Getafe CF - Athletic Club
Jardunaldia 18
Liga

Getafe CF - Athletic Club

Getafe CF
Getafe CF
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaColiseum Alfonso Pérez , Getafe

Berdinketa merezita izan da talde bientzat

Getafe CF-k 0 Athletic Clubek 0Athletic Clubek puntu bat urratu du Getafen Ligako partida husnako…

Athletic Club

Getafe CF-k 0 Athletic Clubek 0

Athletic Clubek puntu bat urratu du Getafen Ligako partida husnako berdinketarekin amaitu eta gero. Talde biek aukera garbiak izan dituzte, zehaztugabetasunez beteriko lehian. Ezin izan da zelai “madarikatuan” irabazi, baina jada dira bost partida berdinduta amaitu dela eta beste hirutan norgehiagoka galdu dela Alfonso Perezen. Liga albo batera utzita (sei lehia jarraian etxetik kanpo erreskadan galdu barik) bederatzigarren postuan, Kopa daukagu zain eta aurrera segitzeko Albacete baino gehiago izan beharko eguenean San Mamesen.

Getafe gehiago saiatu da, batez ere aldi bakoitzaren hasieran. Hirugarren minutuan Mikuk buruz Iraizoz berotu du eta jarraian Cata Diazek boleaz lekutara bidali du baloia. Askotan gertatzen den legez, gauzak azkar orekatu dira eta 12garren minutuan gure taldeak izugarrizko jokaldia egin du, baina hutsunea, azken bolada honetan ere ohikoa den bezala, bukaeran, errematean egon da. Zurigorrien areako ezkerraldetik erasoaren eskuinalderaino, arerioa baloia ikusi gabe, hormarena eginez, aurrera jokatuz, baina Iraolak azkarregi desbideraturik jaurti du.

Athletic Clubek ekimena bereganatu du, baina Getaferi ere gertatu zaion bezala, pase errazegiak galdu ditu, nagusitasuna ez du behar bezala irakurri eta etsaia bizirik mantendu dute. Aukerak desagertu egin dira. Zerbait aipatzekotan Riosen jaurtiketa bat arrasean desbideraturik hamazazpigarren minutuan eta gero, jada atsedenalditik gertu, Barradaren erdiraketa-jaurtiketa Iraizozek harrapatu duena eta Susaetaren jaurtiketa langa gainetik Casqueroren areaz kanpoko zartakoari gertatu zaion legez.

Bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean etxekoek berebiziko aukera izan dute partida alde ipintzeko, baina nagusitasuna ezin izan dute gola bihurtu. Rafarentzat izan da abagunerik argiena 52garren minutuan, baina baloiaz bete da eta langa gainetik jaurti du. Guiza gune arriskutsuetatik ibili da, baina 54garrenean De Marcosen ordez zelairatu den San Josek estu hartu dio bitan baloia azken unean kentzeko.

Toquerok izan du bigarren zatiko lehen abagune bisitaria, eta Moyak baloia harrapatu duen arren, presioa arindu da edo Athletic Club hobeto kokatu da zelaian. Llorente berdeguneetara itzuli da 65garren minutuan Toqueroren beraren ordez. Zero eta zero markagailuan, baina husnako berdinketa hauskorra zirudien azken txanpa honetan, talde biak aurrera begira baitzeuden eta espazioak agertzen ziren nonahi.

Guizak txilenez oso desbideraturik 66garrenean, lau minutu beranduago Iturrasperi gola baliogabetu diote Javi Martinezek lagapena jokoz kanpotik egin baitio, Mikuk buruz kanpora errematatu du eta Susaetak, baten faltan, bi aldiz topo egin du egurrarekin jokaldi berean! Iraolaren pase sakona jaso du, eta bortizki jaurti ondoren baloiak langan jo eta gero zutoinera joan da. Iraola ez zegoen jokoz kanpo 76. minutuan Herreraren pasea jasotzean eta aurreko zorte txarra ona bihurtu da 79garrenean Mikuk bakar bakarrik buruz korner bat langara errematatu duenean.

Abaguneak partekatu dira gero. Aurtenetxeren jaurtiketa Moyak bereganatu du eta Barradarena Iraizozek. Ibaik Muniainen tokia hartu du eta Castrok Guizarena, baina kornerrak, kontraerasoak eta falta jaurtiketak ez dira nahikorik izan Ligako lehendabiziko husnako berdinketa ekiditeko. Eta igandean, Koparen ostean, Levante, urteko errebelazioa San Mamesen egongo da.