Valencia CF - Athletic Club
Jardunaldia 21
Liga

Valencia CF - Athletic Club

Valencia CF
Valencia CF
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 61' Hugo Duro

KokapenaCamp de Mestalla , València

45.344 pertsona

Athleticek bolada onari agur esan dio Mestallan

Hugo Duroren burukada batek partida parekatua erabaki du, Unai Gomezek berdintzeko aukera izan arren

Athleticek galdu gabeko hamalau partida ofizialeko boladari agur esan dio Mestallan, Hugo Duroren burukada baten ondorioz 1-0 kale egin ondoren. Partida parekatua izan da, oso aukera gutxikoa, eta berdinketa Unai Gomezek ezkerrarekin egindako jaurtiketa batean egon da, baina Mamardashvilik, geldialdi bikaina eginez, puntu bat lortzeko aukera zapuztu du.

Jakina zen Valentzia ez zela etsai erraza izango, San Mamesen erakutsi zuen bezala. Athletic ondo hasi da, nagusitasunez, aukerak sortzea zaila izan den arren. Baita etxekoentzat ere, kontraerasoetan mehatxatu badute ere. Athleticeko bi argienak Nico Williamsen botetan egon dira.
Valentziak, bere aldetik, atsedenaldira joan baino pixka bat lehenago izan ditu bere aukerak, Guillamonen eskuinkada eta Yaremchuken burukada baten ondorioz.

Athleticek erabakitasunez ekin dio bigarren zatiari. 0-1ekoa egiteko zorian egon da Herrera eta Lekueren arteko jokaldian, baina Sancetek ezkerrarekin kanpora gurutzatu du gutxigatik.

Hugo Durok, bigarren zutoinean kokatuta, burukada batez partida erabaki du Gayaren erdiraketa neurtua aprobetxatuz. Ordu erdi geratzen zen eta Unai Gomezen zelairatzeak arnasa ekarri die zuri-gorriei. Area barruan bi aldiz baloia hautsi du erabakitasunez; bigarrenean ezkerkada lehor bat jaurti du, baina ez da markagailura igo etxeko atezainaren gelditu bikainarengatik.

Barajaren jokalariek erritmoa apurtzen jakin dute, eta, hortaz, denboraldiko laugarren porrota iritsi da Ligako 21 partidatan. Ez dago kexatzeko astirik eta asteazkenean Bartzelonaren aurka maila ona ematea egokitu da ilusioz beteriko San Mames zelaian, non zaleen bertaratze errekorra egon liteken.