Athletic Club - Real Madrid
Jardunaldia 18
Liga

Athletic Club - Real Madrid

Athletic Club
Athletic Club
10
Real Madrid
Real Madrid
  • 2' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Eraginkortasuna eta defentsan lan ikusgarria

Athletic Clubek 1 Real Madrilek 0 Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Madrili. Llorentek gola…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Real Madrilek 0

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Real Madrili. Llorentek gola lortu du bigarren minutuan, taldeak lehen minutuan bi baloi zutoinetara bidali eta gero. Ostean Real Madrilek aukerak izan ditu, hamahiru gutxi gorabehera, baina alferrik, defentsako lana eta atezainarena bikainak izan baitira. Jokalariak eta zaleak bide beretik ibili dira eta merezitako ospakizun erraldoiarekin amaitu da gaua. Hogeita hamar puntu jada sailkapenean eta lehen itzuli ona amaitzeko partida zaila geratzen zaigu, A Coruñan datorren larunbatean konkretuki. Okerrena Gurpegik txartel gorria ikusi duela eta ezin izango du bertan egon.

Zurigorri eta zurien arteko ohiko partida izan da, hau da norgehiagoka handietako giroa, tentsioa eta borroka latza zelaian, eztabaida epailearen lanaren inguruan, etxeko zaleen portaera bikaina eta azken denboraldiotako klasikoekin alderatuz, kanpoko zaleak armairutik ezin izan dutela irten izan da diferentzia bakarra.

Gure taldearen hasiera izugarria izan da. Lehen minutuan Llorenteren pasea Gurpegik ezkerrez zutoinera bidali du, aldaratzea Toquerorengana abiatu da eta aurrelariak, bakar bakarrik zela, zutoinaren aurka bidali du baloia. Su-etenik gabeko lehia zen eta zurigorriek ez dute tarterik izan penaturik egoteko, ia hurrengo jokaldian Yestek atera duen kornerra Lassek atzerantz ikutu du buruz eta Llorentek, buruz ere, bat eta zerokoa ezarri du. Arauzko beste laurogeita zortzi minutu zeuden aurretik eta miraritzat hartzen zena Athleticek lortu du, hau da, markagailuan zeukan abantailari eustea.

Aspaldian irakurrita daukagu Stajanov abizeneko gizon baten inguruko gorabeherak, edo zehazkiago esateko lanaren inguruan zeukan ikuspegiari buruzkoak. Ez dakigu gure jokalariak egin duten lana stajanovista izan dela, baina argi eta garbi esan daiteke azken uneraino zelai gainean dena utzi dutela, lanean buru belarri jardun dutela, atzeko lana ona izan dela, Iraizoz protagonista nagusia izanik, Iribar-en garaietan legez, baina gainerako hamahiru jokalariekin batera eta zaleen eskutik.
Alderik txarrena aipatzekotan, garaipen egunetan ere egon badago non hobetzerik, hainbat uneotako lasaitasun falta izan da. Ez da nahikoa defentsan ondo aritzea eta baloiak lapurtzea, ostean Athleticek abagunea izan du baloia hobeto kudeatzeko, edo denbora gehiagoz, eta ezin izan du edo ez du jakin eta horrek Real Madril bezalako talde baten aurka ahalegina biderkatzea suposatzen du.

Gainera, aurrean zegoen taldea, emaitza ikusita bitxia bada ere, ez zeukan inolako zerikusirik iazko denboraldian 2-5 irabazi zuenarekin. Oraingoa askozaz hobeagoa da, landuagoa, helduagoa, indartsuagoa eta bertikalagoa, baina gure taldea ere sendoagoa da eta gauzak argi eta garbi ditu eta hori lagungarri suertatzen da. Halaber epailearen lana ekarri dezakegu gogora. Gezurra badirudi ere Madrilen ez dute gehiegi gure taldeari buruz hitz egin, baizik eta Gonzalez Vazquez jada neguko txapelduna den FC Bartzelonaren aldeko lana egin omen zuela Bartzelona-Vila-real partidan. Arrazoi batengatik ala bestearengatik San Mameseko gehienek ez dute bere lana begi onez ikusi eta orojakileek esango dutena baino haratago, ziur gaude jada ezin dutela esan madrildarrak kaltetzeko lana egiten duenik.

