Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 28
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
20
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 73' Williams
  • 85' Kodro

KokapenaSan Mamés , Bilbao

39.659 pertsona

Oso ondo Athletic!

Athletic Clubek 2-0 irabazi du Atletico Madrilen aurka San Mamesen.

undefined

Athletic Clubek 2-0 irabazi du Atletico Madrilen aurka San Mamesen. Iñaki Williamsek eta Kodrok egin dituzte gure taldearen golak.

Merezimendu osoz irabazitako partida, arratsalde borobila azken finean, lan eskergari saria eta, aldi berean, neurketa ondo irakurtzeari saria, Athleticek uneoro jakin izan baitu zer egin Ligako egungo bigarren sailkatua neutralizatzeko.

Lehen zatian oreka izan da nagusi, gure taldeak ekimena gehienetan eraman duen arren. Zirrikitu gutxi, borroka latza gune guztietan eta Ibairen hanketan egon dira abagunerik argienak, ezkerrez eta eskuinez, lehendabizikoa kanpora eta bigarrena Oblakek ezerezean utzi du.

Bigarren zatian, aldiz, Atleticok aurrerapausoa eman du. Ez zen zaila, lehen zatian gai izan bait gara gure atearen aurka jaurtiketarik gabe amaitzeko. Ez da marka makala Atletico Madrilen aurka edo, beste era batera esanda, seguru urteak eta urteak pasatu behar zirela koltxoigileek zati bat atera jaurti gabe amaitzeko.

Ondo eutsi diegu erasoei eta gure harmailek jada giro ederra erakusten bazuten, festa are eta handiagoa izan da Williamsek Cordobaren jaurtiketa-erdiraketa barrura bultzatu duenean. Lan ona Cordobarena baloia aurreko jokaldian lapurtzeko.
Zailena eginda, eroso defendatu du Athleticek eta aukerak sortzen segitu du taldeak. Lehen Williamsek gutxigatik kanpora jaurti du eta, goletik hamabi minutu pasa eta gero, zelairatu berria zen Kodrok Ibairen pasea aprobetxatu du Athleticekin estreinaldiko gola egiteko… prentsaurreko batean aurki izango zela “iragarri” zuen legez. Finean, urrezko hiru puntuak gure burua goruntz begira ipintzeko.

Hurrengo partida Gironan izango da martxoaren 29an. Lehia horretan ez da Yeray egongo, bosgarren txartel horia dela-eta. Kodrok bere lehendabiziko gola egiteaz aparte, beste datu aipagarri batzuk daude: Iago Herrerinek ehungarren partida egin du zuri-gorriz jantzita, Iñigo Lekue itzuli da berdegunetara haren lesioaren ostean. Bestalde, Peru Nolaskoainek eta Guruzetak Bilbao Athleticekin jokatuko dute Arenasen aurka asteburu honetan.