Manchester United VS Athletic Club 8/3/2012 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/8

Manchester United2 : 3Athletic Club

Rooney23'
Rooney92'(p.)
Llorente44'
De Marcos72'
Muniain89'
Laburpen bideoa
Estadioa
Old Trafford
Herria
Manchester
Data
08/03/2012
Ordua
21:05
Data eta ordua
8/3/2012 - 21:05

Garaipen ikaragarria Old Trafforden

Manchester Unitedek 2 Athletic Clubek 3 Athletic Clubek bere historiako beste orri polit bat idatzi…

8 de mar. de 2012

Manchester Unitedek 2 Athletic Clubek 3

Athletic Clubek bere historiako beste orri polit bat idatzi du Old Trafforden Manchester United 2-3 irabaziz, lehendabiiko aldia Ingalaterran partida ofizialean. Llorentek, De Marcosek eta Muniainek egin dituzte gure golak eta Rooneyk bisitarienak, bigarrena penaltiz. Lehen pausoa final laurdenetan egoteko eman da, baina bigarrena, zailena jakina, falta zaigu leporaino egongo den San Mamesen hurrengo ostegunean. Bitartean igandean Iruñean, Ligako erronka berri bat zain daukagu.

Gure taldeak, hasieratik, joko erasokorra eta baloi jabetza proposatu ditu abiapuntutzat. Etxekoak aldiz, azken metroetako abiadura eta jokalarien kalitatea. Azkenean Athletic Clubek balentria egin du eta gorriak zur eta lur utzi ditu, 8.000 jarraitzaileen sostenguarekin. Ikuskizun borobila bezain eraginkorra, alde handiagoa eskuratzeko merezimenduak egin ditugun arren.

Llorentek lehiako lehendabiziko abagunea izan du bosgarrenean, baina jaurtiketa gutxigatik bada ere, kanpora joan da. Rooney izan da etxekoen erasoko protagonista eta hasieratik saiatu da arriskua sortzen urrutitik gora jaurtiz. Dena den are arriskua kontrako atean zegoen eta argia izan da oso Llorenteri egin dioten penaltia, hain argia epaileak aurkako falta seinalatu duela.

Partida irekia zen oso. Athleticek baloi gehiago zeukan, baina Unitedek kontraerasoan goiko gizonen kalitatea agerian uzten zuen ahal zuen bakoitzean. Halaz ere, bigarren aukera Susaetak izan du, baina haren jaurtiketa harrapatu du De Geak 21garrenean. Tamalez hurrengo minutuan Sir Alex Fergusonek nahi zuen bat eta zerokoa, edo behintzat haren aburuz konformatzeko modukoa zena, heldu da. Rooney golegilea izan da. Chicharitok jaurti du eta Iraizozen aldaratzea Rooneyk barrura bidali du erraztasun osoz.

Athleticek bereari eutsi dio, baloi jabetza izateari, batzuetan luze eta zabal, batez ere eskuinaldetik eta gainera Manchester United atzerapausoa eman du. Aukerak pilatzen hasi dira: 26garrenean Iraolak De Geak kornerrera bidali zezan jaurti du, 29garrenean Llorentek buruz langa gainetik errematatu du, 32. minutuan Herreraren baloi sakona Susaetak kontrolatu du, baina baloia De Gearen gainetik loratu duen arren ez du aterik aurkitu, aukera aparta izan da.

De Gea gero eta protagonistagoa bihurtu da, eta 35garrenean Iraolak ezkerrez jaurti du eta atezainak kornerrera desbideratu du. Azkenik, psikologikotzat hartzen den unean, 45garrenean, saria heldu da: Susaetak erdiratu du eta Llorentek banakoa ezarri du burukada bikainaren bitartez.

Kanporaketak beste itxura zeukan, baina bigarren zatiaren hasierak batzuetan beldurgarriak direnez gero… ezta pentsatu ere. Athleticek ametsa errealitatea bihurtu nahi zuen eta atsedenaldiaren osteko hasiera bikaina izan da, De Gearengatik izango ez balitz. De Marcosek altuegi jaurti du, 49garrenean Muniainek De Geari lana eman dio, 51garrenean Llorentek ezkerrez sareetako ezker aldera bidali du baloia dena alde ei zeukanean europar golegile zurigorririk onena bihurtzeko eta gauza bera gertatu zaio 55. Minutuan, baina kasu honetan De Geak geldiketa bikaina egin du.

Fergusonek aldaketak egiteari ekin dio. Lehena beharturik Smallingek buruan zeukan zauria berrireki baita. Carrickek bete du bere tokia. San Josek boleaz kanpora jaurti eta gero eta partidako lehen txartela ikusi baino lehen, Ji Sun Parken tokian Anderson sartu da. Athletic eroso zegoen emaitzarekin, baina gehiago nahi eta merezi zuen. Esaterako 67garrenean Muniainek jokaldi ona egin du Herrerarekin eta azken jaurtiketa De Geak salbatu du. Manchesterrek ez zuen arrisku nabarmenik sortzen, Iraizozek Chicharitoren oinetara irten behar izan duen arren.

Lan gehiago zegoen zale zurigorriak zeuden harmailen inguruan, etxeko zaleen harridurarako: 71garrenean Herreraren pasea De Marcosek ezkerrez sareetara gurutzatu du, baliteke jokoz kanpoko posizioan, baina 1-2koa markagailura igo da.
Nani Giggsen tokian zelairatu da eta Manchesterrek hainbat minututan ekimena bereganatu du, batez ere Rooney lerro artean egiten zuen lanari esker: 76garrenean kanpora jaurti du, 79 Roonyren jaurtiketa gogorra Iraizozek harrapatu du.

Bielsak Toquero Llorenteren ordez sartu du 80garrenean eta berehala martxan ipini da. Toqueroren jaurtiketa De Geak kornerrera bidali du. Kornerra ateratzeko Iñigo Perez Herreraren ordez kantxaratu da, baina nahiz eta norgehiagokaren dinamikak kontrakoa adierazi, asko gertatzeke zegoen. De Marcosek gogor astindu baloia azken minutan, De Geak motzean urrundu du eta Muniain inor baino azkarragoa izan da bat eta hirukoa egiteko. Final laurdenetan omen geunden, baina Unitedek duen dohainetako bat sen irabazlea denez gero, petrolioa atera dute Evraren erdiraketa baten ostean De Marcosek arean eskuz moztu duenean.
Penaltiak Rooneyk barrura bidali du eta kanporaketa alde dagoen arren, abantailarengatik eta itzulikoa San Mamesen delako, irekia dago oso.

Dena den, emaitza eta jokoaren gainetik, ez da izango bilbotarron harrokeria esatea zaila izango dela europar lehiaketa batean gaurko bezalako mobilizazioa ezagutzea final batetik at. Zaila izango ez dena, ezinezkoa baizik, gaur bezalako sostengua hasieratik amaieraraino ematea eta jasotzea. Zortzi mila lehoi Manchesterren eta ia 40.000 San Mamesen hurrengo ostegunean europar ametsa egia bihurtzen segitzeko.