Athletic Club VS Real Sociedad 2012-3-4 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
26. Jardunaldia

Athletic Club2 : 0Real Sociedad

Susaeta24'
Susaeta80'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
04/03/2012
Ordua
16:00
Data eta ordua
2012-3-4 - 16:00

Hiru puntuak eta gora begira

Athletic Clubek 2-Real Sociedadek 0 Athletic Clubek 2-0 gailendu zaio Realari eta laugarren dago sailkapenean,…

2012ko mar. 4a

Athletic Clubek 2-Real Sociedadek 0

Athletic Clubek 2-0 gailendu zaio Realari eta laugarren dago sailkapenean, asteleheneko Ligako partida jokatzeke dagoen arren. Susaetak gol biak egin ditu eta baloi bat langara bidali du. Zurigorriak nagusi izan dira lehen zatian, baina aldea motz geratu da. Bisitariak, aldiz, bigarren zatiko lehen hogei minutuetan hobeto ibili dira eta tarte horretan Velak baloia sareetara bidaltzea lortu du, baina epaileak lerroan zela erabaki du. Azken txapan etxekoak nagusitu dira berriro eta Susaetaren bigarren golarekin lasaitasuna heldu da eta hiru puntuak, aspaldiko partez gertatzen ari den bezala, etxean geratu dira. Orain bai, etxeko lanak egin eta gero, Manchesterrako bidaia guztion burmuinetan dago.

Partidak, derby batek merezi duenez, denetik izan du, emozioa, euria, eztabaida, joko gogorra batzuetan, erritmoa, joan-etorriak.. eta 2001etik hona San Mamesen jokatzen denean etxeko garaipena. Jakin badakigu joera inoiz alda daitekeela, baina bitartean bejondeigula!

Asteko gaiak Estatutuak, Manchesterrako sarrerak etab izan dira. Aurtengo denboraldiko Athletic ezagutzen ez dutenentzat zalantza zen gure jokalarien burmuina ez ote zen Ingalaterran egongo, eta erantzuna amaieran aurkitu dute: 2-0 eta gora begira, joerak finkatzeko balio izan duen emaitza. Irabazleak denboraldia ahalik eta goian amaitzeko eta galtzaileak urrun dagoen beheko zulotik at lasai bizitzeko.

Eta froga gisa lehen zatia. Orekatua lehen laurdena. San Joseren burukada ahularekin eta Muniainen pase sakona Susaetari, baina Bravo azkarrago ibili da. Minutuak aurrera joan ahala Athletic nagusitzen joan da, trantsizioak azkarrak ziren oso eta Realari asko kostatzen zitzaion Prieto eta Zurutuza luze bilatzen zuen baloia ez erabiltzea.

Are okerrago ipini zaie bisitariei 24garrenean Athleticek izugarrizko jokaldia behe-behetik egin duenean, eta Susaetak hasi eta bukatu egin duela. Bat eta zero, gol bat behin eta berriz ikusteko eta panorama zabalago. Erreakzionatzen saiatu da Reala, baina zailtasunak zituen konbinaketak egiteko. Xabi Prietoren falta jaurtiketa, kornerrera abiatu dena eta Griezmannek 36garren minutuan egin duen zartakoa, baina eskuinez tokatu zaionez, Iraizozek ez du arazorik izan blokatzeko.

Arazoak eta lana, aldiz, Bravori pilatu zaizkio atsedenaldira arte eta egoera okerrean ez da egon talde zuria eta urdina 33garrenean Zurutuzak merezimenduak egin baitu txartel gorri zuzena ikusteko Herrerari eginiko sarreraren ondorioz. Mateu horrela da, bigarren zatian ere erakutsi duenez, eta kanpotik ohiko arauak aplikatzea zaila da oso.

Susaetak eskuinkada bidali du faltaz langara 39garrenean, baloia atezainaren sorbaldan jo eta kornerrera joan da. Javi Martinezek boleaz, apur bat behartuta jaurti du 42garrenean eta Bravok harrapatu du. Eta amaitzeko hirurak bat izan du gure taldeak. Beste jokaldi ikusgarria izan da, De Marcosek eskuinaldetik zirrikitua topatu du eta bere erdiraketa Llorentek buruz errematatu ostean Bravok ahal izan duen moduan urrundu du, Muniainen errematea ere eta aldaratzea Susaetak ezkerrez aterantz bidali du baina atezaina fin ibili da.

Aitzitik, bigarren zatiaren hasiera guztiz kontrakoa izan da. Reala hobeto zelairatzeaz gain, lehen zatian erabili ez duen jokatzeko era erabili du, hasiera honetan behintzat. Eta baloia monopolizatu ondoren 47garrean Velak aldaratze batzuen ostean barrura bidali du. Iraizozek marra inguruan baloia bereganatu du eta soilik errepikapenak argitu du baloia barruan zela.

Epaileak zein laguntzaileak segitzeko agindua eman dute eta kontraerasoan De Marcosen jaurtiketa ez du errematatzailerik aurkitu arean lauzpabost kide zeuden arren. Tarte hori kenduta donostiarrak erosoagoak zeuden eta gure taldeak baloia berreskuratzen zuenean aise galtzen zuen. Vela izan da erasoko erreferentzia, 52garrenean arrasean kanpora jaurtiz eta 54garrenean Velaren ezkerkada Aurtenetxeren gorputzean jo du. Cadamurori gola baliogabetu diote ordubetean, jokoz kanpo zela eta hortik aurrera etxekoak erreakzionatzen jakin izan dute. Muniainen kontraerasoa kornerrera abiatu da eta hortik gutxira Toquerok Llorenteren tokia hartu du.

Amorebietak zalantzazko txartela hartu du eta gero Realekoek bigarren horia eskatu dute gure bigarren golaren atarikoetan. Iraolaren pasea De Marcosek langa gainetik errematatu du 64garrenean eta 70garrenean Muniainek ezin izan du errematatu eskuinetik zetorkion baloia.

Agirretxe zelaian zegoen jada Aranbururen ordez. Perezek Herrera ordezkatu du eta berehala Pardo Zurutuzaren ordez sartu da. Realak partida berdintzeko aukera izan du 75. minutuan, baina Agirretxeren jaurtiketa arrasean Iraizozek urrundu du eta aldaratzearen ondorengo errematea atezainak kornerrera bota du. Dena den, Athletic lasaiago zebilen eta are lasaiago geratu da Susaetak faltaz bigarrena maisuki egin duenen. Realak besoak jaitsi ditu, San Mameseko bere patua onartuz.

Orain bai, Manchester Uniteden aurkako erronka gogorra bezain erakargarria zain daukagu. Gozatzeko ordua da, batez ere hara hurbilduko diren milaka zaleentzat, baina final laurdenetan burua sartzeko aukera hor dago.