- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2009-10
- Sevilla FC - Athletic Club
Sevilla FC - Athletic Club
KokapenaRamón Sánchez-Pizjuán , Sevilla
Sevillak 0 Athletic Clubek 0
Sevillak eta Athletic Clubek 0-0 berdindu dute Sanchez Pizjuan futbol zelaian. Athletic Clubek gehiago sufritu…
Sevillak eta Athletic Clubek 0-0 berdindu dute Sanchez Pizjuan futbol zelaian. Athletic Clubek gehiago sufritu du lehen zatian, baina bigarrenean askozaz hobeto ibili da eta aukerarik garbienak izan ditu, baina nahiz eta jokalari bat gehiago izan berdinketarekin konformatu beharko ea Valladoliden aurka jokatu eta gero goiko postuetan mantentzen garen, hau da, gaurko puntua ona bihurtzen den.
Errespetuz irten dira talde biak soropil bustira, baina kasualitatezko jokaldi batek, 4. minutuan, Sevillaren lehendabiziko eraso sorta piztu du. Acostak aldaratze bat bereganatu du zelai erdian eta Iraizozarengan zuzendu da, baina azken unean Iraolak aurrea hartu dio eta aldaratzea Perottik errematatu du, Iraizozek kornerra bidaliz.
Ia jarraian Kanoutek errematatu du buruz eta Iraizozek berriro ere kornerra bidali du. Okerrena pasatu ei da eta 13. minutuan De Marcosek Llorentek buruz egindako lagapena kontrolatzea lortu du, baina Palopek azken unean aurrea hartu dio.
Baina ez, okerrena ez da pasa. Partidako lehen horia Iraolari erakutsi diote denbora galtzeagatik (gero ez da irizpide bera erabili hainbat jokalditan) Ondorengo faltan, hamalaugarren minutua zen, Perottik ederto jaurti du eta Iraizozek izugarrizko geldiketa egin dio eta gauza bera Stankeviciusi 18. minutuan.
Orain bai lehia nolabait orekatu da. Athletic jipoi ederra hartzetik zetorren eta lehen uneotan lekua hartzea asko kostatu zaio, batez ere baloia azkarregi galtzen zuelako eta Sevilla bezalako talde batek edozein jokaldian min egiteko gaitasuna daukalako, eta horrek ere bere eragina izan du bigarren zatian, batez ere amaieran. Txartela eskuinaldetik ezkerrera pasa da eta Castillori atera diote baloia aldendu eta irrist egin ondoren. Hogeita hamargarren minutua zen eta Perotti eta Navas bezalako arerioekin ez zen lasai egoteko unerik, ezta egoerarik ere.
Aukerak, garbiak behintzat, partidaren mapatik desagertu dira. Gure aldetik soilik Javi Martinezen zartakoa, 38. minutuan, aipa dezakegu, baina erdilariak baloia horren indartsu astindu nahi zuen bere bolea area barrutik hegaletik irten dela.
Sevillak, bere aldetik, ez zeukan lehen uneotako presiorako indarra eta urrutitik, batez ere Romaric eta Navasen eskutik, saiatzearekin konformatu behar izan da. Atsedenaldira nobedade gehiegirik gabe heldu da. Bide erdia egina zen.
Hala eta guztiz ere, bigarren zatiaren hasierak andaluziarren uholde berri bat, askozaz laburragoa egia esan, ekarri digu eta 47. minutuan Renatok buruz kornerra errematatu du eta hor zegoen berriz ere Iraizoz.
Sustoa pasata, Athletic Cluben txanda heldu da. Hasteko 51. minutuan De Marcosen lasterketa bikaina ikusi dugu zelai erditik arearantz eta bere pasea atzera Iturraspek zetorren moduan errematatu du, baina Iraizozen txandaren ostean Palopena heldu ei da. Baina Iturraspek ez du burua makurtu eta ia hurrengo jokaldian Romaric ondo presionatu du, baloia lapurtu dio eta jada Palopen aurrean zela, falta egin dio, gutxigatik, baina areatik at. Epailea Sevillako jokalariari txartel gorria atera dio eta beste partida bat hasi da. Lasaiago zenbakien aldetik, baina behar bada are arriskutsuago gure atzeko lerroarentzat.
