UD Ibiza-Eivissa VS Athletic Club 2021-1-21 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/16

UD Ibiza-Eivissa1 : 2Athletic Club

Javi Pérez12'
Raúl García52'
Nuñez91'
Laburpen bideoa
Estadioa
Can Misses
Herria
Eivissa
Data
21/01/2021
Ordua
19:00
Data eta ordua
2021-1-21 - 19:00

Markagailuari buelta final-zortzirenetan sartzeko

Athleticek garaipena lortu du Ibizan Nuñezek 91. minutuan sartutako golari esker, 1-2 irabazita

2021ko urt. 21a

Athletic Clubek Errege Kopako final-zortzirenetarako txartela eskuratu du UD Ibiza-Eivissa 1-2 mendean hartuta Raul Garcia eta Unai Nuñezen golei esker. Gol erabakigarria 91. minutuan iritsi zen, partida luzapenera joango zela zirudienean. Norgehiagoka oso zaila izan zen, aurkari handi baten aurka, baina lehoiak garaiz ahalegindu ziren txarto hasitakoa hobetzeko.

Marcelinok taldean aldaketak egin zituen Superkoparen ondoren. Atepean Ezkieta zelairatu zen. Can Misseseko belar artifizialeko zelaian, haize zakarrarekin, UD Ibizak zuri-gorriek atzeko lerroan egindako akats bat aprobetxatu zuen markagailuan aurrea hartzeko, 11. minutuan. Javi Perezen jaurtiketa gogorrak Athleticen atezaina gainditu zuen.

Etxekoek, ondo landuta, ez zuten zirrikitu handirik uzten. Sancet eta Villalibreren arteko jokaldi bat, gernikarrak kanpotik jaurtiketa batez amaituta; Vesgak areatik kanpo egindako ezkerkada bat; eta Morcilloren jaurtiketa estu bat Lekueren barneraldi on batean izan ziren lehoien lehen mehatxuak.

Atsedenaldia iritsi zen eta markagailuari buelta emateko beharra zegoen. Marcelinok Muniain eta Raul Garcia zelairatu zituen eta bien artean berdinketa eratu zuten berehala. Iker geldikako baloian bolada onean dagoela argi geratu zen: hark ateratako kornerrean Raulen buruan jarri zuen baloia banakoa egiteko. Hortik aurrera Athletic jaun eta jabe bihurtu zen norgehiagokan. Falta baten aukera izan zuen area ertzean baina Muniainek gora bidali zuen.
Hala ere, Ibizak ezusteko handia eman zuen Javi Lararen korner batean, Kike Lopezek sarera bidali baizuen. Hala ere, Gonzalez Fuertes epaileak jokaldia baliogabetu egin zuen, Sibok, jokoz kanpo, atezainaren ikusmena eragozten zuelako.

Abisu honen ondoren Athletic zuhur ibili zen. Geroago, Williamsek sarearen kanpoko aldetik jaurti zuen, baina Ezkietak meritu handiko geldiketa bat egin zuen Ekain Amorebietako jokalari ohiaren jaurtiketaren ondorioz. UD Ibiza presioa egiten ari zen, eta Athleticek markagailuari buelta emateko saria aurkitu zuen 91. minutuan, Nuñez atzelariak Lekueren erdiraketa sareetara bidaltzean. Munduko anbizio guztiarekin jarraitzen dugu Kopan.