Athletic Club - FC Lokomotiv Moskva
Final hamaseirenak

Athletic Club - FC Lokomotiv Moskva

Athletic Club
Athletic Club
10
FC Lokomotiv Moskva
FC Lokomotiv Moskva
  • 62' Muniain

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Hurrengo geltokia: Old Trafford

Athletic Clubek 1-FC Lokomotivek 0 Athletic Club UEL-ko final zortzirenetan dago jada merezimendu osoz Moskuko…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-FC Lokomotivek 0

Athletic Club UEL-ko final zortzirenetan dago jada merezimendu osoz Moskuko Lokomotiv 1-0 mendean hartu ostean. Muniainek bat eta zerokoa sartu du 62garren minutuan, errusiarrek ia partida osoan antolatu duten defentsa behingoz gaindituz, gainera gure taldea jokalari bat gutxiagorekin zela. Zurigorriek 1994/1995 denboraldian azkenengoz lehiaketaren maila hau dastatu zuten Parmaren aurka Newcastle kanporatu ostean. Orain zozketak Manchesterrera eramaten gaitu, Old Traffordera hain zuzen ere, martxoaren 8an eta astebete beranduago San Mamesen jokatuko da. Bide batez, 1956/1597 denboraldiko hitzordua gogora ekartzeko abagunea izango dugu, garai hartan oraingo Txapeldunen Ligan, joaneko partida elurtua San Mamesen, eta final laurdenetan izan bazen ere. Dena den, beti diogun moduan, honek ez du gelditzerik eta oraintxe bertan,hau da, igandean, Vila-realen dugu hurrengo geltokia.

Nahiz eta ia lehen jokaldian Caicedoren ezkerkadak Iraizozen geldiketa behartu eta geroxeago jaurtiketa bortitza kanpora bidali, partida ez da izan bezperan saldu nahi izan ziguten bezala, alde batetik ez behintzat. Hau da, Lokomotivekoak bere burua defendatzera etorri dira, eskubide osoz, Athleticentzat horixe askozaz zailago izan zela irekita jokatzea baino. Horrek arriskua zeukan abantaila hain txikiarekin, gol bakar batekin zurigorriak kanporaketan aurretik ipintzen ziren eta. Eta halaxe gertatu da.

Gainera, gola heldu denerako zelaian jokalari bat gehiagorekin egon arren, erreakzionatu nahi izan dutenerako beranduegi izan da, orain arte, aurtengo denboraldiko europar lehiaketetan etxetik kanpo beti gola egin izan duen taldearentzat.

Athleticek ekimena bereganatu du, tarte batzuetan errusiarrek proposatzen zuten ika-miketan sartu den arren. Hala eta guztiz ere, lehen zatian ikusten genuena ez zen harritzekoa, ezta berria ere. Arerio atzean sendo, noizean behin kontraerasorako aukera emanez eta gure taldea zailtasunak pairatzen benetako arriskua sortzeko.

Iraolak seigarren minutuan kanpora errematatu du, baina zurigorriei asko kostatzen zitzaien taxuzko aukerak sortzea. Lokomotivek Caicedo aurrean uzten zuen ia bakar bakarrik eta gero armiarma sarea antolatuta zeukan Morientes jokalari ohiak telebistan “el Bilbao” esaten segitzen zuen bitartean. Toquerok oso desbideraturik jaurti du 9garrenean eta hortik gutxira, 11garrenean, Martinezek eskuinez langa gainetik korner bat errematatu du. Muniainek, bigunegi, Guilhermeren eskuetara jaurti du.

Hasierako uneak ziren, baina atezainak jada denbora galtzeko ahaleginak egiten zituen. Bisitarien txandan De Marcos ondo gurutzatu da hogeigarrenean, 22. minutuan Iraizozek baloia aldendu du eta 24garrenean gure atezaina areatik irten behar izan du baloia oinarekin urruntzeko.

Partida gogorra zen, batez ere kanpotarren aldetik, eta lehen txartel horia, espero zen bezala, gutako batek ikusi du, Iturraspek hain justu ere. Egia esateko, epaile poloniarra etxekoi zelairatu da, baina minutuak aurrera joan ahala erabakien norabidea pixkaka aldatzen joan da. Nahiz eta Zapater-i beste txartel bat erakutsi dion arren. Baloi jabetza nabarmen etxekoa bazen ere, jokoari dagokionez, norgehiagoka zaborrerako soilik baliogarriak ziren minutuak bizi izan ditu, etenaldiz beterik eta zaleak gero eta haserretuagoekin.

Athletic berpizten saiatu da, baina soilik estrategian aukera aurreikusten zen arearantz heltzeko. Horrelako batean atezainak Toqueroren burua topatu du baloi bila zihoala. Dena den, atsedenaldira arte dinamika berbera mantendu da, errusiarrak kobazuloan eta arriskua sortzeko gai zirela erakusteko asmoz aztarna txiki batzuk utziz.