Gabilondok falta jaurti du, baina Palopek urrundu du eta dirudienez ez da lasai geratu, aldaratzea zetorkion moduan De Marcosek errematatu eta gero beste behin ere urrundu du eta. Gainera kontraerasoan Gabilondori horia atera diote.
Agi denez norgehiagoka zoratu da eta erritmo moteldu denerako Jimenezek jokalariak estrategia berrirako berrantolatu ditu: 55. minutuan Lolo Acostaren ordez zelairatu da eta 60. minutuan Capel Perottiren ordez. Euskarriak sendotu eta abiadura bilatu gure bi lateralen bigarren txarteletako bat lortze aldera. Gainera zaleek edozein faltarengatik txartel gorria eskatzen zuten, espero zenez beste aldetik, eta Iturraspe ozta ozta ibili da Navasi egin dion sarrerangatik. Gero Kanoutek ere horia ikusi du.
Badaezpada 65. minutuan David Lopez Iturrasperen ordez zelairatu da. Partida faserik erabakiorrenean sartu da eta Sevillak azken bultzada eman du. Adibidez 67. minutuan Stankeviciusen barnealdiaren osteko erdiraketa erdiraketa Amorebietak ia bere atean sartu du, baina Iraizozek kornerra desbideratzea lortu du, hortik gutxira Kanoutek buruz kanpora errematatu du.
Aitzitik, Athletic Clubek beste aukera garbi bat izan du, Llorentek 73. minutuan eskuinaldetik zetorren erdiraketa kontrolatu eta buelta erdian jaurti duenean, baina Palop hor zegoen ere. Dena den, jokaldi horretan aurrelariak atzetik zetorren Gabilondori baloia ematea aukerarik errezena zirudien.
Navasek buruz ere arriskua sortu du, 74. minutuan kanpora errematatu duenean. Une horretan Susaeta De Marcosen ordez sartu da eta Athleticek baloi jabetza nabarmen eskuratu du. Gure jokalariek behetik jokatu nahi zuten eta agindu hori indarrean nahi izateagatik Iraizozek txartel horia ikusi du.
Zurigorriek burua eta bihotzaren arteko dema izan dute, aurrera jo indar guztiekin ala bere burua babestu gaur puntuak urratzea zein garrantzitsua zen kontuan hartuta. Gainera 2005-2006 denboraldiko pasadizoa zegoen batzuren buruan, denboraldi hartan markagailuan banako berdinketa zela, 40. minutuaz geroztik Athletic jokalari bat gehiagoz jokatu zuen Dragoren egoztea dela-eta, baina 2-1 galdu zuen, gainera bigarren gola Kanoutek sartuta.
Lehoiek hainbat jokalditan ongi mugitu dute baloia, baina beharbada azken metroetan ausardia pixka bat faltan bota da. Susaetak 82. minutuan Palopen eskuetara jaurti du, baina ez da beste abagunerik sortu. Halaz ere, mugimendu gehiago egon dira aulkietan: Rodri Renatoren ordez zelairatu da 86. minutuan eta Iñigo Perez Gabilondoren ordez bi minutu beranduago. Eta Susaetak ere beste hori bat pilatzeko astia izan du.
Azkenean golik ez, puntu on bat gehiago, Europa distantzia berdinean dago eta beharbada inportanteena da, Sevillan aspaldiko partez esku hutsik itzultzen ginela gogoratzeaz gain, taldeak konfiantza berreskuratu duela Ligan azken txanpa indartsu bat egin ahal izateko. Ea igandean Valladoliden aurka zentzazio hori baieztatzen den.