Athletic Club - Albacete BP
Final zortzirenak
Kopa

Athletic Club - Albacete BP

Athletic Club
Athletic Club
40
Albacete BP
Albacete BP
  • 24' Susaeta
  • 64' Ander Herrera
  • 78' Toquero
  • 86' San José

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Gol ederrak final laurdenetara pasatzeko

Athletic Clubek 4 Albacetek 0Athletic Clubek 4-0 irabazi dio Albacete Balompie taldeari. Susaetak, Herrerak, Toquerok…

Athletic Club

Athletic Clubek 4 Albacetek 0


Athletic Clubek 4-0 irabazi dio Albacete Balompie taldeari. Susaetak, Herrerak, Toquerok eta San Josek egin dituzte zurigorrien golak eta hauei esker taldea Kopako final laurdenetan dago, hurrengo bi asteetan RCD Mallorcaren aurka erabakiko direnak. Garaipen argia eta garbia husnako berdinketekin amaitzeko eta lehiaketa honetan golik jaso gabe segitzeko.

Gure jokalariek hasieratik erakutsi dute ezusterako tarte gutxi utzi nahi zutela. Hasi eta berehala Llorenteren burukada harrapatu du Camposek eta hirugarren minuturako Llorentek berak markagailua irekitzeko aukera garbia zuela, eskuinez kanpora jaurti du. De Marcos eta Susaeta izan dira erdiraketak egin dituztenak, hurrenez hurren eta bien artean, Iraolaren laguntzarekin batez ere, hegal horretatik arriskurik handiena eroan dute lehendabiziko minutuetan. Albacetek Muniainen bidea itxi nahi zuen eta kontrako aldetik hutsuneak uzten zituen.

Hala eta guztiz ere, hurrengo abagunea ikusteko hamaseigarren minutura arte itxoin behar izan dugu, eskuinaldetik eginiko beste erdiraketa Llorentek oin puntarekin doi-doi Camposengana zuzendu duenean. Lehen minutuetan Albacetek presioa goian mantendu nahi zuen eta baloia atzetik atera. Baina esferikoa atzetik ezin zuen atera eta baloi luzeak gehienetan Athleticentzat ziren eta ostean, ongi konbinatuz, zurigorriek erdiko lerroa gainditzen jakin dute.

Bisitaren lehen jaurtiketa Torresek egin du Iraizozen eskuetara 16. minutuan, eta atezainak berak behera irten behar izan du baloi sakon zail bat harrapatzeko, baina gola heltzekotan Albaceteren atean izango zela zirudien. Iraolak arrasean erdiratu du atezainak har zezan, Llorentek buruz errematatu du langa gainetik 22an eta 24garrenean partida eta kanporaketa aldatu duen gola heldu da. Muniainen pase bikaina behetik Susaetari eta horrek, atezainaren aurrean, baloia goitik primeran loratu dio.

Gainera Albaceteri Santamaria Lezamakumea lesionatu egin zaio eta Herreros zelairatu da. Athleticek bigarrenaren bila segitu du eta Llorentek 36. minutuan buruz langa gainetik errematatu du. Hortik gutxira hasierako hamaikakora itzultzen zenak ia nahigabe gola egin du, Camposen aldaratzea bere hanketan errebotatu ostean gutxigatik kanpora abiatu baita. Lehen zatiko azken minutetan etxekoak lasaitu dira eta dena bigarrenerako geratu da.

Albacete gogotsuago irten da, gol batekin kanporaketa alde ipintzen baitzuen. Candelak urrutitik abisua eman du, baina zurigorriek berehala nagusitasuna erakusteari ekin diote, bezperan entrenatzaileak prentsaurrekoan esan zuen moduan, espekulazioa ez baita bere hiztegian agertzen. De Marcosek Susaetaren pasea zetorkion moduan errematatuz Camposen geldiketa bikaina ahalbidetu du 50. minutuan.

Aranaldek David Torres kendu du Curto sar zedin, bolbora gehiago izateko, baina heldu berria hortik gutxira lesionatu egin da eta Nuñezi tokia utzi behar izan dio. Beraz, arlo horretan ere maniobra tarte gutxi geratzen zitzaion Albaceteri, itxaropena bai, Athleticek ez baitzuen bigarrena egiten.

San Josek buruz oso desbideraturik bidali du esferikoa, baina aurrerapena besterik ez zen. Muniainek Camposen eskuetara errematatu du, Callek penaltia eskatu du eta, hortik gutxira, 64garrenean bigarrena heldu da. Lehena, hirugarrena eta laugarrena bezala, polita izan da oso.

Talde jokaldi bikaina beste behin ere, Susaetaren barneraldia, burua altxatu du, Muniaini laga dio eta horren zartakoa Camposek urrundu du, beste erremate bat eta aldaratzea areatik kanpora joan da Herrerak bolea izugarriaz bigarrena egin zezan.

Golak Albacete indargabetu du, guztiz. Toquerok Llorenteri atsedena eman dio, Curtok berea egin duen une berean. Nuñez irten berriak gaueko lan handiena eman dio Iraizozi, baina atezainak ezkerkada urrundu du. Ilusio optikoa izan da, Athleticek hirugarrena nahi zuen eta. Susaetak abagunea izan du, baina oraingo honetan Campos fin ibili da eta 77garrenean Toquerok hirugarrena egin du… orpoz!. Enegarren erasoa, Iraola hondoraino eta atzera egindako pasea Toquerok ezin errematatu, baina bigarrenez baloia atondu du eta orpoz sareetara bidali ere.

Atseden gehiago Ekizak Javi Martinezi eman diona 78garrenean eta Iñigo Perezek Herrerari bi minutu beranduago, baina taldeak ez zuen espekulatzeko inolako interesik eta laugarrenaren bila abiatu da, Iraizozen eskuetara joan den Teteren jaurtiketaren parentesiarekin. Gauzak horrela San Josek buruz Iñigo Perezen korner erdiraketa sareetara bidali du. Gol honekin jada hamalau dira aurtengo denboraldian gol egin duten zurigorriak. Eta gehiago egon da, Muniainek atezainaren aurrean ezin izan baitu baloia behar bezala loratu eta Toquerok, baloia langa gainetik bidali du bakar bakarrik zela.

Dena den, helburua bete da eta orain Mallorcaren erronka gainditu behar, baina lehenengo eta behin Liga ahaztu gabe, laugarrena baitatorkigu eta aukera bikaina da aldea murrizteko. Gero, gerokoak.