Real Madrilek, behin kolpe hartuz gero, erasora jo du eta batez ere lehen zatian aukera franko sortu du, baina saririk gabe. Benzemak bolbora ipini du berdegunean eta Cristiano Ronaldok ikuskizuna, baina ez beti zentzutik onenean. Benzemak buelta erdia polita gauzatu du zazpigarren minutuan, baina Iraizozek bere gaua hauxe zela argi utzi dio, hamargarrenean bezala eta Iraizozen faltan, zutoina hor zegoen, 34. minutuan ikusi dugun moduan.

Lehen zatiko bisitarien beste lau aukeretan protagonistak bestelakoak izan dira. Ronaldok etzanda ere abantailak bilatzen duela erakutsi du 23. minutuan, baina Iraizozek, behartuta ere, eskua luzatu du. Lehen zatiko azken txanpan Marcelori eta Alonsori egin dien bezala. Azkenik, Garayk buruz kanpora errematatu du atsedenaldira abiatu baino lehen.

Lehen zati honetan nahi eta ezin zebilen Real Madril eta, arestian aipatu denez, zurigorrien akatsa baloi jabetzaren eskasia zen. Atzeko lana ondo egina zeukaten, baina ez horrenbeste Casillasen aterantz zuzentzen zena. Soilik, luzapenean jada, Llorenteren burukada behartua aipa dezakegu eta hori gutxiegi zen Real Madril kezkatuago mantentzeko. Hori bai, abantaila gozoa zen eta ez zen inork kontrakorik frogatzeko.

Bigarren zatiaren hasiera ez da lehena bezain elektrikoa izan eta Real Madrilek ezin izan du topatu lehen zatiko joku erasokorra egiteko zirrikiturik, hasieran ez behintzat. Lehen aukera Athleticarentzat izan da, baina Llorentek baloia dotore zapaldu eta gero, ez du jakin baloia nola errematatu. Ordubeterako Pellegrinik Guti sartu du Marceloren ordez barruko jokua indartu guran edo. Egia esan, helburua laster lortu du eta bi minututan Iraizozek Ronaldori banako jokaldia irabazi dio eta Gutiren falta jaurtiketa arrasean harrapatu dio.

Gurean Susaetak Orbaiz ordezkatu du. Sartu berria eskuin hegalean kokatu da eta Gurpegi euskarrian. Lehen berrogeitabost minutetan madrildarrek zazpi abagune sortu dute eta bigarrenean sei gehiago. Beraz, kopurura iristeko batzuk falta ziren ondino. Hurrengoa Kakaren txanda izan da. Lehen saiakera Iraizozek harrapatu du, bigarrena buelta erdian langa gainetik bota du eta hirugarrena kanpora, zutoinaren ondoan, bidali du, nahiz eta une horretarako harmailak sutan zeuzkan epaileak kornerra zela erabaki duen. Abagune bakoitzaren artean Pellegrinik aldaketa bana egin du, Granero Lassen ordez, egur gehiago, eta gero Raul Benzemaren ordez.

Caparrosek David Lopez Yesteren tokian sartu du, eta Susaetak eskuinaldetik ezkerra pasa da. Azkenik, Toquerok ia pausurik ematea ezinezkoa zuenez, De Marcos sartu da bere ordez eta luzapenarekin batera falta zen ordu laurdena ere emozioz beterikoa izan da. Athleticek baloi guztiak azkena balitz bezala jokatzen zituen bitartean, Real Madrilek baliabide guztiak ipintzen zituen, nahiz eta luzapenera heldu arte beste abagunerik sortu ez duen, kasu honetan Ronaldoren ezkerkadaren eskutik, baina ez da nolanahikoa izan Iraizozen erantzuna.

Hori gertatu baino lehen eta zale ia guztien poztasuna azaleratu aurretik, Llorenteren aukera desbideratu du Casillasek eta Llorenteri berari penalti garbia egin diote 90. minutuan, Ramosek Gurpegiren hanka zapaldu eta gero Gurpegiri gorria erakutsi baino lehen. Epaileak nafarraren falta izan dela eta, beraz txartela merezi izan duela deliberatu du. Zorionez azken abaguneak gauzatzea ez da beharrezkoa izan urrezko hiru puntuak eskuratzeko, urrezkoak sailkapenean duten esanahiarengatik, talde lana saritzen dutelako eta gure armekin milioez jositako (edo behintza gastatzeko aukera dutenak) taldeei aurre egiteko gai garela beste behin erakusten delako. Orain lortutakoa disfrutatu eta, ahal baldin bada, etxetik kanpoko hurrengo bi norgehiagoketan uzta handitu… hori bai 45 puntuak helmugatzat hartuta. Hortik aurrera, gero gerokoa.