Athletic Club - FC Barcelona
Jardunaldia 12
Liga

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
22
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 21' Ander Herrera
  • 79' Llorente
  • Fàbregas 23'
  • Messi 91'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Zapore gazi-gozoa partida bikaina egin arren

Athletic Clubek 2 FC Bartzelonak 2Athletic Clubek eta FC Bartzelonak bina berdindu dute San Mamesen….

Athletic Club

Athletic Clubek 2 FC Bartzelonak 2


Athletic Clubek eta FC Bartzelonak bina berdindu dute San Mamesen. Herrerak eta Llorentek egin dituzte gure taldearen golak eta Fabregasek eta Messik bisitariarenak. Teoriari jarraituz, puntu on bat munduko talde onenaren aurka eta hamargarren partida jarraian galdu gabe, puntu on bat partida ikusgarri batetan, jokoarengatik, grinarengatik, kalitatearengatik eta gurean bizitako giroarengatik baita ere, baina oraingoz behintzat zapore gazi-gozoa uzten diguna, behar bada Athletic Club bitan markagailuan aurretik ipini delako eta berdinketa azken uneotan, gutxien espero zenean heldu delako. Hori bai, baliteke datozen egunotan, lasaiago klubetako lehiaketen geldiune honetan, ikuspegi baikorragoa izatea eta egindakoari etekin gehiago ateratzea, nahiz puntuetan mugiezina den. Hori bai, Sevillan Amorebietak eta Iturraspek ezin izango dute jokatu, gaur ikusi dituzten txartelen ondorioz.

Guzti hori ahaztu barik norgehiagoka hasi baino lehen milaka izango zirela berdinketaren onurak goraipatuko zituztenak. Eta are gehiago Barçak partidari nola ekin dion ikusita. Athleticek goian presionatzen zuen, baina katalanek baloia betiko moduan zerabiltzaten eta bigarren minuturako Adrianok aukera on bat izan du, baina ia marra gainean Iraizozek harrapatu du. Hurrengo minutuak ere adierazgarriak izan dira, talde biek beren estiloei eutsi egin dietelako. Zurigorriek estu hartu nahi zituzten arerioak, eta bisitariek zailtasunak zituzten baloia atzetik ateratzeko, edo ohi baino zailtasun gehiago behintzat.

Ez zen aztia izan behar partida ikusgarria izango zela iragartzeko, etengabe ari zuen euriak lagunduta. Erritmo altua, baina ez zoramena, intentsitatea, baina ez baloi zozketa. Are gehiago esango genuke, gure jokalariek jokaldi batzuetan baloia galdu dituzte jokaldia gehiegi landu nahi izateagatik.

Eta Herrerak izan du lehen aukera 13garrenean, etorriko zen golaren iragarpena. Lehendabizikoan Herrerak harrapatu du baloia. Hemezortzigarrenean Iniestak areaz kanpotik kanpora jaurti du eta ia hurrengo jokaldian Susaetak Mascheranoren erorketaz baliatu da ezkerretik sakontzeko eta bere pase atzera Ander Herrerak, primeran baino hobeto, gaueko lehen gola lortu du.
Tamalez gorri-urdinen erreakzioa berehalakoa izan da. Lehen era entseatuan, 22garrenean, Alvesen falta jaurtiketaren ostean baloia urruntzeko Iraizozek hankak sartu behar izan dituenean eta jokaldi ikusgarrian gero, Abidalen erdiraketa Fabregasek buruz primeran ere sareetara errematatu duenean. Messik desbideraturik jaurti du 25. minutuan eta Iraizozek oinarekin Iniestaren saiakera ezerezean utzi duenean.

Horiek izan dira Barçaren unerik gozoenak, baina Athletic Club ez da kikildu eta hikaz berba egin dio arerioari. Lehen Muniain Valdesen aurrean geratu da Herreraren pase bikaina hartu ostean, baina ezkerkada ez da nahi bezain zehatza izan eta atezainak baloia bereganatu du. Xavik ere areaz kanpotik atetik at bidali du baloia eta 38garrenean Adrianok penaltia egin dio Iraolari, arean elastikotik tiratzea horrela kontsideratzen delako. Ez da erabakigarria izan epailearen lana, baina batez ere bigarren zatian zalantzazko falta gehiegi seinalatu dio gure taldeari eta nahi izanez gero, Barçakoentzat txartelaren bat gehiago erakuts zezakeen.

