- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2009-10
- CD Nacional de Madeira - Athletic Club
CD Nacional de Madeira - Athletic Club
- 62' Edgar (p.)
- Etxeberria (p.) 84'
KokapenaEstádio da Madeira , Funchal
CD Nacionalek 1 Athletic Clubek 1: Puntu batera
Athletic Clubek bana egin du Nacionalen aurka. Edgar-ek eta Etxeberriak egin dituzte partidaren golak, biak…
Athletic Clubek bana egin du Nacionalen aurka. Edgar-ek eta Etxeberriak egin dituzte partidaren golak, biak penaltiz. Berdinketari esker, sailkapeneko abantailari eusten dio Athleticek eta behin Vienan puntu bat lortuz gero, gure taldea UEFA Europa Leagueko final hamaseirenetan egongo da.
Honaino heltzeko irabazteko aukerak izan ditu Athleticek, baina galtzeko zorian ere egon da partida eroa izan baita, batez ere bigarren zatian, protagonista guztiak, era betara edo bestera, erotu direnean. Azkenik, zapore ona utzi du puntuak Austriak Bremenen galdu eta gero, eta zapore mingotsa Llorenteren lesioak, oraindik bere bilakaera zehaztu barik badago ere.
Hasieratik garaipenaren bila irten dira zurigorriak, baina San Mamesen lehen zatian gertatu zen legez, asko kostatu zaio taldeari norgehiagoka erritmoarekin jokatzea. Halaz ere, behartuago zegoen taldearen aurrean lehenh uneotan ekimena eramatan saiatu dira.
Laugarren saiakeran eta laugarren minutuan Gabilondok eskuinez atezainaren eskuetara errematatu du boleaz. Hamahirugarrenean Mateusek buruz egin du etxekoen lehen errematea. Partida, esan bezala, erritmorik gabekoa zen eta inor ez zen nagusitzen. Bakarrik Nacionalen zaleen danborren etengabeko soinuak “esna” mantentzen zuen Estadio da Madeiran bildu diren 4.500 zale inguru.
Bost minutu beranduago Mateusek Ustaritzi falta egin dio, bana jokuak aurrera segitu du eta azken unean arriskualdia salbatu da. Athleticek sakontasunik gabeko ekimena zeraman, baina Nacionalen armarik onena kontraerasoa denez gero, horrelako isolatu batean Rubenek aukera aparta izan du, bere ezkerkada gutxigatik kanpora abiatu den arren.
Hurrengo aukera, gutxienez, zurigorria izan da. Castillo urrutitik zartakoa bota du eta Bracalik ondo erantzun dio baloia langa gainetik kornerrera bidaliz. Are argiagoa, eta beharbada partidaren gakoa, izan da Llorenteren aukera. Gurpergik sakonean baloia sartu dio aurrelariari, atezainaren aurrean bakar bakarrik utziz, baina Llorentek Bracali engainatu duen arren baloia zutoinera jaurti du. Pena.
Gainera min hartuta zegoen eta 39. minutuan De Marcos bere tokian sartu da. Nacionalek bereari eutsi dio, hau da, joku geldoa eta abagunearen zain egon. Rubenek izan du lehen zatiko azken abagunea, baina Iraizozek baloia harrapatu du. Egoera gehiago okertzeko Ustaritzek ere min hartu du, baina zelaian segitzeko moduan egon da.
Bigarren zatian erosokorrago irten dira etxekoak, arbelan behintzat, beharra handiagoa zeukaten eta. Cleber eta Leandro irten dira Tomasevic eta Mateusen ordez. Pecnik apur bat aurrerago kokatuz eta etxekoek onerako nabaritu dute.
Gure taldeak, ordea, Llorenterik gabeko erara jokatu behar izan du eta baloia behetik ikutuz aukera paregabea sortu du 52 minutuan. David Lopez eta Etxeberriaren artean jokaldi polita egin dute, baina lehenaren errematea Bracalik desbideratu du. Ostean Diaz de Ceriok zelaietara itzuli da, baina dena hankaz gora jarri da berehala Iraizozek Pecniki penaltia egin dionean edo horrela izan dela behintzat esan dio ate atzeko laguntzaile batek epaileari eta hortik aurrera norgehiagoka zoratu da.
Gola egin du Edgardek, baina epaileak errepikatzeko agindua eman du. Bigarrenean asmatu baino lehen, egoera kafkianoa sortu da erabakiaren inguruan, une batez epaileak jaurtiketa ez zuzena seinalatu baitu… Athleticen alde! Berriro ere laguntzaileen laguntza ezinbestekoa bihurtu da eta Edgar-ek sartu du lehen gola 63. minutuan. Hortik aurrera komeriak hasi dira, Athleticek ez baitzuen biderik aurkitzen eta Nacional kontraerasoan inoiz baino erosoago zebilen eta.
Panorama argiago geratu da Nuno Pintori bigarren txartel horia atera diotenean, lehia amaitzeko hamaika minutu falta zirela eta unerarte ezagutu den zoramena biderkatu da ate bietan. Athletic nahi eta ezin zebilen, baina Diaz de Ceriori penaltia egin diote eta Etxeberriak banaketa ezarri du 85. minutuan.
Hurrengo jokaldian De Marcosek buruz izan du abagune paregabea, baina Bracaliren erantzuna ezinobea izan da. Bi minutu beranduago Diaz de Ceriok izan du aukera, eta berriro atezaina tartean sartu da erremate behartua desbideratzeko. Gure taldeak hiru puntuak nahi zituen eta berdinketa ona zela ahaztu du une batez, zoratzeko, beno, luzapeneko lau minutuz hobeto eta zehazkiago esateko. Tarte horretan eta bat gutxiagorekin Pecnikek (Iraizozek bularrez atera du) Edgar-ek buruz (Iraizozek harrapatu du) eta berriro ere Edgardek buruz kanpora errematatuz, gola egiteko aukera izan dute.
Azkenik, puntu bat bakoitzarentzat eta sailkapena bideratuta, Vienan puntu bat nahikoa izango baita final hamaseirenak jokatzeko. Eta jada, bueltan, Santanderrera, beste partida zaila, baina baita erakargarria ere.