CD Mirandés - Athletic Club
Finalerdia
Kopa

CD Mirandés - Athletic Club

CD Mirandés
CD Mirandés
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 91' Lanbarri
  • Llorente 18'27'

KokapenaAnduva , Miranda de Ebro

Pauso ona eta etxean erabakiko da dena

CD Mirandesek 1-Athletic Clubek 2 Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Mirandes taldeari Kopako finalerdietako joaneko…

Athletic Club

CD Mirandesek 1-Athletic Clubek 2

Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Mirandes taldeari Kopako finalerdietako joaneko partidan. Llorentek gol biak lortu ditu eta Lanbarrik, luzapenean, etxekoena. emaitza ona datorren asteartean finalerako txartela San Mamesen eskuratzeko. Gaurkoa izan da etxetik kanpo hasitako kanporaketa guztien emaitzarik onena.

Baliteke partida amaitu ostean zapore mingotsa geratzea, etxekoen gola noiz heldu den kontuan hartuta edo golik jaso gabeko marka hautsi egin delako, baina Athletic Clubek kanporaketa bideratu du eta San Mamesen babespean guztiz erabakitzeko aukera guztiak bizirik mantentzen ditu, egun bere arerioa baino gehiago jakina

Zurigorriak nagusi izan dira lehen zatian eta etxekoak hobeto ibili dira bigarrenean eta aukerei erreparatuz emaitza justua izan daiteke, ñabardura txiki batekin, kanporaketan bakarrik parte hartuko zuen talde bakarreko ordezkariek, hau da Mirandesekoek, zelaian eta zelaitik at, den dena epaileari eskatzen zioten eta zurigorriek bat ere ez. Azkenean, irudiak lekuko dira, Llorentek lehen zatian eta Muniainek bigarren zatian egin dituzten golak baliozkotzat eman behar zituen epaileak baina ez da horrela gertatu.

Dena den, kalteak kalte, azken emaitza mugitu ezin denez, gogora dezagun nola gure taldea lehen zatian jaun eta jabe izan den, eta Mujikaren burukada altu bat kenduta, berdeek norgehiagoka goitik behera menderatu duten. Ordu erdirako Llorentek beste bi gol egina zeukan gure kamisetarekin ehungarreneraino iristeko. Lehena hemezortzigarren minutuan De Marcosen barneraldi azkarra buruz errematatuz eta bigarrena 27garrenean banako jokaldia eginez eta arrasean Nauzet gaindituz.

Horrekin batera De Marcosek aukera on bat izan du, baina ez du errepikatu lehen goleko erdiraketa eta Nauzetek igarri dio erdiraketa-jaurtiketa 36garrenean, eta Susaeta ez da heldu Iraolaren erdiraketa zitala errematatzea 43. minutuan.
Etxeko zaleak, gogotsu, etxean izan dituzten emaitza onak kontuan hartuta, ez zuen espero atsedenaldira galtzen joatea eta epaileari leporatzen zioten erru guztiak. Esan bezala, huts egitekotan Athleticek eraman du kalterik handiena, baina tira, beste berrogeita bost minutu falta ziren.

Hauetan zurigorriak txartelak ikusten hasi dira eta hainbat minututan horixe izan da albiste bakarra. Hori eta Pousok egin dituen aldaketak. Lanbarri Garroren ordez zelairatu da eta zelaia luzatzeko ahalmena irabazi du Mirandesek, oraingoz minik egin gabe, baina balantza alde eramanez. Martinezek ere txartela ikusi du Cesar-ek buruz kanpora errematatu baino lehen.

Borrell Alainen ordez zelairatu da eta Mujikak areaz kanpotik langa jo duen baloia bidali du 63garrenean. Athleticek ez zuen tokia modu iraunkorrean hartzen, baina hala ere min egiteko gaitasuna mantentzen zuen et horra hor Muniaini baliogabetu dioten gol argia edota Iraolaren saiakera ustela Nauzeten eskuetara. Jose Angel Munetaren ordez izan da hirugarren aldaketa eta Mirandesek ez zuen etsitzen, bere ezaugarririk argiena gaurkoan eta beharbada horregatik denboraldi honetan soilik lau partida galdu dute, bi Ligan eta bi Kopan.

Espero zen bezala, falta eta kornerretan talde bien artean aldea berdintzen zen eta horrelako batean Corralen jaurtiketari berebiziko erantzuna eman dio Iraizozek 74garrenean. Hortik gutxira David Lopezek Susaeta ordezkatu du. Lehiak norabide bakarra zeukan, etxekoen aldekoa, egoera estutasunik gabekoa bazen. Mujikaren burukada erraz harrapatu du Iraizozek Iñigo Perez Muniainen tokira sartu baino lehen. Honi, lehen David Lopezi gertatu zaion legez, irten eta gutxira txartel horia atera diote. Dena egina ei zegoen, baina ez, Lanbarrik baloi luzearen jarraipena ondo aprobetxatu du guztioi gogoratzeko finala gertu dagoela, baina oraindik eskuratu behar dela gure zaleen babespean eta gau magiko baten esperoan. Hala izan dadila.