- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2023-24
- Real Sociedad - Athletic Club
Real Sociedad - Athletic Club
- 30' Le Normand
- 48' Take
- 66' Oyarzabal
KokapenaReale Arena , Donostia
38.229 pertsona
Porrot mingarria Reale Arenan
Bi areatan irmotasunik ez izatea kaltetu dio Athletici, eta Errealaren aurkako kontrako emaitza gehiegizkoa izan da
Errealak irabazi du Reale Arenako derbia 3-0eko emaitzarekin, baina gehiegizkoa dirudi. Lehoiak zigortu ditu bi areatan irmotasunik ez izateak. Imanolen jokalariek bere abagune guztiak sartu dituzte eta zuri-gorriek ez dute asmatu gozatu dituzten bostetan. Aukera argiak izan dira.
Erreala kementsu sartu da partidara, espero zen bezala, baina Athleticek erasoari eutsi dio eta baloia gehiagotan izan du bere menpe. Tierneyren lesio goiztiarra iritsi da eta, inork ez duenean gola espero, etxekoak aurreratu dira Le Normanden erremate batekin, Braisen baloi gelditu batean. Jokaldi berean hiru lehoi egon dira baloia urruntzeko zorian.
Kolpearen ostean Athletic zutitu egin da eta pare bat gol aukera garbi izan ditu. Lehenengoa, Guruzetaren buruan, Yuriren erdiratzean.
Bigarrena are argiagoa izan da. Nico Williamsek, hamaikakora itzulita, baloi bikaina jarri dio area barruan anaiari, eta Iñakik ez du baloia ukitu zentimetro batzuengatik. Gero, lehoiek penaltia eskatu dute Guruzetaren jokaldi batean. Atsedenaldian aurrelari donostiarraren ordez Villalibre zelairatu da bere 26. urtebetetzean.
Bigarren zatiaren hasieran zorte txarrak jarraitu du. Iñakik berdinketa lortzeko aukera argia galdu ondoren, 2-0ekoa iritsi da kontraeraso batean Kubok sare barrura bidaliz.
Derbia maldan gora jarri da, baina lehoiek partidan sartzeko ahaleginetan jarraitu dute. Muniain, partida kopuruan zuri-gorrien historiako bigarrena jarri dena, Remiroren eskuineko hankarekin egin du topo, Iñakiren gol-pase bikainaren ondoren.
Dena pikutara joan da Athletic jokaldi batean zalantzati azaldu denean: Oyarzabalek Simon erregateatu du 3-0ekoa jartzeko. Beñat Pradosek aldea murrizteko aukera bat izan du, baina Remirok kornerrera desbideratzen asmatu du. Porrota gogorra da, baina hiru puntu dira eta ostiralean Almeriaren aurka suspertu beharra dago.