Bitartean horrela, dena erabakitzeke, talde biak aldageletara erretiratu dira. San Mameseko hezetasuna, euria eta sasi guztien gainetik, ikusleek dagoeneko partida merezi zuela argi zeukaten.

Talde biak nor baino nor ibili dira lehen zatian, eta horrela zelairatu dira aldageletatik bueltan, azken zati honetan soropilaren gune batzuetan etengabeko euri-jasen ondorioak nabaritzen hadi diren bitartean. Hori Javi Martinezi gertatu zaio 49garren minutuan, atzerantz egindako lagapena erdibidean geratu delako, baina Iniestaren baloi loratua Iraizozek harrapatu du. Hori baino lehen Iraizozek erdiraketa arriskutsu bat ere urrundu du.

Kontrako arean Herrerak penaltia eskatu du Mascheranorekin jauzi egin eta gero, baina argiago zirudien Iraolari egindakoa. Messik aukera izan du ordubetean, baina Iraizoz berriro fin ibili da. Guardiolak zelaian nahikoa ez bazuen ere, Alexis Xaviren ordez zelairatu du, Cesc Fabregas atzerantz mugituz.

Athleticek bereari, marka zorrotzak, desmarkeak nonnahi, jokaldi landuak gora heltzeko eta batzuetan ez zen konturatzen hainbat zonaldetan erokeria zela baloia kontrolaturik ateratzen saiatzea. Amorebietak txartela ikusi du, nahiko zorrotza Fabregasi baloia bizkarrean jartzegagatik, ez da ezer ez gertatu, minutu batzuk lehenago Adrianok eskuinez kanpora jaurti duenean bezala. Eta Adrianok berak Villari utzi dio lekua.

Athleticek jo eta su goian presioa egiten, Valdesen sakeak zehatzak izan ez zitezen. Eta presioaren ondorioz ia zelai erditik Mascheranok baloia kornerrera bidali behar izan du. Herrerak atera eta baloia golera sartu da Llorenteren belaunarekin errematatu eta Piqueren hankan ere jo eta gero. Zoramena harmailetan ere. Thiago zelairatzeko prest zegoen eta Pique bera aldageletara joan da.

Hamar minutu gehi luzapena partida amaitzeko eta balentria hor zegoen, edozeinek aurreko egunotan sinatuko zuena. Iniestak ezkerrez kanpora jaurti du 84garrenean, baloia azkar zebilen leku batetik bestera eta erlojua mantsoegi. Iñigo Perezek Susaetaren ordez zelairatu da eta Barçak ez du etsi: Villak Iraizozen eskuetara jaurti 85. Minutuan du eta bi beranduago Iraizozek oinarekin urrundu du aurrelariaren jaurtiketa. Ibai Muniainen ordez eta borroka latza zen.

Amorebietak 89. minutuan txartel gorria ikusi duenez gero, Llorentek bere tokia San Joseri laga dio, baina, luapenean, zale eta jokalari zurigorriek pozarren zeudela, zorigaiztoko jokaldian berdinketa heldu da: Iturraspek urrundu du baloia atezainak ia hartuta zeukanean. Martinezek motzean utzi du eta zelai erditik erdiraketa egin duen Messik berak baloia sareetara bidali du. Partida polita, ikusgarria, baina pena, zapore gazi-gozoa lorpen on baten ondorioz, guztion lorpena, taldea eta zaleena, epe ertainean, seguru, orain baino alaitasun gehiagorekin oroituko duguna. Oraingoz, sailkapenaren bederatzigarren postutik eta Ligako zazpigarren norgehiagoka erreskadan galdu barik, egia da gauzak, gutxienez, ezberdin ikusten direla.