Real Zaragoza - Athletic Club
14. jardunaldia
Liga

Real Zaragoza - Athletic Club

Real Zaragoza
Real Zaragoza
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 91' Diogo
  • San José 61'
  • Susaeta 81'

KokapenaLa Romareda , Zaragoza

Zaragozak 1 Athletic Clubek 2: Sendo eta fin

Athletic Clubek Zaragozari 1-2 irabazi dio. San Josek eta Susaetak gure golak egin dituzte eta…

Athletic Club

Athletic Clubek Zaragozari 1-2 irabazi dio. San Josek eta Susaetak gure golak egin dituzte eta Diogok aragoiarrena. Guztiak bigarren zatian izan dira partida trabatu, gogor eta ondo landutaren ostean. Athletic talde sendoa bihurtzen ari da honekin lau dira jada Ligan etxetik at lortu diren garaipenak, eta arerioek zailtasunak dituzte abaguneak sortzeko, gainera zurigorriak ederto moldatzen ari dira eraginkorrak izateko eta, ostean, partidak ondo kontrolatzen dituzte. Werder Bremen eta Osasunaren aurkako lehiekin urteari agur esan baino lehen, ez dago batere txarto hogeita hiru puntu izatea, hau da, lasaitasun matematikaren erdia eta behekoekin aldea gero eta zabalagoa da. Santanderren gertatu zen moduan, irabazi eta gero, etxeko entrenatzailea bere kargutik kendu dute, nahiz eta oraingo honetan beste faktorek eragina izan duten.

Partida ondo hasi da zurigorrientzat, bigarren minutuan Gurpegik gola egin baitu, baina zoritxarrez baliogabetu diote, jokoz kanpo zegoen eta. Talde biak erasora irten dira, Zaragozak behartuago eta gure taldea lasaiago. Baloi bakoitza altxorra ei zen eta borroka latza ikusi da. Zazpigarrenen minutuan txartel horia Ayalari erakutsi diote eta jarraian Amorebietari. Alde horretako parekotasuna berehala apurtu da Iraolak eta gero Toquerok aurena ikusi ondoren.

Hamazazpi minutu baino ez dira pasa eta arriskua falta zen arren lehia osagai guztiak zituen: jende asko zale zurigorriak tartean, oihuak bertako presidentearen aurka eta entrenatzailearen alde, tentsioa, borroka… Zaragozak ekimena zeraman, baina sakontasunik gabe. Gure taldeari jokua sortzea asko kostatzen zitzaion eta kontraerasoetan Llorentek bitan behetik ez du erakutsi goitik zeukan atzelariekiko abantaila txikia. Hurrengo horia Ponziori 37. minutuan atera diote eta baloiarekin argitasunik ez zegoenez, lehen zatiko azken txanpan Zaragozaren minuturik onenak heldu dira zailtasunez bazen ere.

Gauzak horrela lehen zatiko arriskualdirik handiena 43. minutuan heldu da. Iraizoz irten da baloia ukabilez aldentzeko, Lafitarekin tupust egiten, eta nahaste borraste izugarria antolatu da eta hirutan Iraolak baloia atepetik urrundu du. Dena zabal zabalik geratu da bigarren zatiari begira.

Atsenalditik bueltan Etxeita Castillo mindutaren ordez irten da eta Zaragozan Ander Gabiren ordez, ezker aldean kokatu da eta Jorge Lopez euskarrira pasa da. Hasi eta berehala, dinamikari eusteko, beste txartel hori bat, Orbaizentzat kasu honetan.
Norgehiagokak orekatuta segitu du. Ordubetera arte. Muniain Llorenteren ordez zelaira sartu da eta ia hurrengo minutuan aldaratze bat hartu du arean, buelta erdia eman eta erdiraketa bikainak hortik zebilen San Josek buruz ezinobeto errematatu du zero eta batekoa eginez.

Hortik gutxira Toquerok lana ema dio Lopez Vallejori 65. minutan eta Arizmendik buruz bigarren zatiko abagunerik argiena izan du 66. Minutuan, baina Iraizozek baloia harrapatu du. Marcelinok, bere azken partidan, Ewerthon zelairatu du Pennant ordezkatzeko eta Arizmendi eskuinaldera pasa da. Gurean ere postu aldaketa egon da, Susaeta ezker hegalean kokatu da eta Muniain bigarren aurrelari bezala.

Zaragoza jo eta ke zebilen. Nahi eta ezin. Bururik gabe eta arearantz goitik bidaltzen zituen erdiraketak bisitariek erraztasunez aldaratzen zituzten. Athleticek bazekien erasoan nondik jo. Adibidez, 72. minutuan Susaetak Muniainekin kontraerasoan primeran irten da, baina azken pasean eta erdiraketan atzelariak azkarrago ibili dira. Segituan Iraolak ez du gutxigatik gauzatu Toqueroren erdiraketa eta bere errematea gutxigatik kanpora joan da. Erantzun saiakera Paredesen ezker hankatik heldu da, baina atzelari batek urrundu du.

Gurpil zoro honetan 81. minutuan San Josek hasitakoa eta Muniainek ederto eramandako kontraerasoa Susaetak ezkerrez zero eta bikoa bihurtu du. Partida jada erabakita zirudien, presidentearen kontrako oihuak eta athleticezaleen algara nagusi ziren bitartean. Gabilondok Toqueroren tokia hartu du eta Susaetak, lehen zatian Amorebietak legez, zikloko bosgarren txartela ikusi du. Minutuak aurrera zihoazen eta luzapenean, gutxien espero zenean Diogok ezkerrez urrutitik eta Martinezek zein Amorebietak desbideratu ostean bat eta bikoa ezarri du. Halaz ere, denborarik ez zegoen bolada on berri baten hasiera zapuzteko. Bildurra baldin bazegoen, taldeak erregulatasuna ere hartzen ari dela mahai gainean utzi du. Segi dezala.