Bigarren zatiari begira Bielsak eskema eraldatu du. Beno, eskema eta parte-hartzaileak. De Marcos, ezker hegalekotik zelai erdira itzuli da eta bere tokia Iñigo Perezek hartu du Iturraspe ordezkatuz; Toquero zelai erdiko erditik, Llorenteren bizkarrean, eskuin hegalera. Aldagelan geratu dena Susaeta izan da eta berdeguneratu dena San Jose. Sartu berria Amorebietarekin batera kokatu da, eta Javi Martinezek zelai erdian jokatu du, euskarri gisa.

Aldaketak aldaketa, zurigorrien hasiera hobeagoa izan da, Moskuko bigarren zatiaren hasiera ez errepikatzearren edo. Lokomotiventzat zezenak zirenak, minutuak pasa ahala, gero eta lehoiago bihurtu dira. Lehenengo eta behin arerioa are atzerago sartzeko eta gero, Amorebietari bigarren txartel horia erakutsi diotenean, bere nortasunari eusteko eta baloia bere atetik ahalik eta urrunen mantentzeko.

Amorebieta kaleratu arte ia ordu laurden bat pasa da eta, tarte horretan ere, falta bakoitza antzinako garaietan bezala ospatzen zen: 48garrenean Perezen erdiraketa onak area txikira errematatzailerik ez du aurkitu, 50garrenean Llorentek buruz kanpora errematatu du, indartsu; 53garrenean Toqueroren erdiraketa Llorentek errematatu du atezainaren eskuetara eta berehala Amorebietak eta Caicedok txartel hori bana ikusi dute. Zoritxarrez gure atzelaria lokartu da 59garrenean eta konturatu denerako aurrelaria zangotrabatu egin du eta epaileak bigarren horia eta gorria erakutsi dizkio. Ondo aterata.

Txartel gorria ikusita, errusiar zaleek txalotzen zuten, baina antzeko keinu nabarmenik egin dituzte jokalari errusiarrek. Etsipena? Denborarik ez. Gure Athletic horrela da eta dakiena egiten segitu du. Tarasovi txartela erakutsi ondoren, Herrerak aukera ona izan du ordubetean. Arrangurarako tarterik ez, Iñigo Perezek ezkerretik atera duen kornerra lehen zutoinean Llorentek errematatu du eta bigarrenean Muniainek barrura bidali du. Zoramena sarrera polita izan duen San Mamesen eta 28 minutu gehi luzapena amaierarako.

Sufrimendurako esan zitekeen, baina markagailuan aurrea hartuz gero, sufrimenduaren definizioa bestelakoa da. Couceirok automatikoki aldaketa bikoitza egin du, zeukan bolbora guztia mahai gainean ipiniz: Obinna eta Sychev sartuz Torbinsky eta Ozdoeven ordez. Athleticen Ekiza Herreraren ordez zelairatu da, De Marcos ezker hegalera pasa da eta Martinez atzetik berriro zelai erdia, non Llorentek ere laguntzen zuen.

Gol osteko lehen minutuak nahasiak izan dira eta Tarasovek protagonismoa hartu du. Hasieran onerako, behin kanpora eta beste behin gogor arrasean Iraizozen eskuetara jaurti duelako, 69garren minutua zen, eta jarraian epailearen mesedeen hartzailea bihurtu delako. Gutxienez bi aldiz, bi, merezimenduak egin ditu bigarren txartel horia jasotzeko. Lehendabiziko jokaldia, bultzakada bat zalantzagarria izan bada ere, bigarrenean, baloia argiro eskuarekin moztu duela, zirrikitu gutxi geratzen zen dutxetarako bidea ez hartzeko.

Ez da horrela gertatu, eta gainera beste erabaki batzuk, adibidez abantailaren legea “sui generis” aplikatzean, harmaila sutan ipini dute. Sasi guztien gainetik Athleticek ere egur gehiago labean sartu du zaleen sugarra pizturik mantentzeko. Llorentek 73garrenean kanpora jaurti du eta Athleticek ez zion uko egiten gora joateari, bat gutxiagorekin, ez dezagun ahaztu. Gainera, estiloak estilo, gai zen ere esferikoa behetik ateratzean baloi arriskutsuak galtzen. Minutuak nahi baino mantsoago pasatzen ziren eta amaitzeko hamar falta zirela, Da Costa Belyaeben ordez kantxaratu da, goitik duen ahalmena aprobetxatu guran, baina baloia gehiago zegoen euren zelaian geurean baino. Iñigo Perez gol olinpikoa egiteko gertu egon da eta Llorentek buruz kanpora errematatu du, baina aurtengo denboraldiko madarikazioa gainditzea falta zen, hots, luzapena eta bertan baloi garbi bat izan duten arren, helburua lortu da, final zortzirenetan sartzea eta bide batez sari bat Athleticeko partaide zein zale guztientzat, Manchester Uniteden aurka indarrak neurtzea.

Saria da bai, gurea bezalako talde gazte batentzat, etxe-txapelketatik at futbolaren Olinpoan agertzen direnen aurka jokatzea, noraino hel daiteke bistaratzeko, baina inork ez dezala pentsa gure taldea soilik turismo egitera joango denik.