Athletic Club - Getafe CF
Jardunaldia 7
Liga

Athletic Club - Getafe CF

Athletic Club
Athletic Club
22
Getafe CF
Getafe CF
  • 6' Yuri
  • 62' Williams
  • Gastón 51'
  • Latasa 83'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

43.091 pertsona

Garaipenetik gertu, ezbeharrak gorabehera

Binako berdinketa, hiru puntuak lortzeko merituak egin arren, Sanceten kanporaketak baldintzatutako partidan

Ezinezkoa izan da. Athleticek San Mameseko bolada onari eustea merezi izan du, baina Getaferen aurkako bi goleko berdinketarekin konformatu behar izan da, atsedenaldiaren atarian Sanceti erakutsitako txartel gorriak baldintzatutako neurketan. Lehoiak 1-0 irabazten hasi dira Yuriren falta baten ondorioz, eta 2-1ekoaz ere garaipena poltsikoan izan dute 80. minutura arte, baina Latasaren burukada batek Iñaki Williamsen gol bikaina bertan behera utzi du. Pena izan da bi puntuk ihes egin izana, baina Valverderen taldeak meritu handia egin du partida galdu gabe amaitzeko.

Hamalau puntu sailkapenean, horixe da Anoetako derbiari aurre egin aurretik egin behar den irakurketa, Athletic laugarren postuan helduko baita. Hasieran dena alde jarri da Yuriren jaurtiketak David Soria ezustean harrapatu ondoren. Gero, De Marcosek jokaldi bat egin du eta Simonek taldea mantendu du Mayorali buruz burukoan irabazita. Bitartean, Joao Pinto One Club Man sariaren irabazleak, harmailetan gozatu du partidaz, lehenago berdegunean txalo zaparrada jaso ondoren. 

Athleticek bigarrena egiteko bi gol aukera garbi izan ditu atsedenaldira iritsi aurretik, biak Guruzetarenak; lehenengoan, Soriak gelditu du, eta bigarrenean, zutoinean jo du bere eskuinkada ederrak. Txartel gorria heldu da Sancetentzat joku arriskutsu baina ustekabeko batean. Epaileak erabakitasun handiz aldageletara bidali du.

Athleticek kolpea jaso duela agerikoa izan da, eta zoritxarrez Gastonek buruz berdindu du korner batean Iñakirengan baloia jo eta gero. 50. minutuan gertatu da eta San Mamesek taldea altxatu behar izan du. Eta 2-1ekoa jartzea lortu du, Yeray, De Marcos eta Iñaki Williamsen arteko jokaldi bikain baten ondoren, azken honek ezkerrarekin baloia sareratu ondoren. Bere laugarrena da. Zuri-gorriek nola edo hala eutsi nahi izan diote markagailuari baina berriz ere berdinketa heldu da Latasaren burukada baten ondorioz Carmonaren erdiraketa bikainari esker. Azken momentuan, Getafek denbora galdu nahi izan du eta Bordalasen kanporatzea iritsi da, neurketa modu txarrean amaitu delarik.