta errematatu du sakoneko pase bat. Nagusitasuna bai, sakontasunik ez, hau da, nagusitasun artifiziala, Oviedo eroso baitzen horrela. Eta gaua, eguna bezala, hotza bazen, jokoarekin ez da batere berotu eta Oviedotik etorritakoak gure jarraitzaileak baino zarata eta animazio gehiago sortu dute, batzuetan gure jokalariekiko errespetu gutxirekin, baina tira, jendea lokartuta zegoen zelaian eta baita harmailetan ere. Eskaintza pobrea zen, Herreraren entseatutako falta jaurtiketa eta Herreraren beraren areaz kanpoko burukada atezainaren aldaratzea aprobetxatu guran izan baitira gauzarik aipagarrienak.

Kontrakoan ere ez da oparotasunaren eguna (ezta kanporaketa ere) Juanparen urrutiko jaurtiketa bat kenduta, Iraizozek aise 43garrenean harrapatu duena. Bigarren zatiari begira, atzeko lerroan geneuzkan baloiei etekin gehiago ateratzeko asmotan edo, Bielsak Perez aulkian utzi du San Jose sar zedin Martinez eta Amorebietarekin batera lehen baloiak gehiago errentagarri bihurtzeko, Iturraspe eta, aldi berean, Iraola eta Aurtenetxe aurreratuz. Eta hasi eta berehala, Tartieren gertatu zen legez, Jandrinek aukera izan du, baloikada gutxigatik kanpora bidaliz.

Horixe, joanekoan bezala ere, izan da jokaldirik arriskutsuena. Hortik aurrera zurigorrien lana hobetzen joan da, erakustaldirik gabe, baina bi mailetako ezberdintasuna ageriago uzten. Lehendabiziko jaurtiketa aterantz Aurtenetxek egin du, buruz eskuinaldetik eginiko erdiraketa errematatzean, baina Barrio ondo kokatuta zegoen.

Ibaik Susaeta ordezkatu du 56garren minutuan eta Athletic pixkaka gehiago hurbiltzen zen Oviedoren arearantz, gehiegikeriarik gabe. Pachetaren mutilek ez zuten arazorik falta kopurua hirukoizteko txarteletan etxekoek irabazi duten arren. Oviedon bezala, estrategian itxaropena jarrita zeukaten, Rubiatok 65garrenean langa gainetiko burukadarekin ikusi den legez, baina hortik gutxira Athletic Clubek arriskuak uxatzeari ekin dio.

Martinezek buruz errematatu du 68garrenean, bi minutu beranduago etxeko zaleak, partida osoan kanpotarren menpe, erabat esnatu dira Toqueroren burukadaren eskutik, langara joan baita; Herreraren eskuinkada kanpora abiatu da eta azkenean 74garren minutuan lasaitasunaren gola heldu da. Iraizozek pazientzia izan du eskuko sakea ondo aukeratzeko, Munaini eman dio, honek bere zelaitik abiadura hartu du, arerioak gainditu ditu, eskuinaldera zabaldu du, hortik zetorren Iraolak burua altxatu du, Herrera ikusi eta atzerantz bidali dio baloia arrasean bat eta zerokoa egin zezan.

Eta azken minutu lasaiak bizi dira. Bustok Iraizozen sake eskasa aprobetxatu du Iraizozi gaueko geldiketarik “zailena” eginarazteko eta Herreraren burukada Dani Barrioren eskuetara joan da. Azkenik, etxerako lanak bete dira oporraldi txikian jarrita eta bizirik hiru lehiaketetan, nahiz eta Kopan hil edo bizikoak urtarrilaren 4an bertan hasiko diren. Bitartean, pilak kargatu behar.