Athletic Club - RCD Mallorca
Final laurdenak
Kopa

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
20
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 34' Llorente
  • 58' Muniain

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Joanekoan abantaila Palmara bidaiatzeko

Athletic Clubek 2 Mallorcak 0Athletic Clubek abantailaz (2-0) amaitu du final laurdenetako joaneko partida RCD…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Mallorcak 0


Athletic Clubek abantailaz (2-0) amaitu du final laurdenetako joaneko partida RCD Mallorcaren aurka. Llorentek eta Muniainek, biak buruz, egin dituzte golak eta datorren asteazkenean Palman erabakiko da dena. Norgehiagoka osoan gure taldea nagusi izan da eta ekimena eraman du, baina lehen zatian bisitariek abagune argi pare bat izan dute min egiteko. Bigarrenean, aldiz, Athletic sendoago egon da atzean, erasoa ahaztu barik eta soilik estrategian aukerak sortzen saiatu dira Caparrosen mutilak, hainbatetan desabantailarekin konforme zeudela zirudien arren. Halaz ere, partidaren hondarrean Susaetak hirugarrena egin du, baina laguntzaileak, jokaldia bere aurrean zela, jokoz kanpo adierazi du, inondik inora izan dena. Kopa albo batera utzita, igandean Madrilen beste erronka bat, ez nolanahikoa, zazpigarren partidaz golik jaso gabe amaitzea. Horra hor.

Partida aurreko pronostiko ia guztiak bete dira, Mallorcak bere ohiko hamaikakoa, atezaina eta Nunes kenduta, zelairatu du eta atzean kokatu da gure taldearen akatsak aprobetxatu guran. Dinamika horretan Castrok baloi gozoa topatu du seigarren minutuan, baina hor zegoen Iraizozek atzelari batek desbideratu duen ezkerkada urruntzeko.

Gainera, Llorentek berehala ikusi du lehen txartel horia, bakarra izango ez zena. Halaz ere, zurigorriak ez dira urduritu eta betiko jokoa egiten saiatu dira, hemezortzigarren minutura arte lehen abagune garbia heldu ez bada ere. De Marcosek bizkarra hartu dio defentsari eta bere erdiraketa Aurtenetxek buruz errematatu du baina Calatayudek atepean erne ibili da arriskua uxatzeko. Taldea eta zaleak berotu dira, baina ez zen lan samurra aurretik zegoena, Mallorcak bi lerro trinko osatu baitu bere atezainaren aurrean.

Castro beste behin saiatu da, desbideraturik oraingo honetan eta De Marcosek pase ona jaso du Iraolarengandik, baina Calatayudek jaurtiketa igarri egin dio. Atzelariaren azken “zerbitzua” izan da, atsedenaldian zelaia utzi behar izan baitu gripeak jota. Segituan Herrerak areaz kanpotik oso gutxigatik kanpora jaurti du, baina Mallorcak zuloak topatzen zituen eta horrelako batean Pereiraren zartakoari beste erantzun bikain bat eman dio Iraizozek, golik jaso gabeko bere seigarren partidaren bila. Eta gauzak animatu direnez gero, gola heldu da.

Beste baloi bat atzelarien bizkarrera, De Marcos, oraingoan bai, bikain erdiratu du eta Llorentek buruz, indartsu, bat eta zerokoa egin du. Mallorcak ez du bere portaera aldatu, gol bateko desabantailarekin segitu du atzean bere abagunearen zain, eta ez da heldu. Gurean Amorebietak buruz kanpora errematatu du 43. minutuan, baina taldeak lasaitu ederra hartu du golarekin.

Aldageletatik bueltan eta abantaila kontuan hartuta, helburu bikoitza zen, aldea handitzea baina atzeko lana hobetzea eta biak lortu dira. Iraolarik gabe, Bielsak De Marcos kokatu du eskuin hegalean eta Iñigo Perez zelai erdian. Asmoa, berbera, gora begiratzea. Caparrosek, aldiz, Hemed kendu du eta Alfaro zelaira irten da, israeldarra baino zertxobait atzerago kokatuz. Tissone izan da bigarren zatiko lehen txartel horia ikusi duena (lehen zatiaren azken txanpan Cendrosentzat izan da). Horren ondorioz Perezek lehen abagunea izan du, baina Calatayudek kornerrera bidali du.

Erdilaria bera eta Muniain ez dira ados jarri 52. minutuan eta bigarrenek eskuinez, behartuta, kanpora jaurti du area marratik. Nunesek Muniainen erasoa moztu du eta txartela erdietsi ere, baina Athletic geldiezina zen eta bigarren gola heldu da. Susaetak orpoz esferikoa kontrolatu eta bideratu egin du eta bere erdiraketa txikienak, Muniainek, buruz angelutik sartu du. Bikain.
Bi eta zero, ordu erdi bat aurretik eta Mallorca berdin, desabantaila hori ez omen zitzaion gehiegi iruditzen edo ezin zuen aurrera jo. Martik Tissoneren tokian zegoen jada eta Pereirak txartel hori berri bat ikusi eta gero, Nsue Castroren ordez sartu da.

Bisitariek falta eta korner jaurtiketa izan dute arriskua sortzeko bide bakarra, baina ez dute etekinik atera. Soilik Pereiraren jaurtiketa bat, oso urrutitik oso urrutira, 65. minutuan eta honen jaurtiketa Martinezek desbideratu duena 84garrenean aipa dezakegu bigarren zati honetan. Korner ilara bai, baina errematerik ez.

Gure jokalariek, aldiz, ondo kudeatu dute, hutsuneak bilatzen zituzten baina zeroa mantentzea hirugarrena bezain garrantzitsua zen. Iñigo Perezek faltaz Calatayuden eskuetara bidali du 74garrenean, Munaini txartel horia atera diote, baita Joao eta Ramisi ere. Azken minutetan zurigorrien azken bi aldaketak, San Jose Herreraren ordez, atzean hiruko lerroa osatzeko, eta Susaetari gola baliogabetu diote 89garrenean Toquerori bere lekua utzi baino lehen.

Amaitzeko Muniainek beste abagune bat izan du, baina azkenean bi eta zerokoarekin konformatu behar, ez da uzta txarra, baina oraindik beste laurogeita hamar minutu falta dira finalerdietara heldu ahal izateko eta aurreko kanporaketan Mallorcak soberan erakutsi zuen gai dela desabantaila hori gainditzeko.